Massive Attack ”Mezzanine” (1998)

Massive Attack ''Mezzanine''Massive Attack 80. hamarkadako Ingalaterrako klub giroan sortu eta 90. hamarkadan trip-hop mugimenduaren ikur nagusia bilakatu zen. Hamarkada osoan mugimendua hedatzen joan arren, 1998an atera Mezzanine hirugarren lan honekin, itsatsita zeukaten etiketa hura urratu nahian edo, entzulea dub-wave giroan murgiarazi zuten, beren diskografiako diskorik hotzena eta beltzena grabatuz. Izan ere, Protection-etik lau urte iragan zirenean, kakalardoaren diskoak ezuste handia eman zuen garai hartan, ordura arte, Bristoleko taldeak, beste iturri batzuetatik edaten zuen halako soul garaikide batera ohitu gintuelako.

Oraingoan baina, bere erreferentziak erabat aldatu dira eta The Cure bezalako taldeen sanpleak dira hemen agertzen direnak. Jakina da garai hartan sekulako tirabirak izan zirela taldekideen artean eta ondorioz, grabaketa oso luzea eta konplexua izan zela. Nabari da soinu geruza asko pilatu dituztela eta kantuak nahiko korapilatsuak dira. Aitortu behar da halere, taldeak kantuak sortzeko modu berri bat asmatu zuela : sanpleak, gitarra geruzak, erritmo kutxak eta dub estiloko baxu potolo bat osagai gisa erabili eta horri guziari, abeslari ezberdinen ahotsak txertatu.

Txanpon honek beste alderik badu ere, noski. Iduritzen zait Massive Attack askoz hobea dela diskoan zuzenean baino. Betidanik zailtasun handiak izan dituzte diskoetako aberastasun ikaragarri hori zuzenean transmititzeko. Ahots desberdinen pilaketa horrek ez du kohesioa laguntzen gainera. Horace Andy-rekin ari ziren urteak kenduta, abeslari finkorik izan ezean, nortasuna gutxiko talde bat bezala agertzen da.

Baliteke Mezzanine hau taldearen maisulana izatea. Funtsean, hau da nazioarteko ospea eman zien diskoa. 2000. urteetan taldea bigarren maila batera iragan da. 100th Window (2003) edota Heligoland (2010) bezalako diskoek ez dituzte zaleen itxaropenak nehundik ere bete. Oraindik gu harriarazteko gaitasunik ba ote dute? Ez dirudi erraza.

http://binilobalak.blogspot.fr/

4 pentsamendu “Massive Attack ”Mezzanine” (1998)”-ri buruz

  • Disko horren bitartez ezagutu nuen nik Massive Attack duela hamar urte. The Cure nire talderik gogokoena izan zen laurogeiko hamarkadan, baina ez nuen inoiz disko honen eta The Curen arteko lotura egin, eta oraindik ere zerikusi gutxi dutela iruditzen zait.

    Bestalde, betidanik irakurri izan dut “Blue Lines” zela Massive Attack-en benetako maisulana: trip hop estiloa definitu zuena. “Blue Lines” eta “Protection” entzun ondoren, nire gusturako bi disko horiek dira Massive Attack-en onenak, agian ez borobilenak, baina bai abestirik ederrenak dituztenak. “Mezzanine”-k ez dauka hainbeste abesti banderarik, baina agian homogeneoagoa da. Hori bai, “Risinsong” abestia bikaina da.

    Aizu, egin daitezke eskaerak? Beno, hor doa: egin al dezakezu Pixies-en artikulu bat?

  • Tira, “Teardrop” abestia ere bikaina da…

  • ‘Teadrop’-en bertsio bikaina José González-ek.

  • Arrazoia daukazu, Massive Attack eta The Cure taldeek zerikusi gutxi daukate. Bakarrik iduritzen zait “Mezzanine” honentzat taldearen eraginak zertxobait aldatu direla, adibidez “Man Next Door” abestian The Cure-ren “10:15 Saturday Night” kantuaren sanple bat badago. Pixies ? Plazer handiz izanen da ! “Doolittle” ezinbestekoa iduritzen zait baina “Surfer Rosa” eta “Bossanova” ere hor daude…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak