Ateismoa bai, baina….

Txe fidel ratzinger3

“Birra batekin beroa arintzeko asmoz denda-taberna apal horretara  barruratu bezain laster, danba! horman jarri duten collage horrek eragiten dizun barregura ezkutatzeko ahalegindu behar zara. Che, Fidel eta Ratzinger horma berean!! Ez dira enteratu materialismo dialektikoa eta historikoa bateraezina direla mistika eta erlijioarekin?” Izan nituen antzeko burutazioak gogorazi zizkidan duela egun batzuk Iñaki Larrañagak idatzitako “Hugo Chavez sendatuta, jainkoari esker?” artikuluak. Bertan Chavezek jainkoari eskaintzen dion gurtza eta Hego Amerikan, baita ezkerreko mugimenduetan ere, kristautasunaren hedapena dira aztergai.

Ikuspegi ateo berberetik oro har bat nator artikuluan azaltzen denarekin; Chavez eta beste iraultzaile batzuk haien fedea aldarrikatzen ikusteak barruko kirrinka sentiarazten dit; batzuetan barregura, bestetan haserrea. Halaber, gogoratu beharra dago ez direla gutxi Euskal Herrian bere fede kristauan oinarrituta nazio eta gizarte askapen borrokaren alde egiten dutenak.

Albo batera utziko ditugu bai Chavezen egoera pertsonal latza bai erlijiotasuna iraunarazteko bizi baldintza gogorrek daukaten garrantzia eta baita ere, Ekialdean eta Afrikan islamismoarekin bezala, bizi baldintza gogor horiek existitzeko Mendebaleko inperialismoak gauzatzen dituen lapurreta ekonomikoa eta zanpaketa politiko eta militarra.

Esan bezala ezer gutxi erantsi dezaket Iñaki Larrañagak esandakoari; nire ekarpena beste bide batetik doa, osagarria izan daitekeena: erlijioa atzerakoia begitantzen zaigun legez, askotan automatikoki aurrerakoitasunarekin eta ezkerrarekin lotzen dugu ateismoa, eta ez da beti horrela.

Duela gutxi irakurri dudan ateismoaren aldeko liburu batean ustekabeko aurkikuntza egin nuen; egilea Irak eta Afganistanen inbasioen alde agertzen zen. Liburua Christopher Hitchensek idatzitako “Dios no es bueno. Alegato contra la religión” da eta esaten duen gehienarekin ados egon arren zur eta lur utzi ninduen aurrerakoitasunaren izenean eta nazioarte mailan ateismoaren hedatzailea hain ospetsua zenaren eskutik inbasioen aldeko argudioak irakurtzeak; nire ustez hau ez lukete inoiz egingo Chavez bezalako fededunek.

Zientzia, erlijioa eta ateismoa

Usu zientzia aipatzen dugu ateismoaren oinarri gisa, sinonimoak izango balira bezala, baina zientzialarien artean mota guztietako fededunak daude mundu osoan zehar. Gai honi buruz Stephen Jay Gould  zientzialari aurrerakoi  estatubatuarrak erlijioa eta zientziaren arteko elkarbizitzaren aldeko liburua argitaratu zuen: “Ciencia versus Religión: un falso conflicto“. Erlijioa etika eta moralaz arduratzen dela  eta Zientzia, berriz, mundu naturalaren gertaera zehatzen azterketaz, eta beraz,  gainezarri behar ez diren arloak direla argudiatzen zuen Gouldek. Zoritzarrez arrakasta gutxi eduki zuen niretzat interesgarria den Goulden planteamenduak, mundu osoko elizek haien kideak ez garen bizitzan sartzeko daukaten ohiturak adierazten duen bezala.

Zientzia arloan gehien kezkatzen nauen joera bat determinismo biologikoaren planteamendua da, eta honen bultzatzaile nagusienetako bat ateismoaren aldeko hedatzaile ezagunenetako bat da: Richard Dawkins; “El gen egoista” liburu ospetsuaren egilea hain zuzen ere. Determinismoak planteatzen duena, gutxi gorabehera, gure geneek, gure biologiak, izaera, gizartea eta jarduera zehazten dutela; ingurugirok, kulturak eta baldintza sozio-ekonomikoek berriz ezer gutxi egin dezakete hori aldatzeko.

Ikuspegi hau eskumako sektore batek berehala egin zuen berea; zuek pobreak bazarete eta guk aberatsak, zuen herria menperatuta baldin badago eta gure inperioak menperatzen  bazaituzte, lapurrak eta hiltzaileak baldin badaude…. gure geneetan, gure naturan dagoelako da, eta gizarte zuzena eta askearen alde borroka egitea alferrikakoa da. Baztertua eta gutxitua daudenen aldeko gizarte laguntzak edo irakaskuntza unibertsala naturan eta gizartean gauzatzen den “selekzio naturalaren” aurka doaz. Esklaboak eta jabeak, morroiak eta jauntxoak, langileak eta ugazabak izatea, gure oinazea eta larritasunak orain erabakitzen dituztenak ez dira jaungoikoak; gure geneek erabakitzen dute. Darwinismo sozialarekin harremana zuzena daukan planteamendua da; arrain handiak txikia jaten du, kitto.

Determinismo biologikoa berez ez da zergatik lotu behar ateismoarekin, baina ateismoaren alde sutsu agertzen diren batzuk irmo agertzen dira ere ikuspegi determinista honen alde. Eta egia esanda, ezkerreko kristauen sinesmenak askoz gizatiarrago iruditzen zaizkit.

Determinismo biologikoaren aurka ezkerreko eta ateismoaren aldeko zientzialari batzuk agertzen dira ere; esaterako “Ez dago gure geneetan” (euskaraz dauka Gaiak argitaletxeak) liburuan Lewontin, S. Rose eta L. J. Kaminek egiten duten bezala. Zientzialari hauek argudiatzen dute biologia, kultura, ingurugiro eta bizitza baldintzen arteko elkarrekintza dinamikoaren emaitza direla gure norbanako izaera eta gizarte eredua, eta beraz, aldagarriak izateaz gain irauli  beharrekoak bidegabekoak baldin badira.

Amaitzeko eta nire ekarpen xumea laburbilduz; jainko, “indar kosmiko” eta esoterikoekin dauzkagun sineskeria guztietatik libre egongo bagina askatasuna eta zuzentasunetik hurbilago egongo ginela nik ere pentsatu arren, ateismoa eskuma, faxismoa eta atzerakoitasunaren bidaidea izan daitekeela uste dut, erlijiozkotasuna hainbatetan askatasuna eta zuzentasunaren laguntzailea izan den bezala. Chavez, Evo Morales, Correa eta abar eredu.

9 pentsamendu “Ateismoa bai, baina….”-ri buruz

  • Iñaki Larrañaga 2013-02-21 18:16

    Oso interesgarria idatzi duzuna I.Larrea. Eta batez ere eskertzekoa egindako erreferentzia bibliografikoak. Euskal Herrian eta Espainian oro har (eta salbuespen gisa Eliza 2000ren adibidea eman duzu egoki) erlijio katolikoa, eskuin ideologia batekin lotzen da, kontserbadoreekin, eta, aldiz, ateismoa gizarte aurrerakuntzarekin edo. Begi bistakoa da beti ez dela horrela. Gure testuinguru historikoaren ondorioa da guk egiten dugun lotura hori, unibertsalizatuz gero erabat okerra.

  • “San Manuel bueno martir” ote? Nire erlijioa erlatibismoa dela esango nuke, baina erlijioa eta erlatiboa kontrakoak omen dira. Karma kuantikoaren teorian ere sinisten dut, ordea.

  • Idatzi dituzun gauza askorekin ados nago; ez dut uste fededuna izatea atzerakoitasunaren sinonimoa denik beti eta ateismoa aurrerakoitasuanarena. Halere, ez nago ados zientzia eta erlijioaren artea konfliktorik ez dagoela babesten duzunean, erlijio guztien muinean dago sinesmen irrazionala bertute moduan saltzearena eta hori, bere horretan, pentsamendu zientifikoaren aurkakoa iruditzen zait.

    Joxe Arregiren “Nazareteko Jesus” liburua irakurri nuenean pentsatu nuen, fede hori bateragarria litzatekela pentsamendu zientifikoarekin, besteak beste, iruditu zitzaidalako Joxe Arregik ez duela Biblian esaten diren gauza irrazional guztietatik ezer sinesten. Baina, Joxe Arregi elizatik kanporatu zuten, eta ez dut uste fededunen artean hain pentsamendu kritikoa duen jende asko dagoenik.

    Bukatzeko, ez nago batere ados Richard Dawkins-en “El gen egoísta” liburutik atera dituzun ondorioekin. Liburu horretan eboluzioaz eta hautespen naturalaz hitz egiten da (meme-ekin pixka bat desbariatzen duela iruditzen zait baina ez zuk diozun zentzuan), eta gizartera egiten dituzun estrapolazioak zeuk eta liburu hori kritikatzen entzun ditudan beste askok eginak dira. Naturan ikusitakoarekin gure portaerak justifikatzea astakeria itzela da, eta ez da halakori babesten liburu horretan. Niezche-ren zenbait hausnarketa naziek erabili zituzteklako Niezche nazia zela esatea adinako astakeria iruditzen zait “El gen egoísta” liburuak XX. mende hasierako pentsamendu eugenistak babesten dituela esatea.

    • Hitzei esteka jartzen ez dut asmatu eta hementxe jarri nahi nituenak:

      Nazareteko Jesus: http://www.kulturklik.euskadi.net/lang/es/nazareteko-jesus-2-argitaraldia-zer-gizaki-zer-jainko-arregi-jose/

      Eugenesia: http://eu.wikipedia.org/wiki/Eugenesia

    • Tomas Didimo 2013-02-22 09:48

      Nola??
      Esaldi hau irakurri dut: “iruditu zitzaidalako Joxe Arregik ez duela Biblian esaten diren gauza irrazional guztietatik ezer sinesten. Baina, Joxe Arregi elizatik kanporatu zuten, eta ez dut uste fededunen artean hain pentsamendu kritikoa duen jende asko dagoenik.”

      Eta berriro diot: nola??? Biblian esaten diren gauza irrazionaletatik ezer sinesten ez duena, ezin daiteke fededuna izan. Humanista den edonork egiten ditu bere Nazareteko Jesusenak omen diren “maita ezazu hurkoa” bezalako mezuak, kristau filosofiaren erroan omen daudenak. Neuk barne. Baina Jainko ahalguztiduna badela sinesteko, adibidez, irrazionala den gauza bat sinesten ari zara (eta hori besterik ez dut aipatuko, irrazionalkeria handiena baita). Eta, noski, horrelakoak sinesten ez duena ez da fededuna, beste zerbait da.

      Beraz, nik ez dakit fededuna izatea atzerakoia den, baina, nire ustetan behintzat, pentsa liteke gizakiak bere existentziari zentzua eta esplikazioa emateko asmatu dituen sobrenatural (irrazional) guztien eremuan dagoela fededuna izatea (edozein dela erlijioa). Eta zientzia badela irrazionaltasun hori bazterrean utzi eta gauzak diren bezala esplikatzeko saio bat, inperfektoa nahi baduzu, baina fededunarena baino saio ez dakit aurrerakoiagoa, baina bai ez hain (ez dakit ze adjektibo erabili) erosoa? basikoa? sinplea?

  • Bere liburuan mirariak, Mariaren birgintasuna, berpiztea… ukatzen ditu (edo nik hori interpretazten dut). Humanista dela eta ez fededuna? Horixe pentsatu nuen nik ere, baina berak fededuna dela dio. Jainkoa = Maitasuna da, oro har, nik ulertu nuena bere ideiatik.

    Jesusek ondo eginak onartu, gaizki eginak baztertu eta ateoa izatea logikoagoa iruditzen zait niri. Pentsamendu erlijiosoa, nire ustez, pentsamendu arrazionalaren aurka doala ere esan dut. Baina, liburu hori aipatu dut, zientziarekin ez duela talka egiten iruditzen zaidalako.

    Zergaitik pertsona arrazionalek beren pentsamenduan jainkoari lekua egiteko halako enpeinua? Umetatik jasan dugun bonbardaketa erlijiosoagatik nire ustez, baina horrek beste eztabaida oso luze bat ekarriko luke.

    Bide batez, erabat ados esan duzun guztiarekin.

    • Tomas Didimo 2013-02-22 10:44

      Konforme nago esaten duzunarekin, guztiz.
      Onartu behar dut nik ez dudala liburu hori irakurri, baina kontxo, bere burua fededuntzat badu eta esplikazioa bada “Jainkoa=maitasuna”, hori txorakeria galanta da. Gauza ederra dago atzean, maitasuna sublimatzea eta hurkoari bizitza eskaintzea egin daitekeen gauza ederrenetarikoa baita. Baina, kontxo, aklara bedi (edo hura edo zu XD), ze pentsamendu hori oso arrazionala da eta bizi pentsamendu eta jokabide hori izan litzake ateo batek, agnostiko batek, katoliko batek, musulman batek edo Anbotoko Mari gurtzen duen batek.
      Eta bere filosofia hori bada, ez dakit ze arraio eman duen hainbeste denbora eliza konfesional baten pean.

  • Kaixo iodriozola.

    Azalpen bi.
    .
    1-Uste dut ez direla gauza bera esan dudana, Stephen Jay Gouldek “Ciencia versus Religión: un falso conflicto“ liburuan aurkeztu zuen planteamendua interesgarria eta arrakasta gutxikoa izan zela, eta zuk leporatzen didazuna: “zientzia eta erlijioaren artean konfliktorik ez dagoela babesten duzunean, erlijio guztien muinean dago sinesmen irrazionala bertute moduan saltzearena…”.
    .
    Edonola ere, eta eztabaida semantikoak eta bizantinoetan ez erortzeko asmoz, hona hemen Goulden hitzak:
    .
    “La religión es demasiado importante para muchísimas personas como para permitir el abandono o la denigración del consuelo que mucha gente busca todavía en la teología. Por ejemplo, puedo sospechar en privado que la insistencia papal en la infusión del alma representa un regalo para nuestros miedos, un ardid para mantener la creencia en la superioridad humana en un mundo evolutivo que no ofrece ninguna posición privilegiada a ningún organismo. Pero también sé que el tema de las almas se encuentra fuera del magisterio de la ciencia. Mi mundo no pude probar o rebatir tal idea, y el concepto de las almas no puede amenazar ni impactar mi dominio. Además, mientras que no puedo aceptar personalmente el punto de vista católico sobre las almas, es seguro que respeto el valor metafórico de tal concepto tanto para fundamentar la discusión moral como para expresar lo que más valoramos acerca de la potencialidad humana: nuestra decencia, nuestra solicitud y todas las luchas éticas e intelectuales que la evolución de la conciencia nos impuso”.
    .
    Lehen esan dudan bezala Goulden planteamendua ez zen arrakastatsua izan, besteak beste, elizek gure bizimoduan etengabe sartzeaz gain, eta Dawkinsek erantzuten zion bezala, erlijio asko mundua ulertarazteko sineskerietan oinarrituta daudelako. Hala ere badago ukaezina den errealitate bat; Goulden planteamendua ezagututa ala ez, milaka ala milioika zientzialari fededun dago munduan gaur egun.
    .
    Ez ditut irakurri Dawkins eta Gould arteko eztabaidak baina suposatzen dut mamitsuak direla arlo honetan ere.
    .
    2-Nire idazkian esan dut Richard Dawkinsek “El gen egoista” liburuan determinismo biologikoa bultzatzen duela eta planteamendu honekin eskumaren sektore batek bat egin duela. Nik baino hobeto Lewontin eta besteek azaltzen dute “Ez dago gure geneetan” liburuan:
    .
    ““Arrazakeria, dio Fronte Nazional Britaniarrak, gure “gene egoisten” emaitza da. Baieztapen politiko horiek ez dira ideologoenak bakarrik izaten: behin eta berriz, beren zientzia “giza politika soilaren gainetik” dagoela dioen ustea aldarrikatu arren (Oxfordeko Richard Dawkins soziobiologoa aipatu dugu hemen), determinista biologikoek gizarteari eta politikari buruzko iritziak ematen dituzte. Oraingoz adibide bat emango dugu: Dawkinsek berak The Selfish Gene liburuan (ustez eboluzioaren oinarri genetikoari buruzko lana da eta AEBko unibertsitateetako ikasturteetan portaera-eboluzioaren testuliburu moduan erabiltzen da) “naturaren aurkako” egoera ongilea kritikatzen du, non:
    .
    Dawkins-en idatzia: “familia deuseztatu egin dugu ekonomiaren aldetik bere burua aski izateko unitate gisa eta Estatua ordezkatu egin dugu. Ez litzateke, ordea, umeentzako bermatutako laguntzaren pribilegioaz abusatu behar…. Hazteko gauza diren baino ume gehiago dituzten pertsonak, gehienetan, ezjakinegiak dira nahita egindako ustiapen gaizkile moduan salatzeko. Susmagarriagoak iruditzen zaizkit erakunde ahaltsuak eta hori egitera nahita bultzatzen zituzten buruzagiak”.
    .
    Dawkinsen hitzetan “robot astunak” gara, “gure gorputza eta adimena kontrolatzen dituzten” geneak ditugunak. Askatasun-ilusioa bera ere gugan programatu egin da eboluzioaren bidez; izan ere, ilusioak moldakorrak dira. “Gizakiek sinestea jakitea baino nahiago dute”, dio “Sociobiology”ren egileak.””
    .
    Hori da Dawkinsek esaten duena, determinismo biologiko hutsa. Horregatik Chavez, Morales, Correa, Herria 2000Eliza eta antzekoen sinesmenak Dawkins eta gainontzeko determinista biologiko ateoen planteamendua baino gizatiarrago iruditzen zaizkit.

    .
    Amaitzeko: Borroka Garaia da! blogean ere eztabaida dago gai honi buruz.
    http://borrokagaraia.wordpress.com/2013/02/21/ateismoa-bai-baina/#comment-4574

  • “Oxandabaratz”en ekarpen interesgarria Borroka Garaia da! blogean:
    .
    “Honi buruz Andoni Olariagak idatzi du, ateimoa beste kosmopolitismo berri baten bide bezala erabili daitekeela (ateismoa vs erlijioa kontraesana sublimatzeak, erlijioak edota sinesmenek komunitate bat elkartzeko eta bere nortasuna mantentzeko suposatzen duen defentsa birrintzea ekarri ahal dutela; globalismoak auka bezala jann dezan). Ateismoaren pentsamendua akritikoki hartuz “Giza Eskubideak” bezala izan daitezela. Niri Iranen eredua etortzen zait burura….”