27. jardunaldiko apunteak

  1. Camacho.  Camachoren aroa Iruñean amaitu denaren itxura guztia du azken astetako Osasunaren jokoak. Denboraldi amaieran jokalariek planto egin ziotela zabaldu zen iaz eta aurten jokalari/entrenatzaile kimika ez da onena. Azken jardunaldietan jokoak behera egin du eta emaitzek ez dute erantzun. Osasunak datorren denboraldiari begira hasi behar zuela esan nuen duela bi aste, baina geratzen diren jardunaldietan gutxieneko jarrera eta jokoari eutsi beharko lioke.
  2. Emaitza. Egunero Athleticen jarraipena egiten duen zaleari, zuri-gorriek bidean puntu txoro asko galdu dituztela irudituko zaio. Baina egin diezaiola galdera bere buruari, sinatuko lukeen denboraldi haseran Europa Leaguean jokatzeko postuetan egotea. Penaltyak huts egin ditu eta azken minutuetan beste bi puntu irabazteko aukera galdu zuen larunbatean. Baina Athleticek sekulako aukera du. Deportivo behera dator, Sevillak ere ez du itxura onik eta Mallorca puntu gutxira du. Saiatuz gero, nork daki… 33 puntu daude jokoan.
  3. Sinestezina. Denboraldi haseran galdetu baliete Mallorcako zaleei zer egingo zuten denboraldian horretan, jokalariak fitxatu ezinik eta zituztenei ordaindu ezinik zeudenean, baikorrenak ere ez luke sailkapen hau esango. Champions Leaguean jokatzeko postuetan daude, eta gutxirekin, joko txukuna egiten du. Manzanok, uzten bazaio, magia egiteko ahalmena duela erakutsi du irletan.
  4. Maila. Baina jar ditzagun gauzak neurrian. Sevillak ez du zelaian CSKA baino hobea denik erakutsi eta Champions Leaguetik kanpora geratu da. Valentzia estu ibili da Werder Bremen kanporatzeko. Real Madrilek Lyonen aurka enegarrenez utzi zuen Txapeldunen liga. Athleticek Anderletchen aurka ez zuen neurria eman. Zein da Espainiako ligaren maila Europako beste ligenarekin alderatuta? Espanyol-Sevilla larunbateko partida ikusita, liga honetan kalitate gutxi dagoela ikusten da.
  5. Messi. Hitzak bukatzen dira argentinar gaztearekin. 8 gol sartu ditu jarraian, bi hattrick, 25 gol daramatza (Espanyol taldeak batera baino gehiago) eta okerrago dena, partida estu jartzen denean ez da ezkutatzen. Historikoa izango da jokalari hau, jada ez bada. Begira gaurko kirol kazetak.

Athletic Europako postuetan da

Irudia | Athletic Europako postuetan da | Ezezaguna | LGPL