“We know what you’re doing”: sare sozialetako informazio konprometigarria biltzen duen gunea

We know what you're doing

Nagusia uneoro kritikatzen al duzu Facebooken? Parrandan irten zara eta egindako eta hartutako guztiaren kronika egiten duzu? Telefono zenbaki berria duzu eta Facebooken argitaratu duzu guztiek horren berri izan dezaten? Zure profila publikoa da eta edonor sar daiteke zuk argitaratutako eduki guztiak ikustera? Zure Foursquareko check-inak publikoak dira? Ba agian We know what you’re doing (zer egiten ari zaren dakigu) izeneko esperimentu sozialaren parte zara, zuk ezertxo ere jakin gabe.

Callum Haywood ikasle britainiar gazteak sortutako esperimentu honek internautek publikoki argitaratzen dituzten datuak bildu eta web batean biltzen ditu. Baina, momentuz, ingelesezko mezuekin soilik funtzionatzen du. Helburua informazio pertsonala publikoki partekatzearen ondorioez ohartaraztea eta erabiltzaileek esaten dituzten lerdokeriak agerian uztea da.

Webeko mezu guztiak Facebooken Graph APIaren bidez lortzen dira eta webgunean txertatzen dira. Foursquareko check-in publikoak ere ageri dira. Horrela, automatikoki, izen-abizenak gehi argazkia duten ergelkeria publikoz jositako zerrenda luze-luze bat sortzen da weknowwhatyouredoing.com gunean. Mezu publikoekin soilik funtzionatzen du, profila itxia edo mugatua baduzu, salbu zaude.

Weknowwhatyouredoing.com webgunean biltzen den informazioa lau ataletan banatzen da argitaratzen dugun informazio motaren arabera: nagusiari buruz gauza txarrak esaten dituen jendearen mezuak, egundoko ajea dutela dioten pertsonen mezuak, drogak hartzen dituztenen mezuak eta beren telefono zenbaki berria publikoki ematen dutenen mezuak.

Norbaitek bere mezua weknowwhatyouredoing.com-en ikusiko balu, Facebooketik ezabatu besterik ez du egin behar. Eta bide batez, sare sozialeko pribatutasuna konfiguratu.

UDAZKEN KOLOREAK