Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB1en (ere)

Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB1en (ere)Orain dela hiru bat aste serio haserretu nintzen ETB 1en ZAINDU programaren lehen atala guztiz espainolez entzundakoan (minutu eskas banako sarrera eta amaiera), euskaraz azpidatziak agian iparraldeko euskaldun espainola ulertzen ez dutenentzat edo (baina azpidatzi sistema berori erabiltzen da, esaterako, ingelesa ikasi dezagun, eta beraz ezin ezkutatukoa da, bide batez, espainola zabaltzeko bitartekoa).

Orduko inpresioak jasoz idatzi eta argitaratu nuen sarean nire salaketatxoa, espres galdetuz Kultura sailburuari, HPSko sailburuordeari eta Lehendakari berari zer gertatzen ote zen, baina ez du inork erantzun.

Ez nintzen nolanahi asaldatu bakarra izan kontua salatzen. Berrian ere argitaratu zen beste ikusle baten salaketa Zuzendariari sailean.

Atzo ikusi ahal izan nituen apropos ETBko NAHIERAN, ZAINDU programaren 2. eta 3. atalak (Biriketako gaixotasunak, eta Gaixotasun kardiobaskularrak -deprimituko naiz hainbeste gaixotasun artean-). Eta, tarteren batean, lehen atalak baino euskara minuturen bat gehiago eskaintzen badute ere, lotsagarriki eman dira hauek ere ia osorik espainolez ETB 1en (euskaraz azpidatziak -eskerrik asko-).

Ez da erabat berria ETB 1en ere espainolezko mintzoak aurkitzea, baina uste dut gobernu hau ‘marra gorri’ guztiak ari dela gurutzatzen batere lotsa barik. Euskarazko telebista lapurtzen ari zaizkigu, eta espainola sartzen azken euskal txokoraino, 101. kate espainoldun bihurtzen duten honetatik ere.

Gaur Eusko Jaurlaritzako ELEBIDEn egin dut salaketa (Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua). Ea inoiz, Jaurlaritza hau, gizarte hau, hasten den, gu euskaldunon Hizkuntza Eskubideak ere Bermatzen, mundu osoko 500 milioi espainoldunenak zaintzen dituen bezain ondo. Edo hobeto, ez? Gu garenez gero hiztun gutxituak, minorizatuak, babestu beharrekoak.

Ez dugu hala ere oraingoz gure bizilagun erdaldun elebakarrek baino eskubide gehiago eskatzen. Konformatuko gara haiei espainolez ziurtatzen zaizkien zerbitzu guztiak, guri ere euskaraz eskaintzearekin. Ez dugu pribilegiorik nahi, beraiek bai dituzten bezala. Baina zoritxarrez guk ez dugu beraiek bezala Konstituzio espainol inposatzaile eta armaturik.

Galdetzen nion ELEBIDEri ea elkarrekin jarri al genezakeen glotozidio salaketarik-edo, edota ea eurek ahalegina egingo duten halako lapurretarik gertatu ez dakigun, edota ezin ote duten ezer egin, edota besteok beste ezer egin ote genezakeen, edota soilik egiten digutena jasan, edo…

Ikusiko dugu zer erantzuten duten, eta zer egiten jarraitzen duten.

Demokrazia euskaldunontzako!

Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB1en (ere)

8 pentsamendu “Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB1en (ere)”-ri buruz

  • Arrazoi duzu, Finlandia bezalako programan baita ere hasiak dira erdara hutsean hitz egiten. Ez dira hitz solteak, esaldiak botatzen dituzte lasai asko, umorea egiten ari direnaren aitzakian. Nik ez dakit nola prestatzen diren joku zikin honetara beraien burua euskalzaletzat izanik.

  • Espainolak ez dauka inolako kulparik. Hizkuntzek eta hiztunek ez diote berez inolako kalterik egiten herri-kulturari, euren hizkuntza erabiltzeagatik (gaztelaniaz eta frantsesez euskaraz bezain ondo garatu daiteke Euskal Herriko kultura eta, izan ere, garatu izan da). Euren hizkuntza beste hizkuntzen kontra, beste kulturak deuseztatzeko, erabiltzen dutenek dute kulpa guztia. EITBk hiru urte alutan euskarari egin dion kaltea izugarria izan da, baina EITBk zuzendariak dauzka (jabeak esango nuke) eta jende horrek izenak eta abizenak ditu. Argi eta garbi adierazi behar dira izenok, salatu egin behar dira benetako errudunak, gero koplekin etorri ez daitezen (“ni behartu egin ninduten…”, “sasoiak kontuan hatuta…”). Suriok eta bere kuadrilla erdaldun unionista espainolak larrutik ordaindu beharko dute egindako kaltea.

  • Barkatu eragozpenak, (seguru horrela ez dela egin behar), baina galdera bat dut “Zuzeu-az” arduratzen direnentzat”
    ¿Zergatik aldatu da mezuen gainean ikonoaren eskumara agertzen den izena? Orain jmn azaltzen da, Josemari Navascués agertu beharrean. Eta nik ez dut ezer egin, zin dagit.

  • Joxek dioena egia da. Tira, egia hori baino gordinagoa da, tamalez.

    Hitz solteak ez, ezta esaldi laburrak ere (enfin, horiek ere bai), lehengoan esketx osoa gaztelera hutsean entzunarazi zidaten Finlandian.

    Sinesten ez duenak, ikus dezala bideoa, 41:23tik aurrera.

    http://www.eitb.tv/eu/#/bideoa/1561255607001

    Amorrua, auzo-lotsa, nazka… ez dakit zer sentitu.

  • Negargarria baita ere ETB SATen futbol-jardunaldia nola jorratzen den. Are gehiago, patetikoa agertzea mahai-inguru batean aurkezlea eta 4 kazetari ( euskaldun peto-petoak, ETB1en betidanik futbolaren jarraipena egin dutenak, kirolzale den ororentzat etxekoak ia), espainolez eztabaidan eta partiduak iruzkintzen. Kazetariei eurei ere surrealista egiten zaiela iruditzen zait momentu batzuetan.

    Kirol-emanaldiak erdaldunei euskara helarazteko tresna baliagarriak iruditzen zaizkit. Edukiak sinple samarrak izaten dira eta euskara menperatu gabe jarrai daitezke. Ez da inor hasiko euskaraz Barça-Chelsea ETB1en ikusteagatik, baina zer kontaktu izango du euskararekin EHko erdaldun batek futbola ere espainolez badu? Euskitze eta Tolosa, Aramendi eta Usabiaga … espainolez entzutea izango al da hurrena?

  • Bai Ipuntu, Finlandiako hauek aspaldian hasi ziren Telebista eta Irratia Castellanizatzen. Irrati eta telebista publikoa Gazteleraren zerbitzura jarri dute. Orain badirudi umorea egiteko gaztelera erabili beharra dagoela. Eta hori gutxi balitz etengabe erreferentzia Españolak sartzen dizkigute baraien saioetan, musika española, T5-n azaltzen diren friki taldeei erreferentziak eta abar. Zer pentsatu badute Pagadi, Ilazki eta konpainia.

  • Begira nola aurkezten duten bere burua Oilategikoek eitb web gunean, “Oilategia’ egunerokoaz barre egiteko programa da. Ez dute negarrik nahi, positibo datoz Ilaski Serrano, Jon Iraola eta Mikel Pagadi goizetik eguerdierako trantze atsegin bat igarotzeko asmoz.” Tamalez azken bolada honetan Euskara eta Euskal kulturari ekarpen eskasa egiten dio programak. agian hobe dute horrela aurkeztuko balute programa “Oilategia’ egunerokoaz negar egiteko programa da. Ez dute barrerik nahi,…

  • Ez izan paranoikoak!! Euskaldunok ez dugu izan inoiz umorerik, erderak ikasi genituen arte; gauza bera irainekin. Hain “garbiak” gara!! Eta arazo kardiobaskularrenaz zer esan, ez duzue ulertzen, euskaldunok ez ditugu halako arazoak, ez gara inoiz gaixotzen. ZAINDU programa gai exotikoa da gurean, arrotza, beste kulturak ezagutarazteko antropologia saioa, erdaldunek soilik jasaten dituzten arazoen gainekoa.