Khalida Jarrarri elkarrizketa

Khalida Jarrar, Palestinako Askapenarako Herri Frontearen (PAHF) kidea, Palestinako Kontseilu Legegilean diputatua, eta Palestinako Kontseilu Legegilearen Presoekiko Komitearen presidentea.
Khalida Jarrar, Palestinako Askapenarako Herri Frontearen (PAHF) kidea, Palestinako Kontseilu Legegilean diputatua, eta Palestinako Kontseilu Legegilearen Presoekiko Komitearen presidentea.

Khalida Jarrar, Palestinako Askapenarako Herri Frontearen (PAHF) kidea, Palestinako Kontseilu Legegilean diputatua, eta Palestinako Kontseilu Legegilearen Presoekiko Komitearen presidentea.

Palestinan dagoen Askapenaren brigadak Khalida Jarrar, Palestinako Askapenarako Herri Frontearen kidea eta Palestinako Kontseilu Legegilearen diputatua, elkarrizketatzeko aukera izan du.

Khalida Jarrarri elkarrizketa

Gaur 8-n argitaratutako elkarrizketa

Elkarrizketan zehar herri palestinarraren egungo egoeraren eta okupazio sionistaren aurkako borrokaren alderdi batzuk azaldu ditu. Horretaz gain, Khalidak aprobetxatu du elkarrizketa Israelgo espetxe batean dagoen Ahmad Sa’adat-en, PAHFeko Idazkari Nagusiaren, partez elkartasun agurra Euskal Herriari helarazteko.

-Zeintzuk dira PAHF-en gaur egungo lehentasunak herri palestinarraren askapen-prozesuan?

-Lehenik eta behin, okupazioaren aurkako borroka, kanporatutako palestinarren bueltatzeko eskubidea eta autodeterminazioa, eta nola ez, palestinar herriaren barne batasuna ere.

-Nola labur daiteke Palestinako ezker alderdien egungo egoera?

-Saiatzen ari gara Palestinako ezker alderdien arteko koalizio bat sortzen. Momentuz ez badugu xede hori lortu ere, alderdien arteko koordinazioa hobetzeko aukera izan dugu.. Adibidez, azken udal hauteskundeetan antolaketa arrakastatsua izan zen herri gehienetan. Era berean, herri mugimenduan ere barne batasuna lortzea espero dugu.

-Zein ondorio izan dezake Palestinako egoeran inperialismoa Mendebalde Erdian (Siria, Egipto, Libano…) burutzen ari den erasoak?

-Argi dago ofentsiba honek Palestinan eragina duela, inperialismoa zonaldeko estatuak zatitzen ari delako, eta esku-sartze honek jarraitzen du interes ekonomiko eta militarrengatik. Estatu Batuek sostengatzen dute guztiz Israel eta bere okupazioa, eta beren nahia Israelen segurtasuna bermatzea da.
Beraz, gure ustetan, inperialismoaren programaren aurka beste programa bat garatu behar da, Ekialde Hurbilean, herri arabiarretan eta, bereziki, Palestinan.

-Nola deskriba daiteke zuen jarrera Hamas eta Fatah-rekiko?

-Hamas eta Fatah erabat bananduta daude eta horrek guztian du eragina. Ezkerretik, uste dugu barne batasuna egon behar duela palestinarren artean. Hori da kontu bat.
Beste alde batetik, ezkerrak badauka programa bat eskuin politikotik eta eskuin erlijiosotik ezberdina dena. Bai Fatah-k eta bai Hamas-ek kapitalismoa ordezkatzen dute eta arlo ekonomikoan ez dute inongon desberdintasunik.
Arlo sozialari dagokionez, emakumearen berdintasunean, pertsonen parekidetasunean eta haien askatasun eta bakerako eskubidean biek jokatzen dute oker. Beraz, denok okupazioa pairatzen dugun heinean, gutxienez banaketa horren amaiera lortzea litzateke gure nahia, baina hortik aurrera desberdintasun handiak ditugu.

-Zer nolako legitimazio eta ordezkaritza maila du Palestinako Autoritate Nazionalak (PAN)? Palestinarren beharrei erantzuten die?

-Palestinarrak Gaza eta Zisjordaniatik haratago bizi direla jakinda, hau da, errefuxiatuak eta 1948an Israelek okupatutako lurraldeetan bizi direnak, PAN-ak guztiak ez dituela ordezkatzen esan dezakegu. Guk uste dugu palestinar guztiak ordezkatzen dituen erakundea Palestinako Askapenerako Erakundea (PAE-OLP) dela, baina PAEak aldatzeko beharra du. Horretaz gain, Palestinako Kontseilu Nazionalerako hauteskundeak egitea ere beharrezkoa da, palestinar guztiak ordezkatzen dituena.
Beraz, PANekin arazo bat daukagu, PNA Osloko tratatuekin lotura izateak sortzen ditu arazoak. Lotura hau amaitu beharko lukeela pentsatzen dugu, okupazioarekin amaitzeko eta gure askatasuna lortzeko bidean.

-Zein da zure iritzia PAN eta Israeleko Gobernuaren artean berriki hasi diren negozioazioen inguruan?

-Gu negoziazioetara bueltatzearen aurkakoak gara, 20 urteetan zehar frogatuta geratu baita negoziazio horiek Palestinar herriaren aurkakoak direla. Duela bi aste Palestinar Poliziak manifestazio jendetsu bat erasotu zuen eta 10 pertsona zauritu zuen. Gure ustez negoziazioek aurrera egiteak okupazioaren eta kolonien hedatzeak ekarriko du besterik ez.

Presoei dagokienez, 2005-2006an jasotako idatzi bat dago, zeinak negoziazioetara ez bueltatzeko gomendioa egiten duen; eta beste bat 2007koa non, zenbait preso askatu beharko liratekela jasotzen den. Lotsagarria da Osloko akordioak baino lehenago atxilotutako presoak egoera berean jarraitzea. Hauek berehala askatuak izan beharko lirateke, negoziazioei ekin gabe ere.

-Zein jarrera dauka zure alderdiak BDS (Boycot, Desinvestments and Sanctions) kanpainarekiko? Zein da ematen diozuen balioa?

-Nire ustez oso mugimendu garrantzitsua da eta, negoziazioetara joan baino, hura indartu beharko litzateke. Israelen aurka egiteko eta Nazioarteko Auzitegi Penaletan haien erantzukizuna eskatzeko bidea da. BDS kanpaina mundu mailan hedatu behar da, palestinarrek eta mundu osoko nazioartekoek erabil dezaketen tresna bat delako. Eta Israelen eragina izaten ari da.

-Emakumearen egoerarekiko zeintzuk dira Palestinan eman diren aurrerapauso sozial eta politiko nagusiak? Eta zeintzuk dira landu beharreko arloak?

-Palestinar emakumeen egoera bakarra da, izan ere, gizonezkoek bezala okupazio egoera bat pairatzen dugu; hau da, bi borroka ditugu, emakume borroka eta borroka nazionala. Emakume Palestinarrek, munduko gainontzeko emakumeek bezala, beren eskubideengatik borrokatu behar dute oraindik badaudelako eman beharreko pausu asko. Adibidez, lege mailan parekidetasuna jasotzen bada ere, praktikan emakumearen aurka diskriminazioak bere horretan dirau. Hortaz, palestinar borrokarekin batera garatu beharreko borroka dela sinesten dugu. Hartara, emakume palestinarren mugimendua erraldoia da, antolakunde eta sindikatu desberdinek osatuta, baina, bateratu behar da oraindik.

Beharrezkoak diren aurrerapausoei dagokienez, programa zehatz  baten beharra dago. Plangintza horrek argia izan beharko luke eta talde progresista zein politiko eta gizonezkoekin bateratu behar dugu, danok borrokatu behar dugulako elkarrekin emakumezkoen eskubideen alde.

Aurrerapauso garrantzitsu bat kuota deiturikoa litzateke. Palestinar emakumeok kuota bat dugu jendartean. Noski kuota parekidetasun lortzeko bide bat dela, baina ez erabat. Ezinbestekoa da ere emakumeak gatibuak direla pentsarazten dieten ideia kontserbadoreetatik aldentzea. Emakumeok iraultza bat burutu beharko genuke. Iraultza baten beharra dugu zentzu horretan.

-Ahmad Sa’adat, zuen alderdiko idazkari nagusia, kartzelan dago. Nolakoa da bere egungo egoera?

-Bai, kartzelan dago eta 30 urteetara kondenapean. Palestinaren Askapenarekiko Herri Frontearen idazkari nagusia da, baita legebiltzarreko kidea ere. Badaude beste 17 legebiltzar kide ere Israelgo presondegietan. Saadat isolatuta izan zuten denbora luzez baina berarekin zeuden presoak gose-greba bati ekin zioten eta lortu zuten isolamendutik ateratzea. Bere osasuna ona da momentu honetan baina bere familiak ezin du oraindik bera bisitatu, bere emaztea eta bere semeetako baten salbuespenarekin. Adibidez, bere alabak ezin du bisitatu.

Batzuetan kartzelariak saitzen dira bera kanpoko mundutik isolatzen, Sa’adat beti mezuak helarazten saiatzen ari delako, palestinarren batasunaren alde, presoen askapenaren alde eta okupazioaren amaieraren alde. Guretzako noski, herriaren askatasunaren aldeko borrokalari bat den heinean, Sa’adat eta gainontzeko presoak askatzeko borrokan jarraituko dugu.

Bide batez, agurrak bidali nahi diot Euskal Herriari Ahmad Sa’adat-en partez, berak egiten duen bezala posible duen bakoitzean.

-Elkarrizketa bukatzeko, zein mezu  bidaliko zenioke Euskal Herriari?

-Palestinarrak eta euskaldunak oso gertu gaudela sentitu dugu beti, munduko herri guztiek autodeterminazioaren alde Euskal Herriak daraman borroka sostengatzen dutela sinesten dugu.

Herri guztien borroka baten alde egiten dugu guk; mundu osoko askapen nazionalerako mugimenduek elkarlanean aritzea da inperialismoaren aurka borrokatzeko daukagun baliabideetako bat. Beraz, espero dugu Euskal Herriaren nahiak gauzatzea, zuen herriaren eskubideen alde borrokatzen ari zaretelako eta zuen borrokarekin bat gatozelako, baita mundo osoko herrien autodeterminazio nahiekin ere. Azken finean, nazioarteko borroka bat da gurea.