Altxorra

Bazen behin lurralde magiko eta miresgarri bat, altxor handi bat ezkutatu ez ezik, hura bera ere altxor handia zena. Baso berde eta emankorrak zeuden bertan, itsaso zabalarekin lotutakoak amildegi eta hondartza ederrei esker. Herritarrak oso zoriontsu bizi ziren, euren ohiturekin aurrera jarraituz, tente eta ttinko, euren munduan. Hizkuntza xarmangarria zuten, soinu bitxiak zituena eta denek izugarri maite zutena.

Egun batean, haien antzekoak ziren izaki batzuk agertu ziren handik eta hemendik, eta segundo bakar baten ezezagun ziren horiek bizilagun, lagun eta senide izatera pasa ziren. Konturatu gabe, lurralde polit horren biztanleek euren ohiturak galdu zituzten, paisaiaz disfrutatzeari utzi zioten. Borrokatzera ekin zioten, agian jakin gabe ere zerengatik ari ziren borrokan. Zenbat eta denbora gehiago pasa berriekin, orduan eta gutxiago zirauten euren betiko elkarbizitzan.

Ezezagun horien bizimodua bereganatu zuten guztiz, sinesteak haurrentzako istorio bilakatuz eta gertakizunak antzinako legendetan islatuz. Kanpotarrei bertako hizkuntza ezinezkoa egiten zitzaien; x eta z gehiegi omen zeuden. Horregatik, inplizituki erabaki zuten denen arteko komunikazioa sustatzeko, lurralde horien biztanleek hizkuntza berria ikasiko zutela.

Gutxinaka-gutxinaka, geroz eta jende gutxiagok zerabiltzan hitz arraro horiek, mendietan isolaturik geratzen joan ziren eta guzti. Kultura aberats hau bere zuen eremu geografikoa murrizten joan zen, hortaz.

Egun, badaude (hor nonbait) aspaldiko arbasoengandik kultura horrekiko zaletasuna heredatu duten gutxi batzuk, badakitenak zergatik eta zertarako borrokatzen duten: Historia inork ahaztu ez dezan; euren herriaren sustraiak berpiztu daitezen eta hizkuntza eder, berezi eta bakar horrek aurrera jarrai dezan, hizkuntzarik ez balego ez litzatekeelako kulturarik egongo.

Herritar horiek diote, poztasunez eta irribarretsu euren hizkuntzak iragana osatu zuela, oraina sortzen ari dela eta etorkizuna eraikitzen diharduela. Azken finean, eroak egon beharko lirateke altxor bati agur esateko, ezta?

 

\"\"

 

Banago, beraz, existitzen naiz.

5 pentsamendu “Altxorra”-ri buruz

  • Ez dakit zergatik, baina ezaguna egiten zait… Nongoa ote istorio hori?

  • Bianako Printzea 2012-05-27 17:26

    Guzti-guztiaren errua kanpotarrek eta berriek. Hemen, justiziaren erresuman, denak santuak eta pekatu guztietatik libreak, ohitura perfektuen jabeak. Bai, niri ere ezaguna egiten zait…

    • Erruarena norbere interpretazioa da. Nik neuk uste dut gure errua dela kanpotarrek gure hizkuntza ikas dezaten sustatu beharrean guk beraienera jotzea.

  • Amonamantangorri 2012-05-27 17:39

    Hasieran uste nuen testu ironikoa zela, diskurtso sasiabertzale jakin baten deskribatu ohi duen arkadia zoriontsua modu irrigarrian imitatu nahi zuela: Su Ta Garren “Arbasoen mendekua”, Etsaiaken “Bakearen Guda”, eta holakoak. Bigarren parrafoaren erdialdeteik aurrera ohartu naiz ez zela horrela, serio ari zela.

    Nik bederen, ez dut sinesten oraingo garaia baino hobea izan den iragan horretan: ez dut uste horrelakorik sekulan esistitu denik (ningún tiempo pasado fue mejor, alegia).

    Hori, nire ustez, ez da egiazko nazionalismoa; hori folklorismoa da.

  •  

    Nazionalismoa, folklorismoa eta errua baino haratago dihoan zerbait da: erdi-asmatsutako Historia eta istorioa nahasten dituen testu soila. Gauza asko ezustekoan gertatzen dira, inork ezer egin ez dezakeenean, horregatik gertatzen dira eboluzioa, garapena eta lurralde edo pertsona multzo batek jasaten dituen aldaketak. Garai perfektuak ez dira existitzen, hasteko, bakoitzak perfekzioaren ikuspegi bat duelako. Erruaz hitz egiteak ez du merezi, munduan etengabe egon diren gertakariez hitz egiten bizitza osoa pasa baikenezake, inora iritsi gabe eta benetan jakin gabe “norena izan zen errua” (errepikatzen det, bakoitzak bere ikuspuntua edukiko baitu).

     

    Azaleratu nahi izan dudana da Euskal Herriak horrenbeste urteetan zehar gauza batzuk galdu dituela, eta orain dela gutxira arte ez zegoela inor Euskal Herria den altxorragatik “borrokatzeko” prest. Ez du zertan independentzia edo autonomiagatik izan, baizik eta altxor hori osatzen duten elementuen defentsagatik, hala nola, euskararena.

     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak