«Gauak lehergailuz saturatua dirudi» Palestinako poesia garaikidearen bilduma bat 1/4 [poetische samizdat]

Eguenarekin dator MARTITZEN PAMPHLETARIOA. Bai. Palestinatik Belgikan barna.

Zergatik eta nola? Bada Uberan webguneko Imanol Ubedak egin zigun eskaintza: hitzak jarri Oskar Benas pintore eta gitarra-jotzaile bikainaren bost irudi okularri. Hor hasi zen kontua. Puxkinen bi poema itzuli genituen eta Aiman Ghabarijeh, Walid Xeikh eta Nahwan Darwix-en bana. Aitzakia horrekin hogei poema itzuli ditugu azkenerako. Egungo hamar poeta palestinarren hogei poema hain zuzen. Roque Daltonen bildumarekin egin bezala astero jasoko dituzu: faszikuluka.

Arabierarik ez dakien panfleto honen irakurle frantsesduna Le poème palestinien contemporain (Le Taillis Pré, 2008 Châtelineau, Belgika: 17€) liburura bideratzen dugu zuzenean. Guk bertatik itzuli ditugu bertsoak. Testuen hautua eta aurkezpena Ghasan Zaktan-ek (1954 Beit Jala, Belenetik gertu, Palestina) egina da, frantseserako itzulpena Antonie Jockey-k (1966 Beirut, Libano) eta hitzaurrea Éric Brogniet-k.

Gaurkoan profitatu Khaled Abdallah(1970 Gaza, Palestina), Zuheir Abu Xaieb(1958 Deir Al-Ghssun, Palestina) eta Mahmud Abu Haxax (Fuwwar eremua, Galileatik gertu, Palestina)-en lau poemokin.

ITZULPENA ERE MAILUA DELAKO jaso gure bildumaren lehen atala pedeefean:

29 palestina 1-4

Andreas eta Gudrun UMPS-[ag]

<ezin da edozer defendatu baina bide guztiak dira zilegi>

Zuheir Abu Xaieb (1958 Deir Al-Ghssun, Palestina)

Al Karmel aldizkarian argitaratua.

 

ETORRI GARA BAINA LEKUA JADA EZ ZEGOEN BERTAN

 

Ez duzue lurrik utzi guk gainean amets egiteko

utziguzue zerua haren ordez ikus dezagun

utziguzue lehenaldia dagoen bezala

beste leku batean

oraindik heldu ez den lehenaldia

utziguzue lilura

basamortua zeharka dezagun Jainkoarenganaino

basamortua ikas dezagun

argi dirdira

eta nostalgia.

 

Etorri gara baina lekua jada ez zegoen bertan

mendietan zintzilikatu ditugu etxeak

aiton-amonen arimak balira bezala

eta ohitu gara iragaten den denborara.

 

Arin etorri gara

agian gaua delako

area

huts ezjakina

non baliteke

gu geu izan nahian etorri garela gu geu

edo ametsetan ahazturik gelditzeko

edo Historiari esateko:

hartu gure izenetatik nahi duzuna

eta utziguzu dirdira pixka bat ikusi ahal izateko

zenbat palmondo

zenbat amets

zenbat basamortu daude guregan.

Mahmud Abu Haxax (Fuwwar eremua, Galileatik gertu, Palestina)

Bahiketa, 2006, Argitalpenen etxe arabiarra, 2006 Beirut.

IRUDITZEA

Gauak lehergailuz saturatua dirudi. Gaur arratsean bigarren eskuko

hondartzarako aulkia eta kanaberazko mahaia

erosi ditut. Otu zait mahaiak balkoirako ere balio zezakeela

eta zaurituak garraiatzeko,

duela hilabeteak ez naizela balkoian eseri eta duela

urteak ezin izan dudala itsasoa ikusi – gerran galdu genuen

auzoan dagoen mendiko koloniak balkoiko edalontzia

aizto bihurtu du. Baina gau honetan desirak eta ilargiak

gorputza lehen bezala zabaltzera gonbidatu naute

denboraren jabe egitera

aulkia aitzaki hutsa balitz bezala.

ITZULERA

 

Nire pausuen gainera itzuli nintzen. Erdi-jandako sagar

batez oroitu nintzen. Nire hortzek landutako sagar bat

nire atzean uztearen ideiak terrorizatu ninduen. Nire amak

ez ziokeen imintzio eta ulu egiteari utziko: «ez du

sagarra bukatu». Bertaratutakoen begien aurrean

ez lioke beste erdia inarrosteari utziko, usteldu arte, bere eskuan.

Irtetean ateari talka egin aurretik zakarrontzira

bota dut.

Nire atzean utziz gauza guztiak.

Eta erdi bukatutako poemak.

 

 


Andreas Bernd Baader (1943ko maiatzaren 6a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da, astia duenean margotzen du. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| Gudrun Ensslin (1940ko abuztuaren 15a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da. Hegelen ondorengoa da, biolina jotzen du idazteaz gainera. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| [zuzeu.com [g.ensslin&a.baader-blog [@andreas_gudrun-twitter [andreasetagudrun@gmail.com [zureAuzokoHorman [samizdatElebiduna

Zer duzu buruan “«Gauak lehergailuz saturatua dirudi» Palestinako poesia garaikidearen bilduma bat 1/4 [poetische samizdat]”-ri buruz

  • Etorri gara baina lekua ez zegoen bertan…esaldia ikaragarria da….oso potentea ez den lekuari idaztea…eta ez lekutik etxea, adiskideak iragana zein oraina ( berriro) irudikatzea..
    Ederra..

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak