Danba “Esamesaka” (1991)

danba esamesaka90. hamarkada hasieran, Laudioko Danba taldeak hiru disko paregabe utzi zizkigun. Kronika honetan Esamesaka (1991) bigarren lanaren aipamena egiten dugu.

Orain dela urte batzu, kasik bihotzeko bat eman zidan egunkarian Damba taldea auzo herri batean zuzenean ariko zela irakurtzean. – Hau ez da gure Danba izanen, ezta ? Badu bederen 10 urte banandu zirela ! – Badakik, ez lukek harritzekoa, Sex Pistols eta Pixies ere berragertu zituan… Hizki bateko aldea bazegoen halere.  Izan ere, Euskal Herriko, Kubako, Venezuelako eta Madrilgo musikariz osatu ‘m-dun’ taldea baino urte batzu lehenago, Laudioko herriak eman duen talde interesgarrienetatik bat bazegoen Danba izenekoa, gazteleraz abesten hasi eta hamar urteko ibilbide baten ondotik (1984-1994) euskaraz abestutako hiru disko garrantzitsu utzi zizkiguna.

Hizkuntzaren erabileran bakarrik ez, musikalki ere bilakaera handia izan zuen taldeak, hasierako reggae-ska-punk-etik Frango Funts-eko funk-metal-rockeraino.  Esamesaka hau (Basati Diskak, 1991)  ibilbide horren erdigunean koka genezake, urte bete lehenago atera Plataforman autoekoiztuaren eta urte bat berantago Esan Ozenki zigiluarekin atera Frango Funts funkyenaren artean. Donostiako IZ disketxearen estudioetan Kaki Arkarazo eta Jesus Suinaga-rekin grabatu 35 minutuko lanak hamaika kantu biltzen ditu, tartean, Ruper Ordorikaren Erruduna-ren eta Heads Up! talde iparramerikarraren Big Mama-ren moldaketa bikainak. 

Diskoari izena ematen dion Esamesaka kantuaren hitzak aldiz, Jakes Ahamendaburu Eiheralarreko poetarenak dira eta Mendekuzko Kolpea-renak Omar Nabarro poeta mundakarrarenak.  Hasierako kitarra zorrotzak beti hor daude baina funk erritmoekin talka egiten dute oraingoan, garai hartan, salbuespenak salbuespen eta M-ak aitzindari zela, Euskal Herrian hain ohikoa ez zena. Disko ausarta beraz, Biktimak, Zeru gorriak, Eztanda, edota Mezu bat bezalako harribitxiak utzi dizkiguna.

Gutxi ginen 1993ko otsailaren 6 hartan Laudioko taldea zuzenean Larresorora ikustera joandakoak. Zorionak gu, izan ere, orduz geroztik ‘n-dunak’ ez dira behin ere auzo herritik agertu.

http://binilobalak.blogspot.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak