Mugarik Gabeko Telebistaren aldeko proposamena bidean galduta

telebistak

2012ko irailaren 11n Mugarik Gabeko Telebista herri egitasmo legegilea eztabaidatu zen. Eskualdeko edo gutxiengoen hizkuntzetako telebista publikoak hizkuntza hori duten beste erkidego autonomoetan ikustea onartzen zuen proposamenak, Europako Gutunarekin guztiz bat datorrena.

PPk gehiengo absolutua du eta bere ezezkoa nahikoa izan zen aldeko 651.650 sinadura eskuratu zituen proposamena atzera botatzeko. Arrazoia: Hori aurrera eramateak Estatuari finantzaketa (dirua) eskatuko liokeela, multiplexetan egin beharreko aldaketengatik.

Jakinekoa da PPk euro bat ere jartzeko prest ez dagoela, katalan, galego edo euskaldun hiztun eskubideak babesteko.

ETB1 eta ETB3 Nafarroan LTDren bidez ikusteko aukera ezerezean dago. TV3 katalan katea isunen bidez erauzia izan da Valentziako Erkidego autonomikotik. Bierzo eskualdean galegozko TVG ezin da ikusi. Arazo hauek izan dira PPk konpondu nahi izan ez dituenak (PPk edo alderdi laguna duen UPNk sortutako arazoak, hain zuzen ere).

PSOEk proposamenaren aldeko botoa eman zuen, behin jakinda PPk proposamena atzera botako zuela. Aurreko legegintzaldia PSOEk nahiko boto ziurtatuta zituen aurrera ateratzeko, baina geldiarazi zuen, gertatu dena ahalbidetzeko.

Espainiako Estatuaren egitura lagungarria da euskarazko hizkuntz komunitatearen eskubideak babesteko? Erantzuna garbia da: Ez, zalantzarik gabe.

2012ko irailaren 17an.

JOSEBA OTANO VILLANUEVA (Administrazioan Euskaraz taldeko kidea).

Administrazioan Euskaraz Taldea