Parot Doktrinaren baliogabetzearen osteko giroarekin lotu dute “Udazkenfest-en debekua”

Parot Doktrinaren baliogabetzearen osteko giroarekin lotu dute “Udazkenfest-en debekua”

Udazkenfest-en antolatzaileak baimen eza salatzenUdazkenfest jaialdiko antolatzaileek argi dute: “espazio publikoaren erabilera erraztu edota oztopatu egiten da interes politikoen arabera”. Zio horrekin ukatu du PPren Gasteizko Udal gobernuak ostegunean Zurbaoko kupulan egitekoa zen presoen senideekiko elkartasun gaua; azpimarratu dutenez, “ez orain dela hilabete batzuk, hiru egunen faltan baizik”. Udalaren txosten teknikoan, ostera, zazpi arrazoi tekniko idatzi dituzte kontzertua bertan behera uztea eskatzeko. 

“Ulertezintasuna, ezintasuna eta amorrua” piztu ziren atzo eguerdian Udazkenfest-en antolatzaileen artean. Atzo ZuZeuk jakinarazi zuen bezala, ordurako suhiltzaile eta udaltzaingoarekin dena hitzartua zegoen, kontratuak sinatuak, eskariak eginak, garbiketa udal zerbitzuekin hitzartua, autobusak ere lotuta… eta muntaia gaur hastekoak ziren. Baina, Gasteizko Udalaren Ingurugiro eta Espazio publikorako sailak  jaialdirako baimena ukatu die. Gainera, muntaia hastekotan Ertzaintza hori galaraztera bidaliko zutela esan zieten udaletik. Baimena ukatzeko zazpi arrazoi eman dizkie antolatzaileei orri batean idatzita. ZuZeuk eskuratu du txostena.

eskaria

 

Argudioen artean nabarmentzekoa da lerro gehien hartzen dituen arrazoia: “ez dago interes publikoko arrazoirik erabilera orokorra ukatzeko eskaera egin duen elkartearen alde”. Zurbaoko kupula hiriaren periferian dagoen heinean ez du inoiz inolako erabilerarik izaten, are gutxiago gau horretan. Horrez gain, elkarteen herri ekimena pribatua dela argudiatu du Udalak eta diru etekina justifikatuko duen interes publikorik ez dagoela esan du. “Arabatakadan eta Azkena Rock Festivalean udal eta antolatzaileen arteko hitzarmena egin da”, diote.

Zaratak bi ordu baino gehiago ere iraungo zuela argudiatu dute. Udal araudia urratuko luke ondorioz. Ez dute kontuan hartu hurbilen dauden etxebizitzak kilometro batera daudela, Gasteizko Betoño auzoan. Azken arrazoi gisa, segurtasuna bolondresen esku uztea ezinezkoa dela azaldu diete antolatzaileei, nahiz eta modu horretan hamaika aldiz antolatu diren, Arabatakadan adibidez. Zorrotz jokatu dute malgu beharrean. Salbuespenik ez da oraingoan izan, beste batzuetan bezala. “Udaletxeak argi utzi nahi du baimen eza arrazoi teknikoen ondorioa dela oso-osorik, eta ez inolako arrazoi politikoengatik”, argi esan nahi izan dute antolatzaileen bertsioaren berri izan dutenean.

Sinisgaitz dira bestaldean. Udazkenfest-en antolatzaileek uste dute emandako arrazoiak “guztiz zentzugabeak” direla. “Ez gara luzatuko Gasteizen baldintza berdintsuetan egin diren jaialdi eta ikuskizunen zerrenda egiten”, esan dute prentsaurrean irakurritako oharrean, “argi dugu erabaki politikoa dela”. Presoen senide eta lagunek dispertsioaren erruz bizi duten “odoluste ekonomikoa” arintzeko ekimena zen Udazkenfest.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot Doktrinaren baliogabetze ondotik Espainian harrotu den giro gaiztoak bultzatu du Maroto erabakia hartzera, Haizea Rodriguez antolatzaileetako batek iradoki duenez. “Marotok ezin du onartu bere hirian dispertsioaren aurkako jaialdi batean milaka lagun biltzea”, adierazi dute oharrean. Azaldu dutenez, hitzez dena lotuta zuten uda aurretik eta normalean arazorik gabe betetzen diren tramiteak besterik ez ziren falta. Dagoeneko milaka sarrera salduak zituzten, eta 7.000 lagun espero zituzten.

Debekuaren aurrean tamainako erantzuna egiteko deia luzatu dute. Hala, urriaren 31n 19:30ean Bilbo plazatik “manifestibala” abiatuko da. Manifestazio berezia izango dela esan dute, “sorpresekin”. Amaiera Gasteizko Gaztetxean izango du, eta Zurbaon jotzekoa zen talderen bat izango da bertan. Oraindik ez da zehaztu nortzuk izango diren. Sarreren dirua itzultzeko pultserekin eroslekuetara joan beharko da. Saretik erosi dutenek, aldiz, e-posta bat jasoko dute egin beharrekoarekin.

Aurrera begira Udazkenfest beste egun batean ospatuko dela agindu dute.

Parot Doktrinaren baliogabetzearen osteko giroarekin lotu dute “Udazkenfest-en debekua”

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra