ZuZeu merkuriozkoa da

Jakingo duzunez, joan zen Apirilaren 14an hiru urte bete genituen, eta horrexen karietara itxura eta antolamendu berria ekarri genuen geure orainkari honetara. Pentsatu nahi dugu, honez gero ohitu zarela zeu ere. Baina beti bada zer hobeturik, esaterako, ZuZeuko erredaktoreon artean bekainak deitzen ditugun horien artean. Plazer baduzu, lagun iezaguzu hobetzen, zeuretzat ere bada eta.

 

ZuZeuren asmoetako bat da Internet zale euskaldunak orainkari horizontal honen bidez egin dezala sarerako bidea. Erran nahi da,  ZuZeuk etengabe berritzen dituen  edukiez gain, euskaraz Interneten egiten den gainerako aukeretarako bidea ere eskaini nahi diola euskal internautari. Jakina, zeregin hori amaiezina da, beti sortzen baitira proposamen berriak, euskaraz ere, nonahi. Zorionez.

Ez dugu astun jartzeko asmorik, gainera ez gara politikariak, baina haiek usu erabiltzen duten  hitzetako bat asko gustatzen zaigu geuri ere: estrategikoa. Bai, Interneti estrategikoa deritzogu euskararen aurreramenduan. Ezinbestekoa irizten diogu Interneti etorkizunean euskararik izango bada.

Esan bezala, ZuZeura jotzen duen euskaldunarentzat sarbide egokia egitea da gure xedeetako bat. Honela antolatu ditugu gure bekainak, ZuZeun eskaintzen ditugunez gain, besteek ere euskaraz eskaintzen dituzten aukera nabarmenenak nahi ditugu ekarri bertara. Nolabait esateko, mundua eskura nahi diogu ipini euskal Internet zaleari.

  • SINADURAK. Bertan daude ZuZeuren orbitako blogariak. Zeuk ere tarteko izan nahi baduzu, gonbidatua zaude.
  • SAILAK. ZuZeuren argitaratutako edukiak gaien arabera antolatutako aurkibidea da.
  • HEDABIDEAK. Euskaraz argitaratzen diren sareko hedabide nagusiak daude bertan. (Baten bat falta bada, esaiguzu.)
  • BLOGARIAK. Sarean aurki daitezkeen euskal blogari interesgarrienetakoak. (Baten bat falta bada, esaiguzu.)
  • GAIAK. Interes beretsua lantzen duten pertsonen gunea. (Baten bat falta bada, esaiguzu.)
  • ZERBITZUAK. Euskal herritarrok sarean ditugun zerbitzu nagusiak. (Baten bat falta bada, esaiguzu.
  • ERDARETAN. Hemen bildu ditugu gainerako hizkuntzetan egiten diren agerkari digital nabarmenak.

 

Baina seguru, hala ere, beste zerbait ere jarriko zenukeela. Ez da?

Dakizunez, ZuZeuk ez du amaierarik, geldirik egoten ez dakien  merkurio tanto handi baten antzekoa baita: ez solido, ez likido,  ezegonkorrra zeharo, ia beti apur, inoiz atoloi, noiznahi irla eta beti kontinente. Hori bai, zu eta gu biltzen gaituen kontinente zeharo horizontala.

Baina kontuz, Zuzeuk ere kutsatu egiten du merkurioak bezala, nahiz eta haren bestekora, Zuzeuk kalterik ez eragin. Ala bai?

 

 

 

 

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.