Elhuyar Fundazioaren Teknoskopioa proiektu-lehiaketaren irabazleak Zornotzako Karmengo ama eta Donostiako Axular lizeoko ikasleak

Zornotzako Karmengo amako ikasleak saria jasotzenElhuyar Fundazioak antolatzen duen Teknoskopioa proiektu-lehiaketaren azoka eta  sari-banaketaren ekitaldia ostiralean egin ziren UPV/EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta FECYTen babesarekin.

Guztira 75 talde aritu dira lehian azaroan hasi zen proiektu-lehiaketa honetan. 21 taldek amaitu dute 2. fasea, eta haietatik 11 pasatu dira 3. fasera.

Bertaratu diren herritarrek talde horien guztien proiektuak ezagutzeko aukera paregabea izan zuten EHUren Bizkaia Aretoan egin zen proiektu-azokan. Parte-hartzaile guztiek stand bana izan zuten bisitariei beren proiektuaren berri emateko.

Proiektu onenentzako sariak:

  • Ikerketa-proiektuen modalitatea: Gikore Proiektua (KARMENGO AMA, Amorebieta-Etxano):  Maitane Artetxe, Lander Moya, Oier Beaskoetxea, Rafa Diez-Coronado
  • Proiektu teknologikoen modalitatea: Ukipen plano digitala (AXULAR LIZEOA, Donostia): Imanol Perez, Javier Gaminde, Andrea Arrechea, Haitz Olaverri.

 Komunikazioaren sariak:

  • Ikerketa-proiektuen modalitatea: Alergenoen kontrola (LAURO IKASTOLA, Lauroeta): Ane Orbezua, Beñat Isunza, Jon Viar, Gaizka Olabarria.
  • Proiektu teknologikoen modalitatea: Denboraz besteko mugikorra (HERNANI BHI, Hernani): Josu Azkue, Ander Killian Gray, Aritz Hernani, Aitor Ugarte.

Proiektu onenaren sariaren talde irabazleetako kide bakoitzak tableta bat eta Tecnalia korporazioaren zentro teknologiko bateko ikertzaileen lana bertatik bertara ezagutzeko egonaldi bat irabazi ditu.

Ikerketaren eta hezkuntzaren arloko pertsonek osatu zuten epaimahaia: Elvira Gonzalez, Hezkuntza Saileko natura-zientzietako aholkularia; Joseba Alkorta, Hezkuntza Saileko teknologia-aholkularia; Aitziber Lasa, Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa saileko kidea eta Ana Galarraga, Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa saileko kidea.

Finalera iritsi diren proiektu guztiak ikusgai daude http://teknoskopioa.elhuyar.org webgunean.

Teknoskopioari buruz

Elhuyar Fundazioak duela 8 urte abian jarritako proiektua da Teknoskopioa, baina urtez urte eraberritu eta handitu egin da. Iaz, ideia-lehiaketa bat izatetik proiektu-lehiaketa bat izatera pasatu zen. Eta aurten, Ausolan eta UPV/EHU-BFA Kultura Zientifikoaren katedraren laguntzarekin, lehen aldiz Euskal Herrian, gazteen proiektuen azoka egin da. Teknoskopioaren helburua da gazteak ikerketan eta ikertzaileen jardueran murgiltzea, eta ikerketa edo proiektu teknologiko bat antolatzera bultzatzea. Beraz, proiektu baten prozesu osoan hartu dute parte gazteek: ideia sortu, prozedura diseinatu, pausoz pauso hura gauzatu eta ondorioak atera. Proiektuak garatzeaz gain, gizarteari komunikatzeko gaitasuna ere erakutsi behar izan dute ikasleek.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.