Adierazpen askatasuna kolokan zaldi baten erruz

Prentsa askatasunaren eguna den honetan jakin dugu Demainonline agerkari marokoarrari gertatutakoa. Editorial batean argitaratu dutenez, saboteatu egin dute Demainonline. Kausa zaldi bat izan omen da, edo, behintzat hala diote ZuZeuren lagunetakoa den Ali Lmrabet-ek gidatzen duen agerkarian.

Artikulu honek eragin omen du dena. Egia da txantxa askorekin dagoela idatzita titulutik bertatik: Rivulus de la Vande Errege Gorentasuna, baina ez da gutxiagorako Marokon gauzak dauden egoeran egonda. Ematen du egia dela Errege guztiak kasta berekoak direla, batzuk elefantetan, eta besteak zaldi kontutan. Bai.

Albistean kontatzen denez, Rivulus izeneko bigarren pertxeroi bat erosi zuen duela urtebete Mohamed VI.ak, 15.000 euro ordainduta. Zaldia zaharra da berez, eta ez du lanerako balio. Horregatik saldu ei zion aurreko jabeak, Blanchet jaunak, hain merke, erretiratu egingo zuelako zaldia ariketetatik eta sultanak Frantziako Betz hirian duen neguko jauregian gordeko zuelako aurrerantzean, goxo-goxo zainduta, Quintus de laVande deitzen den beste zaldi baten konpainian.

Saïd Salmi sinatzaileak dio artikuluaren amaieran: “Zure erretiroa Frantziako chateau batean igaro nahi duenetakoa bazara, ongi elikatuta, txerto guztiak hartuta eta zainketa espezializatu artean, bihur zaitez zaldi. Baina kasu!, zaldi frantziar behar du eta ez marokoar”.

Gaurko editorialean diote, zaldiaren artikulua argitaratuz geroztik, arazoak eduki dituztela Demainonline kudeatzeko. Geu gara testigu, atzo egun guztian ez baikenuen bertan sartzerik lortu. Diotenez, denbora asko galdu dute gauzak konpontzen, eta informazioak ere desagertu dira ordenadoreetatik. Baina prentsa askatasunaren nazioarteko egun honetan, lanari ekin diotela ostera ere.

Hori bai, hurrengora arte.

Airetik bizi naiz. Ia.