Miren Asiain Lora: “Iritsi da hormak zikintzeko momentua!”

Iruindar gazteak 2012ko Etxepare Ilustrazio Saria irabazi du ‘Hara!’ haurrentzako bildumari esker. Arte Ederretan lizentziaduna, egunerokotasuna eta fantasia nahastu ditu marrazkietan, perfekziotik urrun. Tarte libreak ere sorkuntzarako erabiltzen ditu, bizitzako istant bakoitza forma ezberdinetan izoztuz.

Irudiei milaka buelta ematen dizkien horietakoa zara, ala amaituta dituzunean utzi eta hurrengoarekin hasten zara?
Espontaneoa naizela uste dut, gauzak suertatzen diren moduan lantzen baititut, jolasa bailiran; azken batean, emaitza ona lortzea da jomuga.  Hala ere, horrek ez du esan nahi ilustrazioei bueltak ematen ez dizkiedanik: lehenengo sortutako irudiarekin geratzen banaiz ere, mila aldiz pentsatu dudalako izaten da.

Irudiei testua ere gehitzen diezu…
Ez ditut testu luzeak idazten, esaldi motzak baizik, pista modukoak; eta nork bere bidetik jarraitzeko aukera zabalik uzten dut. Xelebrea da, nire logelako paretetan edota koadernoetan esaldi solteak baino ez ditudalako idazten. Batzuk inkontzienteki irteten zaizkit, nire pentsamenduetatik; beste batzuetan, duten zentzua gustatzen zait. Zenbaitetan, aldiz, kaligrafia probatzeko baino ez ditut idazten!

Zure lanak “inperfekzio erakargarri bat” duela dio Jon Zabaletak, saria eman dizun epaimahaiko kideetako batek. Nola azalduko zenuke hori?
Nik uste dut lehen esandako berezkotasun horrekin loturik dagoela. Inperfekzioa edo dena delakoa prozesuaren atal bat gehiago da, eta nire kasuan, horixe bilatzen dut zenbaitetan. Gustuko dut perfekziorik eza erakustea, eta horretaz baliatzen naiz.

Ilustraziotik haratago, argazkigintzan ere aritzen zarela ikusi dut. Flickr-en kontu bat bete duzu dagoeneko!
Bat ez, bi! –barrez–. Eta orain hirugarrenarekin hasi naiz. Maite dut argazkiak ateratzea, nire egunerokotasunaren unetxoak gordetzeko baliabidea baita. Batzuetan, dena den, “zertarako ari ote naiz etengabe argazkiak ateratzen?” galdetzen diot nire buruari, eta kamera uzten dut denbora batez. Baina berehala pasatzen zait haserrealdia, eta argazkiak egiten jarraitzeko beharra sentitzen dut.

Elkarrizketa osoa eta ilustrazioak gaztezulo.com-en

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak