Sare sozialen bidez zabaltzen diren azken orduko albisteen erdiak faltsuak dira

Internetek berriak momentuan eskuratzeko aukera eman digu, eta sare sozialek azkartasun hori areagotu dute. Zerbait gertatu eta minutu gutxira, albisteak sare sozialen bidez bidaiatzen du ziberespazioan zehar, munduko erabiltzaileengana iritsi arte. Bitartekaririk gabeko albiste hedapena ahalbidetzen du, hedabideek landu eta zabaldu baino lehen. Horrela, pixkanaka, hedabide sozialek ohiko hedabideak ordezkatzen ari dira. Are gehiago; zenbaitetan, hedabideek ere sare sozialak hartu ohi dituzte informazio iturri gisa.

Nola jasotzen dugu informazioa “internetlariok”? Hona datu sorta [Iturria: Schools.com, AEB]:

Iturri berriak:

  • Erabiltzaileeen %50 baino gehiagok azken orduko albisteren bat jaso izan du sare sozialen bidez ohiko hedabideen bidez baino lehenago.
  • Erabiltzaileeen %46k albisteak online jasotzen dituzte astean hirutan behintzat.
  • 2012an, sareko albisteek lortutako publizitate diru-sarrerak paperezkoek lortu zutena baino handiagoak izan dira.

Nola eskuratzen ditugu albisteak?

  • %59,5ek Telebistan
  • %28,8k Egunkarietan
  • %27,8k Sare sozialetan:
    • %59.5 Facebook
    • %19,9 Twitter
    • %12,5 YouTube
    • %11,6 Google+
    • %42,8 Besteak
  • %18,8k Irratian
  • %6k bestelako paperezko argitalpenetan
  • %9,5 Besteetan

Duela urte batzuetako informazio zirkulazioarekin alderatuz, gaur bizi duguna eromen hutsa da, infoxikazioa; hau da, informazio intoxikazioa, etengabeko informazio joan-etorria, ordenagailu eta smartphoneen artean. Baina, askotan, zirkulazioan dabiltzan albiste horietako asko faltsuak dira. Hori nahiko kezkagarria da, Estatu Batuetan egindako ikerketa baten arabera, erabiltzaileek irakurritako azken orduko albisteen ia erdiak (%49,1) faltsuak baitira.

Zenbat aldiz hil da Fidel Castro Twitterren  azken aldian? Diktadore ohia bezala, Twitterrek ospetsu asko hil ditu ere, fenomeno hau nahiko ohikoa bihurtu baita. Baina heriotzak ez ezik, estatu kolpe faltsuak ere zabaldu izan dira, adibidez, apirilaren hasieran Portugalen izandako ustezko estatu kolpea.

Batzuetan gezurrak nahita esanda, baina besteetan Twitterreko 140 karaktereen mugak eragiten duen informazio zehaztasun ezak sortutako gaizkiulertuak direla eta, gauza da zentzuz jokatu behar dugula azken orduko albisteen aurrean. Batez ere kazetariok, primiziaren jabe egitearren bekatu asko egin ohi ditugu eta.

 

 

4 pentsamendu “Sare sozialen bidez zabaltzen diren azken orduko albisteen erdiak faltsuak dira”-ri buruz

  • Beno, ez dut uste ohiko informazio iturriengandik hainbeste aldentzen denik. Telebista eta egunkarietako gezurrak, agian, ez dira hain nabarmenak izango (Fidel castro hil dela eta horrelakoak); baina era sotilagoan manipulatzen dituzte “egiazkoak” diren berriak, izan ere, horretarako “twittero” batek baino baliabide gehiago dituzte.

  • Fidel Castro “diktadore ohia”? Hitzak neurtu behar zenituzke, nire ustez.

    • Iñaki Larrañaga 2012-04-27 15:43

      Aitzol, hitzak neurtzea nahi duzu? ala bere iritzia ezkutatzea zeuri gustatzen ez zaizulako? Alegia, zeure iritzien neurrira idaztea? Nik ere ez nioke Fidel Castrori diktadore deituko, ezta pentsatuta ere. “Diktadoreak” badakigu nork izenpetzen dituen eta zeren izenean (gogoratu Gadaffi). Diktadore ala ez, munduko sarraski handienak Estatu Batuetako “demokratek” egin dituzte; badirudi etengabe gogoratu behar digutela hori. Baina, norbaitek Castro diktadore jotzen badu eta horrela idazten badu, zer egingo diogu ba? :)

      Bide batez, Haitzekin bat. Gezurrak modu sublimeagoan sartzen dizkigute hedabideetatik. Arazoak ez dira gezur frogagarriak, ezin direnak frogatu baino.

      • Ez zen nire helburua inor isilaraztea edo bere iritzia ezkutaraztea, Iñaki. Maite dut modu sanoan eztabaidatzea, eta, hain justu ere, horregatik eman dut nik neure iritzia. Kubaren historiak beti sorrarazi dit miresmena, eta onartzen dut gai horrekin sentikorregia izan nintekeela. Nire ustez, Noemi, modu merkeegian erantsi diozu diktadore adjetiboa Fidel Castrori. Besterik gabe, nire ustez. Horregatik aukeratu nuen, tentuz, “hitza neurtu” esapidea.
        Baina honek ez du artikuluarekin zerikusirik, eta ez du merezi arreta desbideratzeak. Aio!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak