Pixa litro batekin, sei ordu elektrizitate

Baliabide ekonomikorik ez denean, garuna zukutu behar. Hiru gazte nigeriarrek lortu dute, generadore baten bidez, gernu litro bakoitzeko sei orduko elektrizitatea eskuratzea. 

Maker Faire Afrika azokan erakutsi dute asmakizuna Duro-Aina Adebola (14), Akindele Abiola (14), Faleke Oluwatoyin (14) eta Bello Eniola (15) nesga gazteek. Lagos hirian aurkeztu duten aparailuak laudorio piloa jaso ditu Maker Faire Afrika blogean.

Motzean hau da funtzionamendua:

  • Gernutik hidrogenoa erausten da, kutxa elektrolitiko batean.
  • Hidrogenoa ura arazten duen iragazki batera doa eta gas zilindroan sartzen da.
  • Gas zilindroak borax likidoa duen zilindrora mugitzen du hidrogenoa, bertan hezetasuna kentzen zaio.
  • Hidrogeno araztua generadorera doa, horrek elektrizitatea sortuz.

Begi bistakoa da elektrizitate sarera konektatzea gaitza den herrialdeetan gisa horretako asmakizunek duten erabilgarritasuna. Aurrez ere ikusiak ditugu herri txiroetan bonbillen funtzioa betetzen duten botillak bezalakoak, argia emateko. Asmakizun bitxi bezain merke hauek zabaltze bidean dira, baina oraindik orain elektrizitatea eskuratzeko modurik erabiliena eguzki plaka generadoreak dira Afrikan.

 

3 pentsamendu “Pixa litro batekin, sei ordu elektrizitate”-ri buruz

  • Ez dakit deskripzioa ondo ulertu dudan baina iruditzen zait urarekin dabilen motorraren sistema dela. Nik dokumental batean ikusi nuen nola gizon batek gasolinaren ordez ura botatzen zion kotxeari. (uste dut “volem rien foutre al pais” deitzen zela). Baina patentea General Motors edo horrelako batena da. Batek bere autoa tuneatu nahi badu, laguntzeko prest nago.

  • Inaki Irazabalbeitia 2012-11-11 10:55

    Zelula elektrolitiko batek elektrizitatea behar du bere lana egiteko. Energia eman behar zaio, alegia. Sistemak hidrogenoa sortzea eta hori erreta elektrizitatea lortzea gerta liteke. Prozesu osoaren energia-balantzea aztertu beharko litzateke eta nago negatiboa izango dela, hots, sortzen duena baino energia gehiago sartu behar zaiola. Beste kontu bat izango litzateke, terminologia nahastea egotea eta pila galvaniko batetaz arituko bagina. Horrek bai, erredox erreakzio baten bidez, elektrizitatea sortzen duela. Hala ere, tentuz ibiltzekoa da berria.

  • Nik probatu behar dut ba!