Mugikortasun aukerak: Oinez nahiz eta euria, elurra edo kazkabarra egin

OinezGure inkestaren harira, euskaldunok lanera joateko aukeratzen ditugun moduak aztertzen jarraitzen dugu. Vanessa trenez doa lanera, eta Lurdes, aldiz, oinez. “Berdin du zer eguraldi egiten duen, goizean goiz zapatak jantzi eta oinez noa lanera”.

Beti zoaz oinez lanera?

Bai, goizero, eguraldia ez da oztopo. Oinetako egokiak jarri eta listo. Eguerdian, etxera bazkaltzera joaten naizenean, lankide batzuekin joan eta etortzen naiz autoz, bestela ez dut denborarik izaten. Arratsaldetan ere autoz bueltatzen naiz; ostiraletan salbu, gogoko dut ostiral arratsaldetan oinez itzultzea.

Zergatik oinez?

Hasiera batean, Santiago bidea egiteko entrenamendu bezala hartu nuen; baina, egia esan, betidanik gustatu izan zait oinez ibiltzea. Gainera, ez dut beste ariketa fisikorik egiten, beraz, oso ondo datorkit. Ahal dudan neurrian, oinez joaten saiatzen naiz, bestela, faltan ematen dut.

Lankideekin autoan ez bada, baduzu lanera joateko beste modurik?

Bai, nire autoan; baina ez dut beti hartzeko aukera, familiakoen artean partekatu egiten baitugu. Baina nahiago dut oinez joan, azken batean, 10 minutu besterik ez ditut aurrezten autoz joanda. Ez nintzateke neure autoan joango.

Zenbat denbora behar duzu lanera heltzeko?

30 minutu, oinez. Autoz joanda, berez, 5-8 minututan lantokiko atean nago. Baina garajera joan, kotxea atera, beti bost minutu lehenago atera badaezpada ere, aparkatzeko tokia bilatu, urruti aparkatu eta gero oinez joan behar… Denbora besterik ez da galtzen autoz joanda eta, azkenean, ez du merezi.

Zer abantaila ditu oinez joateak?

Ariketa fisikoa egiteaz gain, bidean buruan ditudan gauzak txukuntzeko balio dit: eguneko agenda, egin beharrekoak, hausnarketak… Gainera, bide erraza dut: laua eta txukuna.

Eta zer alde txar ditu?

Gutxi batzuk. Adibidez, zapatak. Ezin ditut nahi ditudan oinetakoak jarri oinez joateko, beti oinetako erosoak eraman behar ditut. Eta horrez gain, pisua eraman behar badut, nahiko deserosoa da. Motxila batean eraman ohi ditut trasteak, edo bestela, gauza pisutsuak eraman behar baditut, eguerdian eramaten saiatzen naiz, lankideekin autoz noanean.

 

Lanera nola joaten zaren, zergatik eta abar kontatu nahi baduzu, jar zaitez erredakzio taldearekin  harremanetan: erredakzioa@zuzeu.com.

 

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.