Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatuko da Zumaian, maiatzaren 6an

Gipuzkoako Bertso Eskolen VIII. Eguna ospatuko da datorren igandean, maiatzak 6, Zumaian. Gaur goizean izan da Egunaren aurkezpena Zumaiako Oxford aretoan, eta bertan izan dira Iñaki Agirrezabalaga alkatea, Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Transmisio eragilea eta Joanito Dorronsoro Zumaiako Bertso Eskolaren izenean.

Bertso Eskolen Egunaren helburua izango da Gipuzkoako Bertso Eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea.

Maiatzaren 6ko egitaraua ekintzaz bete-bete izango da: goizeko 10.30ean Zumaiako plazan elkartuko dira Gipuzkoa osotik etorritako haurrak; 10.45ean Lip Dub-a grabatzeko lanean hasiko dira bertsoeskolakideak Zumaiako kaleetan zehar. Bazkalordua izango da 13.30ak inguruan, eta jarraian, 14.30ean, jolas bereziekin gozatzeko aukera izango dute.

16.00etan bertso-trama berezia izango da Maria eta Jose ikastetxean; Josu Goikoetxea gai-jartzaile lanetan izango delarik, kantari arituko dira Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Aitor Sarriegi. Ekitaldiaren amaieran goizean zehar grabatutako Lip Dub-a ikusteko aukera izango dute haurrek, eta arratsaldeko 18.00ak inguruan emango zaio bukaera aurtengo Bertso Eskolen Egunari.

Ekimenari babes zabala

Gaur goizean egin den prentsaurrekoan, Iñaki Agirrezabalaga alkateak Zumaiako Bertso Eskolaren ibilbidea goraipatu nahi izan du, Joanito Dorronsororen itzala adibidetzat hartuta.

Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Transmisio eragileak egungo Gipuzkoako Bertso Eskolaren sarearen inguruko egoera azaldu du. “Hezkuntza Arautuko proiektuan, Gipuzkoako 9.329 neska-mutiko (joan zen ikasturtean baino seiehun gehiago) inguruk jasotzen dituzte bertsolaritza-eskolak Gipuzkoako bederatzi bailaratan, eta 49 herritan banatuta dauden 124 ikastetxetan”, argitu du Soraluzek. Honen harira, Hezkuntza Arautuko proiektua ahalbidetzen duten udal eta ikastetxe guztien lana eta konpromisoa eskertu nahi izan du.

Gipuzkoako Bertso Eskolen dat, Edurne Soraluzek gaineratu du “guztira, 715 pertsonek parte hartzen dutela Gipuzkoa osoko bertso eskoletan. Parte hartzaile kopuru altuena haurren bertso eskoletan dago, %68,67; helduetan, berriz, %31,33 dira”.

Bukatzeko, Soraluzek eskerrak eman nahi izan dizkie ekimenaren babesle izan direnei: “urtero bezala, eskerrak eman behar dizkiogu Gipuzkoako Foru Aldundiari transmisio proiektuari ematen dion sostenguagatik eta Bertso Eskolen Egunari laguntza emateagatik”. Eta nola, “aurtengo honetan Zumaiako Udalari ere eskerrak eman behar dizkiogu, Bertso Eskolen Eguna antolatzeko eman dituzten erraztasunengatik.

Prentsaurrekoarekin amaitzeko, Joanito Dorronsoro Zumaiako Bertso Eskolako ordezkariak Bertso Eskolen Eguna antolatzeko izan duten ilusioa eta gogoa nabarmendu ditu, antolatzaileekin izandako harremana gorestearekin batera.

Bertsolaritzaren transmisioaren plan estrategikoa

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren transmisioa bermatuko duen plan estrategikoa lantzen dihardu azken urte hauetan; etengabeko hausnarketa prozesuan da GBErena eta plan estrategikoa hiru erpineko hiruki batekin irudikatzen du bere lan-eremua: Hezkuntza arautua, Bertso-eskolak eta jarduera osagarriak.

Hezkuntza Arautuan jada Gipuzkoako ikastetxeen sarea nabarmen hazten joan da azken urteetan, egun Bertsolaritza-eskolak 9.000tik gora haurrengana iristea lortu baita. Horrekin batera, Gipuzkoako Bertso Eskolen sarea ehuntzea da GBEren helburu oinarrizkoetakoa. Helburu nagusia da herri bakoitzak bertso eskola bat izatea, ahal den heinean, mugimendu bakoitzaren autonomia errespetatuz eta haiek dituzten beharren zerbitzura.

Azkenik, jarduera osagarriei dagokienez bertso udalekuak dira, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen gidaritzapean, jarduera nagusietakoa. Horrekin batera, aurten 8. aldiz ospatuko den Bertso Eskolen Eguna ere plan estrategikoaren erpin honetan kokatzen da.