Hizlari kimikoak aztergai Elhuyar aldizkariko maiatzeko zenbakian

  • Landareek edo mikroorganismoek komunikatzeko erabiltzen dituzten mezu kimikoak ezagutzeko aukera.
  • Hizlari kimiko horiek ikertzen ari dira, besteak beste, antibiotiko eta fungizida berriak sortzeko.

Begirik eta belarririk ez duten izakietan, komunikazioa kimika kontua izaten da. Landareak, adibidez, komunikatzaile petoak dira; hamaika mezu kimiko bidaltzen dituzte: aurkariak uxatzeko, lagunak erakartzeko, ingurukoak ohartarazteko, ahaideak ezagutzeko… Mikroorganismoek ere hizkuntza kimikoa erabiltzen dute, indarrak batu, eta bakarrik ezingo luketena taldean egiteko, edo inguruan zer dagoen jakin eta horren arabera zer egin erabakitzeko. Ikertzaileak hizkuntza horiek ulertu eta ustiatu nahian dabiltza, besteak beste, antibiotiko eta fungizida berriak sortzeko, edo landareei haien berezko defentsak erabiliz etsaiei aurre egiten laguntzeko.

Landare, onddo eta bakterioek izaten dituzten hitzik gabeko elkarrizketei eskaini dizkiegu Elhuyar aldizkariaren maiatzeko zenbakiaren erreportaje nagusiak.

Besteak beste, erreportaje hauek ere aurkituko dituzu Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren maiatzeko zenbakian: Informatikaren jasangarritasunaz. Green Computing kontzeptua oso modan dago azkenaldian, eta gailu elektronikoen ekoizle ugarik dute ekologikoak direla dioen ziurtagiriren bat. Baina benetan jasangarria da gaur egungo informatikak jarraitzen duen eredua? Leize-hartz baten ibilerak aro modernoan. Lezetxiki kobazuloan, 2007ko indusketa-kanpainaren azken egunean, leize-hartz baten garezurra aurkitu zuten EHUko arkeologoek. Lurpetik laborategietara pasatu zen fosila, eta ikerketa-metodo sofistikatuen ikergai bilakatu zen. Zientzialarien arteko bidaia bat hasi zuen aro modernoan, eta, Elhuyarren, jarraipena egin diogu bidaia horri; Herentziazko minbiziak. Minbizi gehienen eragilea ezezaguna bada ere, jakina da kasu batzuek jatorri genetikoa dutela. Kasu horiek identifikatuz gero, gaitzaren garapena eragozteko neurriak hartzeko aukera dago. Aldi berean, ikertzaileak minbizi horiek hobeto ezagutzeko ahaleginetan dabiltza. Hain zuzen, minbizien ikerketa eta ezagutza gako dira haien aurkako borrokan aurrera egiteko. Horri buruzko analisia egin du Jose Antonio Rodriguez EHUko ikertzaileak; Neuromarketina. Neuromarketinak kontsumitzaileon portaera irrazionalak ulertzeko eta gidatzeko tresnak eskaintzen dizkie enpresei, teknika publizitarioak hobetzeko, eta, hala, haien produktuen markak gure garunean ezartzen laguntzeko. EHUko ikertzaile Leire Echeazarra aritu da gai librean; Istorioak: Julio Ortiz de Barron. Julio Ortiz de Barron arabarrak ureztatzeko gailu birakaria asmatu zuen, “Aparato giratorio para el riego de jardines y huertas” dio patentearen liburuxkaren portadan. Gerrak patentea galarazi zion, eta denborak ahanztura ekarri. Iloben ahotik berreskuratu dugu asmatzailearen istorioa.

Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago, liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak