Elhuyar Hiztegiaren laugarren edizioa eta Elhuyar Hiztegiak webgune berria aurkeztu ditugu

Elhuyar-hiztegia-aurkezpenaElhuyar euskara-gaztelania/castellano-vasco hiru hiztegien edizio berriak eta Elhuyar Hiztegiak webgunea aurkeztu genituen atzo  Bilboko Bidebarrietako Liburutegi Nagusian. Leire Cancio Elhuyar Taldeko zuzendari nagusiak eta Antton Gurrutxaga hiztegien zuzendari teknikoak eman zituzten hiztegien inguruko xehetasun guztiak.

Hiru hiztegi hauen edizio berriak argitaratu dira: Elhuyar Hiztegia (91.000 sarrera), Elhuyar Hiztegi Txikia (43.000 sarrera) eta Elhuyar Oinarrizko Hiztegia (36.700 sarrera). Elhuyar Hiztegiaren 4. edizioa da. 1. edizioa 1996an argitaratu zen, eta oraingoaren aurrekoa, 2006an. Edizio berri hauek azken urteotan euskararen zein gaztelaniaren lexikoan izan diren berrikuntzak jasotzen dituzte. Besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren 2013ko bertsioaren arabera eguneratu dira, gaztelaniazko edukiak berariazko arretaz emendatu dira, espezialitate-arloetako bi hizkuntzetako lexikoa berritu da, hiztegiaren barne-koherentzia handitu da, eta beste hainbat hobekuntza eta zuzenketa ere egin dira.

Bestetik, Elhuyar Hiztegiak izeneko webgune berria ere erakutsi ge

nuen.  Webguneak, Elhuyar Hiztegiaren azken edizioa osorik kontsultatzeko aukera emateaz gain, Elhuyarren gainerako hiztegi elebidunak ere biltzen ditu: Elhuyar dictionary/hiztegia (eu-en/en-eu) eta Dictionnaire Elhuyar Hiztegia (eu-fr/fr-eu). Webgune berriak berrikuntza ugari dakartza berekin. Bilaketa-aukera berriak eskaintzen ditu, hala nola hitz bat zein sarreraren ordain edo itzulpentzat eman den, eta zein adibidetan erabili den. Sarrera baten ordainek esteka zuzena dute hiztegiaren beste atalean dagokien sarrerara joateko. Sarreraren ahoskera ere entzun daiteke. Interfazearen diseinua ere erabat berritu da. Azkenik, Antton Gurrutxagak esan du “webguneko hiztegiak aldi oro eguneratuta edukitzeko lana” egingo duela Elhuyarrek, eta “erabiltzaileek proposatutako hitzak ere landuko” direla.

“Hiztegigintzari eusteko apustua egin dugu Elhuyarren, eta 2012an 20 milioi hiztegi-kontsulta izan genituela ikusita, are gehiago”, adierazi du Leire Canciok aurkezpen-ekitaldian. Horregatik, hiztegigintzan bide berri bati urratzeari ekin dio Elhuyarrek, eta, doako hiztegi-kontsultaz gain, gune aurreratu bat ere eskaintzen du, Elhuyar Hiztegiaren edo Elhuyar Hiztegi Txikiaren edizio berria erosten dutenentzat.

Elhuyar Hiztegiak webgunearen gune aurreratua
Gune aurreratuak eduki eta zerbitzu berriak eskaintzen dizkie aipatutako bi hiztegietako bat erosten dutenei. Horretarako, liburuak dakarren kodearen bidez erregistratu behar da gunean. Hauek dira eduki eta zerbitzu nagusiak: Android gailu mugikorretarako euskara-gaztelania/castellano-vasco hiztegia doan; Kindle irakurgailuetarako euskara-gaztelania hiztegia doan; hitzei buruzko ohar osagarriak; sarrera baten ordainen adibideak Elhuyarren Web-corpusen Atariko corpus elebidunean zuzenean ikusteko esteka; euskaraz idazteko laguntza-moduluez osatutako gramatika-atala; hizkuntza-kontsultak egiteko aukera; norberaren hitz gogokoen zerrenda osatzeko aukera, bilaketen historia… Aurrerantzean, zerbitzu eta eskaintza berriez osatuko da gune aurreratua, eta, oraingoz aipatutako bi hiztegietako bat erosten dutenentzat bakarrik bada ere, etorkizunean harpidetza ere eskaintzeko asmoa dago.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.