Elhuyar Fundazioak Zientzia Udalekuen jardunaldia antolatu du komunikabideentzat

Hezkuntza Saileko eta Elhuyar Fundazioko ordezkariez gain, Pedro Miguel Etxenike ikertzailea ere ondoan izan dute gazteek.

Elhuyar Fundazioak parte hartuko du, Europako beste herrialde batzuetako erakundeekin, zientzia-udalekuen inguruko proiektu bat aurrera eramateko.

Elhuyar Fundazioak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntzarekin antolatutako III. Zientzia Udalekuetako ate irekiko jardunaldia egin da gaur goizean, Aiako Harriko Parke Naturalean (Oiartzunen). Gazteek izotz lehorrarekin esperimentuak egiteko aukera izan dute. Baina gaurko tailerra adibide bat baino ez da, egunero izaten baitituzte zientzia-tailerrak: fisikakoak, kimikakoak, biologiakoak eta geologiakoak, besteak beste. “Helburua da aisialdia eta zientzia uztartzea eta gazteei zientzia modu erakargarri eta ulergarrian gerturatzea”, adierazi du Danel Solabarrietak, Zientzia Udalekuen arduradunak.

Ekitaldian Isabel Celaák, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak hitz egin du. Haren hitzetan, “garrantzitsua da ikerketa bultzatzea irakaskuntzako oinarrizko mailetatik, bestela ez baitugu goi-mailako ikertzailerik izango etorkizunean. Eta Udalekuak norabide horretan doaz”. Pedro Miguel Etxenike ikertzailea eta Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia ere izan dira gaurko jardunaldian, eta gazteen ekintzetan parte hartzeko aukera izan dute, hitzaldi txiki bana ematearekin batera.

Pedro Miguel Etxenike ikertzaileak zientziaren abenturara animatu ditu gazteak. Esan duenez, “zientzia entrenamendua behar duen abentura intelektual zoragarria da”. Horretaz gain, azkenaldian horren ezagun egin den Higgs bosoiaren inguruko galderei ere erantzun die.

Guztira 12-16 urte bitarteko 150 gaztetxok parte hartuko dute ekimen honetan, astebeteko hiru txandatan banatuta. Arritxulo aterpetxean hartuko dute ostatu, Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan, eta handik abiatuta zenbait irteera ere egingo dituzte. Bestalde, egunero udalekuetan gertatzen dena jarraitzeko webgune bat ireki dute, http://udalekuak.elhuyar.org, non, gazteek egindako eguneroko ekintzei buruz idazteaz gain, argazkiak ere esekiko baitituzte blog batean.

Bestalde, Elhuyar Fundazioa urritik aurrera Europako proiektu batean hasiko da lanean. Proiektu horretan, zientzia-udalekuak antolatzen dituzten Europako hainbat elkarterekin harremanetan jarriko da Elhuyar, esperientziak trukatuko dituzte elkarrekin, eta halako udalekuei buruzko proiektu bat zehaztu eta aurrera eramango dute hurrengo bi urteetan. Alemania, Danimarka, Serbia, Portugal eta Eslovakiako erakundeekin batera egingo dute lan.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.