30 egun geroago

30 egun geroago –

SAREk joan zen urtarrilaren 13an Bilbon deitu zuen manifestazioko parte-hartzeak erakutsi zuen ez zela izan aspaldiko urteetan urtarrilean egin diren beste manifestazioetako bat soilik.

30 egun geroago

Beste behin ere agerian geratu zen euskal gizartearen nahia, hamarkada luzetan mina eta sufrimendua eragin dituen eta behingoz atzean utzi nahi den konfrontazio baten ondorioei amaiera emateko gogoa, gertatutakoa inola ere ahaztu gabe baina gorrotoari eta errebantxari atea itxita.

Hainbat ideologiatako 70.000 pertsonak segitzen dute kalean eskatzen -urruntze politika bukatu ondotik ere- etapa berriak ireki daitezela eta, batez ere, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen juridikoak eta espetxe arlokoak bukatu beharra dagoela esaten.

Euskal gizartearen eskakizunetatik hain urruti dagoen konfrontazioa betikotzen saiatzen diren sektoreentzat ere ez zen beste manifestazio bat izan soilik. Hurrengo egunean bertan hasi zen jazarpen birtuala errebindikazio baketsu eta demokratiko horrekin bat egin nahi izan zutenen kontra. Itziar Ituño aktorearen kontrako lintxamendu mediatikoa, Porrotxekin hasi zenaren antzekoa, edozein demokratak salatu beharreko marra gorri bat da.

Ez da erraza ulertzea nola deskalifikatu daitekeen, bai anonimotasunetik bai zenbait iritzi plataforma baliatuz, nork bere iritzia izatea eta adieraztea.

Horri guztiari gehitu zaio azken egunetan beste saiakera bat, ez baita lehen aldia, SAREk giza eskubideen alde egiten duen lana kriminalizatzeko. Entzutegi Nazionalean, zigorraren logikari helduta, delitutzat hartu nahi dute preso daudenen eskubideak defendatzea. Elkarbizitzan aurrera egin nahi ez dutenen jarrera da, eta haien xedea da konfrontazioa betiko gelditzea gure bizitzetan, geroz eta errepresio handiagoa eta eskubide urriagoak ekarriko lituzkeen zurrunbilo batean sartuz, “legea eta ordena” ezarri eta askatasunak kentzeko. Kudeaketa politikoari buruz nagusitzen ari den diskurtso eskuindarra artifiziala bezain kezkagarria eta atzerakoia da.

SAREren apustua aurrerantzean ere konfrontazioari eta sufrimenduari ateak ixtea eta elkarbizitzari eta benetako bakeari irekitzea izango da, gure lanaren oinarriak eskubideen urraketa oro oztopatzea izaten segituko du, dela euskal presoena dela indarkerien biktimena, berauei ere zor baitiegu begirunea, babesa eta erreparazioa. Denon artean euskal gizartearen sektore zabal batek nahi duen elkarbizitza eredua eraikitzeko modu bakarra da.

Ekainaren 14an SAREk hamar urte beteko ditu. Gure bizitza laburragoa izatea nahiko genukeen, baina badugu oraindik bidea egiteko, eta urtebetetze gehiagorik ez betetzea gure helburuak lortzeko behar dugun denboraren menpe egongo da.

KONPONBIDERAKO GILTZAK kanpaina aurrera egiten lagundu digun tresna egokia izan da urriaren 21etik. Agiri horrek euskal gehiengo politiko eta sindikalaren babesa du eta milaka pertsonaren atxikimendua jaso du. Gure zereginaren funtsezko oinarriak biltzen dituen agiri bat da.

Bide hori jorratzen segitu nahi eta behar dugu, gizartearen motorra pizteko eta, konfrontazio urte luzeak atzean utzita, gizarte gisa irrikatzen dugun etorkizunari ateak irekiko dituzten giltzak aktibatzeko.

Gure gizarteak bere eskuetan hartu behar ditu konponbidearen giltzak, instituzio politiko eta judizialen bitartez.

Ez gara inpunitatea eskatzen ari, legediak berak zigorrak betetzeko jasotzen dituen modu guztietarako aukera izatea baizik, espetxe eredu berri eta zuzenago batean sakontzea, humanizatuagoa eta justuagoa izan dadin, euskal presoen eskubideak onartuta, bai eta herri honetan sufritu duten pertsona guztiena ere, haien minarekiko begirune osoz.
Esandako guztiaz hitz egingo dugu gure IX. Batzarrean, martxoaren 9an, eta bertan diseinatuko dugu guztion artean 2024rako bide-orria.

Ziur gaude helburu horrek herritar gisa inplikatzen gaituela, zeren giza eskubideen defentsa behar partekatu bat baita, denona, pertsona garen aldetik ditugun eskubideekiko sentiberago egingo gaituena.

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa

30 egun geroago 30 egun geroago

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude