Arrotxapean euskarazko Haur Eskola eta Institutua, ja!

haur eskolak2011/2012 ikasturtean Iruñeko Arrotxapea auzoan euskarazko murgiltze ereduan (D eredua) 3 eta 12 urteren arteko 755 ikaslek ikasten dute, hau da, auzoko sare publikoko ikasleriaren % 40k. Portzentaia honek haur eskoletan eta Bigarren Hezkuntzan euskarazko sare publikoan dauden matrikulen portzentaiarekin talka egiten du nabarmen, bi kasuetan % 0 delako eta ez eskaria faltagatik hain zuzen ere, baizik eta eskaintzen ez delako.

Auzoan hiru haur eskola publiko ditugu –bi gaztelaniaz, bat ingelesez eta bat ere ez euskaraz-. Haur eta Lehen Hezkuntzako sare publikoan gaztelaniazko ereduan ikasketak egiteko  aukerarik ez badago, ez du zentzurik bi haur eskolak eredu hau eskaintzea. Ez al litzateke zentzuzkoagoa gutxienez batek matrikulak euskaraz eskaintzea?

Bigarren Hezkuntzan Arrotxapea auzokoa ez ohikoa jo daiteke, eskandalagarria ez erratearren. XXI. mendean bete-betean sartuta, 25.000 bizilagun baino zertxobait gehiago duen auzo batean Institutu publikorik gabe egotea ez da planifikazio txarraren fruitua, planifikazio doilorrarena baizik. Eskola Publikoko D ereduko Bigarren Hezkuntzako ikasleek Biurdana Institutura joan behar dute, auzotik kanpo kokatuta dagoena, eta, gainera, 2013/2014 ikasturtetik aurrera espazio arazo handiak izanen dituena.

Beraz, Jose Iribas jauna (Hezkuntzako kontseilaria) eta Fermin Alonso jauna (Hezkuntza eta Kulturako zinegotzia), ebidentzia matematikoagatik eta Euskararen zuen Legea betetzeagatik (askori bidegabea iruditzen zaiguna) besterik ez bada ere, justizia egin eta gure auzoari merezi duena eta gutxienez % 40k eskatzen duena emateko galdu ezin duzuen aukera duzue (ez ahaztu guztientzat gobernatu behar duzuela, botoa ematen ez dizuetenentzat barne).

Arrotxapeako Euskararen Astea martxoaren 25etik 31ra eginen da. Etorri eta parte hartu bere ekitaldietan, gure hizkuntzarentzat berdintasunezko tratua eskatzeko.

Arrotxapeako Euskalgintza.

 

 

 

5 pentsamendu “Arrotxapean euskarazko Haur Eskola eta Institutua, ja!”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2012-03-16 13:16

    Lasai, Iruñeko administrazioak, eskaini, ez du eskainiko eta. Auzo berri bat eraikitzen denean, beti aurreikusita dago eskola bat, erdal lerrokoa. Euskarazko eskaintza egon dadin, gurasoak berak mugitu behar dira.

  • Ezin gara administrazioaren zain egon, guk geuk sortu beharko dugu Ikastola bat auzoan, auzolanean, gure seme-alabok euskaraz bizi daitezen. Administrazioarekin jai dugu!

  • Ni ere prest nago behar den dirua eta laguntza emateko Arrotxapeak bere haurreskola izan dezan, kontua da handik abiatzea. Noiz hasiko?

  • “Haur eta Lehen Hezkuntzako sare publikoan gaztelaniazko ereduan ikasketak egiteko aukerarik ez badago…” dio testuak. Haur eta Lehen Hezkuntza gazteleraz egiterik dago Arrotxapean. Ez dago aldiz haur eskola euskaldunik ez eta bigarren hezkuntza euskaraz egiterik….Horregatik Arrotxapean haur eskola eta instituto euskaldunak aldarrikatzen dira…eta gurasoen aldarrikapenetik haratago..auzokide guztion aldarrikapenak behar dute izan, Arrotxapea euskalduna berreraiki nahi badugu.
    Martxoaren 24tik 31ra izanen den Euskaraz Bizi astean parte-hartzera animatu nahi zaituztet.
    Arrotxapean haur eskola eta institutoa euskaraz!!!

  • Hori da sortu dezagun haurikastola bat. hori da EUSKAL HERRI OSOKO eredua. Eredu espainolari ateak itxi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak