Patatarik gabeko “patateroak”

Agurainen patata bilketa

Urriaren 26an Arabako Hitzan argitaratutako erreportajea:

Patatarik gabeko patateroak. Horixe arabarren patua. Bizilagunek adarra jotzeko erabili ohi duten hitzak, baina bertakoek harro daramatenak, iraganetik du asko, eta etorkizunetik gutxi. 1990ko hamarkada hasieran Arabako lur azpitik 500.000 tona patata saskiratzen zituzten nekazariek. Gaur egun, kantitateari erreparatuz gero, anekdota hutsa da tuberkuluak Araban duen presentzia. Erremolatxa baino gutxiago hazten da patata, zehatz mehatz, iaz 36.000 tona patata besterik ez zituzten ekoiztu.

Patatari gertatu zaion gainbehera hurbil hurbiletik bizi izan du Jose Luis Ortiz de Guineak. Arabako Nekazarien elkarteko kidea da, baina batik bat, bizitza osoa patata lantzen ibili den gizona. “Diru asko eta aberastasuna utzi du patatak Araban. Baina, Europako Merkatu Komunean sartu ginenetik hektareak eta nekazariak gutxitzen joan gara, dirua galtzeraino”. Merkatuko prezioan gorabehera handiak dituen produktua da patata, azaldu du Roberto Ruiz de Infantek, lehengaia merkaturatzeaz eta ekoizteaz arduratzen den Udapa kooperatibako zuzendariak: “Espekulazioan oinarritutako negozioa da”.

Sektorea ezagutzen ez duena harri eta zur uzteko moduko gorabeherak ditu patataren prezioak. 2011 urtean 80-90 euro inguru balio zuen Arabako patata tonak, alegia, kostuaren azpitik erosten zen patata. 140 euroko kostua du tonako, bataz beste, Araban patata ekoizteak, Ruiz de Infanteren arabera. Puxika berriz ere puztu egin da, eta iazko komeriak aurtengo oparotasun bihurtu dira: 280 euroko balioa du tona bakoitzak, 2011 urtekoaren aldean hirukoitza. Unean uneko irabaziak gorabehera, tuberkuluaren iragarri ezinezko prezio aldakorrak ehunka nekazari uxatu ditu. Horren ordez, prezio egonkorra duen zereal soroak lantzea erabaki dute, garia batik bat. Gaur egun, Arabako nekazal lurretako 50.000 hektarea zereal laborantzei zuzendua dago. Patatek 1.000 hektarea ere ez dituzte betetzen, 1986 urtean baino hamar aldiz gutxiago.

Itzuli ezinezko joera

Arabako patataren ospeak bizirik badirau ere, 90ko hamarkadatik zailtasunak besterik ez ditu bizi izan nekazal sektore horrek. Europako ekoizpenetan, Frantzian eta Herberehetan batik bat, punta puntako azpiegiturak sortu dituzte, patataren errentagarritasuna optimizatuz. Makina eta ureztatze sistema garatuen aldean hanka motz gelditu dira Arabako patata soroak. “Instituzioek patataren alde egingo dutela esan izan dute, baina benetako apusturik ez da izan. Salduta utzi gaituzte Ipar Europako ekoizpenen aurrean”, kexatu da Udapa kooperatibako arduraduna.

Ortiz de Guineak ekoizleak adierazi du azpiegituren gabeziak eta prezio aldakorrek dakarten arriskua ez direla Arabako patata galbidean jarri duten aldagai bakarrak. “Belaunaldi berriak behar ditugu patata soroak zaintzen”. Ruiz de Infantek ere diagnosian bat egin du: “Hiru hilabeteko epean ahalegin handia eskatzen duen laborantza da patata, gazteentzako egokiagoa adinekoentzako baino”. Hazi ez da hazi, baina belaunaldi berriei esker ari zaio patataren sektorea ekoizpenari eusten.

“Lur gutxian ekoizpen handia izateko gai direnak eta sukaldatzeko era guztietako egokiak diren patatak dira salduenak”, azaldu du Eva Ugarte zientzialariak, Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapen zentrotik. Arabako patataren kalitateak ezin izan du Europa iparraldeko enpresen errentagarritasuna gainditu, onartu du Ugartek. Ruiz de Infantek goraipatzen dituen Ipar Europako bioteknologia enpresen tankera du Neiker etxeak. Punta-puntako ikerketa eta garapen zentroan ehunka pertsonak egiten dute jarduna, Arkauten. Zorba izeneko patata barietate arrakastatsua diseinatu zuten bertan, besteak beste, Europako McDonalds etxean erabiltzen duten patata. Neiker-Tecnaliako gizon-emakumeen helburu berria aldaketa klimatikoari aurre egingo dion patata barietatea sortzea da: “Beharrezkoa da laster egon daitezkeen lehorteak zein izozteak aurreikusi eta ingurune horretara moldatuko den patata diseinatzea”. Proiektuan Hego Amerikako zazpi ikerketa zentrorekin ari dira elkarlanean.

“Ehundura ona du gisatzeko, bai frijitzeko, baita egosteko. Arabakoak ez direnak puskatu egiten dira”. Horiek dira Arabako patataren bertuteak Azpeitiako (Gipuzkoa) Mikel Uria sukaldariaren aburuz. Berezko ospea, tradizioa eta aurrerapen bioteknologikoak dira Araba patatazaleen lurralde egiten duten gakoak. Tortilla egiteko Arabako patata eskuratzea, ordea, gero eta lan nekezagoa da.

Hala Bedi irratiko (@halabedi) Zebrabidea (@zebrabidea) saioan urriaren 23an emititutako erreportajea:

Patata Erreportajea Zebrabidea 830 hitza 1000 musika1 by Iñaki Larrañaga Aizpurua

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra