Besteek bere herrian nahi ez duten zaborra zure herrira eramatea nahi al duzu?

atez ateJakinda gaur egun ezagutzen dugun zabor nahasi eta zikin horren sorrera ekidin daitekeela, nork emango dio baiezkoa galdera horri? Interesagrria izan daiteke erantzuna lortzea, Gipuzkoan topera dauden zabortegien ordezkoa non eraiki behar den argitu dezakeelako. Ala agian urtean 250.000 hondakin erreko dituen erraustegia jartzeko.

Kutsatzeko eta besteei kalte egiteko eskubidea defendatzen duten sasiprogre horiei ahazten zaie beraien argudioen atzean besteen eskubideekiko errespetu falta ikaragarria dagoela. Hondakinak nahastu eta zabor zikin bihurtzea aukera bezala defendatzen duenak, prest egon beharko luke sortu duen zabor kutsakor hori berari bakarrik kalte egingo dion lekuan gordetzeko.

Geurekoikeriak baztertu eta eztabaidari arrazionaltasunez ekiteko garaia da. Ez da posible batzuk eta besteak Atez Atekoaren inguruan esaten dituztenak egia esatea, erabat kontrajarriak baitira. Beraz, ahoa ireki aurretik gomendio bat kirtenkeririk esan nahi ez duenari: Joan dadila Atez Atekoa ezarrita dagoen herri batera eta ikus dezala garbitasuna, ustezko kiratsak, arratoiak eta bestelako mito urbanoen errealitatea zein den. Donostiako alde zaharreran hondakinak Atez Ate biltzen dira, baina nik dakidala ez du horregatik leku xarmangarri eta turistiko osperik galdu, ez horixe. Donostiako Alde Zaharra turismoa lortzeko Donostiak daukan erreklamoetako bat da. Donostiako Alde Zaharrean gainera Atez Ate biltzen dira bai, hondakinak, baina egin daitekeen Atez Atekorik zikinenean gainera. Poltsak lurrean utzita eta hondakinak nahasian bilduta. Sekulan ez dut inor entzun Donostiako kirats, arratoi, zikinkeri eta abarretaz gaizki esaka.

Errauste planta helburutzat jarri duten sektoreak indartsuak dira eta beraiek zabaldu nahi dituzten mezuak zabaltzeko gaitasuna daukate hedadura handiko hainbat hedabideren bidez. Hondakinekin dagoen arazoa larria bada ere sinplea da oso horren konponketa. Horretarako ez dago teknologia garesti eta kutsakorren beharrik. Ez dago miloiak tratamendu garestietan gastatu beharrik. Nahikoa da hondakinak nahasten ez tematzea. Hondakinak nahasten ez badira, material garbiz osatuta daude eta produktu berriak ekoizteko balio dute. Krisi garaiotan guzti hori alferrik galtzea bezelako kirtenkeriarik ez dago.

13 pentsamendu “Besteek bere herrian nahi ez duten zaborra zure herrira eramatea nahi al duzu?”-ri buruz

  • Xan.Harriague 2012-03-13 15:28

    Barkatuko didazu Mikaetx, eta uste dut biak atez atekoaren alde gaudela, baina nire uste apaletik doinu, hiztegi eta erretorika horrekin ez duzu inor konbentzituko.

  • Mikaetx, gustatuko litzaidake, azalduko bazenigu, ea zergatik 5 kontenedoredun modeloak ez duen balio guztia berziklatzeko. Milesker.

  • Aupa Iker
    5 edukiontzidun ereduak ez du balio ematen dituen emaitzak ematen dituelako. Bi herenak nahasian,zabor bihurtuta jasotzen dituelako. Hori zergaitik den horrela?
    Arrazoi nagusietako bat hondakinak nahasian, kutsatuz eta arazoa sortuz, ateratzeko aukera ematen duen edukiontzia eskaintzen zaiolako herritarrari, aukera hori balekoa dela aditzera emanez.
    Beste arrazoi bat normalean nahasian ateratzeko aukera eskuragarriena dela. Baina badago arrazoi handiago bat. Ohitura aldaketarekiko denok dugun berezko erresistentzia. Ohitura eta errutinan ohinarrituta bizi garen izakiak gara pertsonak. Aldaketak, txikiak izanagatik, onartzea kosta egiten zaigu. Halabeharrez ez bada ez ditugu ohiturak aldatzen eta hortik emaitzak.
    Informazio falta ere izan daiteke zenbait kasutan. Zure galderak adierazten duen bezala sistema baten eta beste sistemaren arteko emaitzak ondo ezkutatzen saiatzen dira, Atez Atekoaz gaizki esaka aritzeko mugarik ez daukaten hedabide berak.
    Eztabaida ona da. Baina nahita zabaldutako legenda urbanoen bidez egin beharrean, datu objetiboen gainean egin beharreko lana da hori. Eta datuak erabat dira Zero Zabor bidearen eta bide horretako katebegia den Atez Atekoaren aldekoak. Eraginkortasuna, garbitasuna, erosotasuna, ekonomia, lanpostuak…

  • Amonamantangorri 2012-03-13 17:27

    Iker: batek esan dezake atez ateko sistema zikina dela, deserosoa dela, garestia dela, zaborrak kudeatzeko enpresetan alderdiko lagunak entxufatzen ari direla, kaleetan saguak, arratoiak eta beste holako piztia ttikiak ugaldu direla, herritarrak sistema orwelltar itogarri baten pean daudela,… Bo, baieztapen horiei aurre egiteko argudioak ere badira, baina esatea libre da.

    Baina zaborra atez ate jasoz, bost kontainerrekin baino gehiago birziklatzen da. Balantzaren beste aldean dagoenari zer balio ematen diogun da kontua.

  • 5garren ontzia ez du balio jendeak zaborra nahi duen moduan botatzen duelako, hainbeste gauz nahasiak egonda zabor asko ez du ezertarako balio.
    Atez atekoa da birziklatzera behartzen duen sistema, egiteko modu ezberdinak daude baina hoberena da birziklatzeko, birziklatzen ez baduzu zaborra ez dizutelako hartzen.

  • 5garren edukiontziarekin dagoen arazoa ondo ulertzeko ariketa erraz bat egitea besterik ez dago. Nahasian jasotzeko dagoen edukiontziaren tapa ireki eta bertan zer dagoen ikustea.
    Zer dago barruan? Papera, plastikoa, metalak, organikoa… dena nahastuta, alferrik galdutako materialak, arazoak sortu besterik egingo ez duen zaborra.

  • Eta gauza berbera modu errazago batena frogatuko bagenu? Edukinontzi orokorra kendu kaleetatik, zaborra botatzeko ordutegi finkoak jarri eta jendeak zer botatzen duen kontrolatzeko zabor polizia. Zaborra sailkatzen ez duenari ixuna.

    Dena den, honek eztabaidaren zati bati erantzuten dio, zer egin herritarrak zaborra sailkatzera derrigortzeko.

    Beste eztabaida berziklatu ezin den %30-%25 horrekin zer egingo dugun izango litzateke, erraustegia, beste zabortegi bat…

  • Josu, hondakinen %90 birziklagarria da. Eztabaidan hasi aurretik informatzea ez da txara izanten. Beste %10-20 horrekin zer egin daitekeen esana dago. Egonkortzeko tratatu ondoren errefusategi batetara eraman beharko litzateke inork ezer hoberik asmatzen ez duen artea. Jakingo duzu erraustegian sartzen denaren heren bat zabor bezala ateratzen dela eta zabortegia behar duela ezta? Hori bai, toxikotasunagatik segurtasun handiko zabortegiak behar ditu.
    Bestetik Josu, eztabaidaren zati garrantzitsuenari ihes egin diozu. Inork ba al dauka inoren ososuna kaltetzeko eskubiderik, hori ekiditeko bideak daudenean? Kutsatzea noiztik da eskubidea? Inguru osasuntsuan bizitzeko eskubidearen gainetik? Zabor inposaketarik ez!

  • Ez dut uste nik erraustegiaren aldeko hauturik plazaratu dudanik, norbaiti erantzun aurretik ez da txarra izaten zer esaten duen irakurtzea… eta zuk aipatzen duzun errefusategi horri zabortegi deitu diezaiokegu, ez? beraz ez gaude alkarrengandik oso urrun
    Bestalde nik irakurri ditudan artikuluetan %25-%30 aipatzen da errefusa bezela (ez prentsa “ofizialean” bakarrik, bestelako informaziorik bazenu linka jarri, eskertuko nuke gai honi buruzko informazio gehiago.

  • Kaixo Josu
    Tira, kendu diezaigogun tono txarra ezabaidari. Ez zen nere asmoa mintzea. Baina gauzak bere ondorio guztiekin aztertu behar direlakoan nago. Hondakin bilketaz ezin da hitzegin ondoren bildutakoarekin geratzen diren aukerataz hitzegin gabe.
    Zabortegirik gabeko sistemarik ez du inork planteatu egundaino. Batzuk argi eta garbi diogu hori. Beste batzuk errausketa zaborra desagerrarazten duen teknika bat bezala saltzen saiatzen dira.
    Kontua da nolako zabortegiak beharko ditugun. Gaur egungoek eragiten dituzten kalteak ezagunak dira. Ia gainezka daude eta berria etxe ondoan hartu nahi duenik ez da logikoki.
    Errausketak hiru zabortegi behar ditu. Bata atmosfera. Erretakoaren zati handi bat 2/3 hortik ateratzen baita. Zati bat ura eta CO2ak osatua da, baina metal astunak, dioxinak, furanoak eta beste hamaika konposatu toxiko ere ateratzen dira bertatik. Bestetik erretakoaen laurden bat inguru labean geratzen da. Tarteka labea itzali eta eskoria hoiek atera behar dira. Printzipioz inerteak dira, baina inork ez du ziurtatzen erraustean sortu diren composatu toxikoekin kutsaturik egongo ez denik. Gipuzkoako erraustegiaren proiektuaren arabera 80.000 tona/urteko izango lirateke eta Mutiloako zabortegi batetara eramatea aurikusita daukate. Azkenik filtroek kanpora ateratzea galerazi duten partikulek osatutako errautsak daude. 14.500 tona/urte gipuzkoako kasuan. Erretakoaren %5 inguru. Oso arriskutsua da toxikotasunagatik. Tratamendu berezia behar du. Zementoarekin nahastuta 21.000 tn/urte zabortegi berezietara eraman beharko litzateke (A Coruña, Valladolid ala Huelvaraino).
    Gaikako bilketa egokia egiten bada, errefusak apenas daukan materia organikorik. Daukan gutxia inertizatzeko aukera dago konpostatzearen antzeko prozesu biologiko ez kutsakor batekin. Zabortegia beharko litzateke, baina ez kutsakorra. Ez luke kiratsik, lixibaturik eta antzekorik eragingo. Baina horretarako gaikako bilketa eraginkorra bermatu beharra dago.
    Datuak mahai gainean jarrita, hori lortzen duen sistema bakarra atez ateko bilketa da. Gipuzkoan %80-%92 arteko bilketa datuak ari da ematen. 5. edukiontziarekin %35era ere ez da iristen.
    Esteka interesgarri batzuk:

    http://www.gipuzkoazz.com/zerozabor/zero-zabor-helburu-objetivo-cero-basuras/zero-zabor-azalpena/
    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2010-04-13/005/008/zabortegiak_bai_ala_bai.htm
    http://www.blogak.com/gipuzkoasinincineradora/la-pregunta-no-es-puerta-a-puerta-si-o-no-sino-como-reciclar-el-80-ya
    http://www.gipuzkoazz.com/zerozabor/atez-ateko-bilketa/atez-ateari-buruzko-oinarrizko-azalpena-explicacion-basica-del-puerta-a-puerta/
    Zer edo zer tonoz kanpo esan badut barkamena eskatzen dut. Baina iruditzen zait gai serioa dela, arazoaren ondorioak pairatzen jendea dagoela eta ezin dela arinkeriaz hitzegin honetaz.

  • Niri behintzat ez daukazu barkamenik eskatu beharrik, ez da horrenbesterako.

    Honerako edo txarrerako, ni bezala Gipuzkoar asko ez gara arduratu orain arte zaborren kudeaketari buruzko hausnarketa sakon bat egiteaz eta zuk artikuluan aipatu bezala, egun hauetan leku guztietatik informazio, gehienetan interesatu, asko hari gara jasotzen.

    Zentzu horretan konklusio garbiak ateratzea zaila egitean zait, alde bakoitzak bere datuak ematen baititu, konparatuz zer ikusirik ez duten datuak.

    Herritarrek gaur egun (nire inguruan behintzat) atez atekoa meatxu bat bezala ikusten dute eta hau nola konpondu aztertu beharko litzateke. Irtenbide bat sistema malguago bat, atez atekoaren funtsa mantenduko duena, izango litzateke. Hori zen nire lehenengo iruzkinaren helburua.

    Bestalde zure azken iruzkina argigarria izan arren, portzentailak portzentaila, atez atekoan sailkatutako zaborrarekin eta geratuko diren errefusekin zer egingo den ez da askotan aipatzen, arazo hau izkutatu nahiko balitz bezala. Agian nire sentsazioa da. Iruzkinaren bigarren zatia zentzu horretan zijoan.

    Eskerrikasko informazioagatik

  • 5. EDUKIONTZIAREN ALDE ZAUDETENOK:
    Zer iruditzen zaizue, 5. bat jarri beharrean, gaur egunean denetarako balio duen hori organikoarentzat erabiltzen badugu: horrela ia dena bertziklatuko genuke.

    Bertziklatu ezin diren gauzak, herrian kokatutako gune batzuetara eraman beharko lirateke.

    Horrela denak birtziklatuko genuke, ezta? Hala ez bertziklatzea eskubide bat da?

  • Peru Dulantz 2012-03-14 17:43

    Kontua da zein gizarte-eredu eraiki nahi dugun, eta zein utzi nahi diegun gure ondorengoei. “Nik zaborra nahi dudan moduan eta nahi dudanean botatzen dut, egin dezatela horrekin nahi dutena, erre, itxasora bota…” eredua, ala “Sortzen dudan zaborraz arduratzen naiz. Ahalik eta gutxien sortzen saiatzen naiz, eta sortutakoa sailkatu egiten dut, birziklatua eta berrerabilia izan dadin”? Ez dut uste zalantzarik egon daitekeenik.