Zein egitura komunikatibo behar ditu euskal hiztun komunitateak?

Euskal hedabideen zein soziolinguistika, unibertsitatea eta politikaren munduko 100 bat lagun elkartuko dira ostiralean Arrasaten, TOPAGUNEAk eta TOKIKOMek antolatutako jardunaldian. Zer esparru komunikatibo behar du XXI. mendeko euskal hiztun komunitateak? Galdera horri erantzuteko oinarrizko gakoak aurkitzen saiatuko dira bertan, bihar, hilaren 15ean.

Hedabideen mundua erabateko iraultzan sartuta dagoen honetan, euskarazko medioen jarduna aurrera begira egokitzen hasteko ‘ezinbesteko hitzordua’ dela azpimarratu dute antolatzaileek. Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mondragon Unibertsitatearen laguntzaz, egitarau ezin beteagoa izango du topaketak, alderdi teorikoa eta praktikoa uztartuz.

Goizeko zatia teorian zentratuko da batik bat: hasteko eta behin, HUHEZIko SORGUNEAK ikertegiko Nekane Goikoetxeak hedabideen funtzio soziolinguistikoen inguruan jardungo du: jakina da hedabideek zeregin garrantzitsua dutela hizkuntzaren normalizazioan baina… zer esan nahi du horrek zehazki?

Hizkuntzaren plano orokorretik, hedabideen mundura hurbilduko gara jarraian, HUHEZIko Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain doktoreen eskutik. 800.000 euskal hiztunak hedabideen bidez ikusgarri bihurtzeko erronkaz arituko dira, eta tokiko hedabideen sare trinkoa testuinguru eta informazioa kontsumitzeko ohitura berrietara egokitzeko premiaz.

Hamaiketakoaren ondoren, teknologiaren ikuspegitik helduko diote gaiari CodeSyntax enpresako Gari Araolazak eta Luistxo Fernandezek. IKTen garapenak erronka handiak suposatzen ditu hedabideentzat, eta CodeSyntaxekoak erronka horiek, eta aukerak ere, identifikatzen saiatuko dira.

Ondoren, jardunaldien atal praktikoa hasiko da, han-hemengo esperientziak erakutsiz. Hasteko, Belgikatik etorriko den Bart Bijnens-ek Het Belang von Limburg egunkari lokalaren berri emango digu. Bere eskualdean liderra den tokiko egunkariak 100.000 ale saltzen ditu egunero, ia hiru laurden harpidetza bidez. Duela hilabete batzuk, egitasmo hiperlokalari ekin diote, irakurleak ere egunkariaren parte bihurtuz.

Baina etxeko medioetatik ere badugu zer ikasia: hala, Eñaut Agirrek Hernaniko Kronikaren eredua azalduko digu. Hernanikoa egunero-egunero argitaratzen den euskarazko berripaper bakarra da, izan astelehen zein igande, eta 15.000 irakurletik gora ditu IKERTALDEK egindako azterketaren arabera.

Bidasoaldetik berriz, Agus Hernanek Pausumedia eta Antxeta Irratiaren ikuspuntua ekarriko digu. Irratigintzan ere gorabehera handiak gertatzen ari dira, martxan dagoen lizentzien banaketa tarteko, eta horren eraginaz mintzatuko zaigu Agus.

Burua ideiaz beteta, bazkaltzera joango gara ondoren, jardunaldien atal aktiboari ekiteko. Kafe orduan, parte hartzaileek goizean irten diren inguruko ideiei buruz eztabaidatzeko tartea izango dute, eta kezka, desadostasun eta lehentasunak non dauden identifikatzeko.

Puntu bero horien inguruan nota hartuta, mahai-ingurua egingo dugu jarraian, hedabideen sektoreko aritu eta adituekin. Inazio Arregi (TOKIKOM), Xabier Letona (ARGIA), Iban Arregi (BERRIA taldea) eta Nerea Azurmendi (EL DIARIO VASCO) gonbidatu ditugu, euskal hedabideen inguruan duten ikuspegia azaldu eta bazkalosteko mahaietatik ateratzen diren kezken inguruan hitz egiteko. Testuinguru horretan geratzen den kezka nagusiak uztailean zehar lasaiago lantzeko aukera ere egongo da, TOKIKOMek eta TOPAGUNEAk egingo dituen tailer monografikoetan.

Jardunaldiok presentzia zabala izango dute sarean. Sare sozialetan #tokikom traola erabiliz jarraitu ahal izango dira, eta streaming bidez ikusteko aukera ere izango da, GOIENAri esker, Topagunearen webgunean zein jardunaldienean: http://tokikom.jardunaldiak.org

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak