Bobby Bare Jr, fokoen argietatik ihesi

Bobby Bare Kutxa Kultur Festibalean – Juan G. Andres

Ilunpean egotera ohitua dago Bobby Bare Jr. Arrakastak eta fokoen argiek ihes egiten baitiote, bere aitaren itzalpean hotz egiten baitu. Era beretxuan agertu zen eskenatokian Kutxa Kultur Festibalean, bi fokok alboetatik argitzen ziotela, izar handien eskenatoki handitik urrun, bigarren oholtzako kartelburu. Baina horrek berari berdin dio.

Lou Topeten kitarra eta trastoak jaso eta autora eramaten ari ginela, Igeldo Hotel azpiko tunelean egin genuen topo musikari estatu batuarrarekin. Ia bere bizkarrak bezain besteko zabalera zuen maletatzarra zeramala, non zegoen ez zekien lekuren batera. Imintzio egin genion, “hey Bobby! How are you doing!”, eta berak erantzun ea musikariak ginen. Baietz erantzun genion ingeles baldarrean, bere eskenatoki berean jo berri genuela. Pozaren pozez hartu zuen ezagutu izana, eta esan genion “Ez zaidazu jarraitu” (Don’t follow me) dokumentala ikusi genuela, eta oso ederra iruditu zitzaigula. Blog honetantxe bertan hitz egin genuen dokumentalaz.

Bobby Bare Lou Topeten kitarrarekin

Kitarra akustikoa ikusi bezain laster esan zigun kontzertu akustiko bat egiteko behar zuela, hor nunbait zegoen teatroren batean (Ezkutuko Antzokiaz ari zen akaso), eta ea utziko genion. Zalantzarik gabe baietz esan arren, kontzertu akustikorik ez zen egon, eta bere zuzeneko bortitzarekin konformatu behar izan genuen.

Zinez kontzertu zuzena izan zen Bare semearena. Zuzena diot, publikoarekin lehenengo minututik bertatik konektatzea lortu zutelako, populismoa amerikarra tarteko. Teklista artista karismatiko eta pailazoaren artean zebilen dantzan eta bateria jole bizarduna dokumentala ikusi genuen guztiok oroitzen genuen. Ezin benetakoagoa izan. Oso elektrikoak hasieratik amaierara arte, rocka, soula eta seme-alabak adina estilo nahasten han hemenka. Orain hau, gero bestea. Bene benetakoa izan zen pot pourria eta jendeak eskertu zuen frexkotasuna.

Entzun nion baten bati esaten (Angel Aldarondori @tipitto), kontzertu onena izan zela. Ausartuko naiz esatera aurten ikusi dudan hoberenetarikoa izan zela. Handikeriatik gutxi zuena, eta handitik asko. Merezi gabeko fokoekin, merezi gabeko eskenatokian… nahiz eta agian berak hala nahiko zuen.

Ekaitza bainuontzi batean