Vocentoren igandeko azalak

“Hauek dira nire printzipioak. Gustatzen ez bazaizkizu, beste batzuk ere baditut”. Vocentok Euskal Herrian hala jokatzen duen sentsazioa areagotu besterik ez da egiten. Joan zen igandean arabarrei, bizkaitarrei eta Eibar ingurukoei ETAren mehatxuaz hitz egiten zieten bitartean, El Diario Vascoren azalak angulak eta Rufi Etxeberria zituen protagonista. 

Vocento taldeko El Diario Vascok eta El Correok edukiak partekatzen dituzte. Horrez gain, lurralde bakoitzeko informazioa dakar bakoitzak.

Baina, hara non joan zen igandean (beste askotan bezala) guztiz azal ezberdina zuen Gipuzkoako edizioak: “Vuelve la Angula” eta “ETA está dispuesta a desarmarse pero debe ser un proceso acordado“.

El Correon, ordea, ETAren mehatxua atzean utzi duten pertsonei eman zieten azaleko portada -Benjamin Atutxa gipuzkoarrari Bizkaian- “Cien dias en paz” izenpean. Rufi Etxeberriari eginiko elkarrizketaren arrastoa anekdotikoa izan zen Arabako El Correon.



Vocentoko egunkariek halako erabakia hartzeko duten irizpidea bata ala bestea izan okerra iruditzen zait:

  • Rufi Etxeberriari eginiko elkarrizketak interesa galtzen du Gipuzkoatik kanpo?
  • ETAren mehatxupean bizi izan direnak gutxiago dira Gipuzkoan?

Ez eta ez. Irakurleari atsegina eman nahi diote, informazioaren gainetik. Beste askok ere hori egiten dute, bai. Baina, zergatik jada sortuak eta landuak izan diren edukiak ezkutatu?

  • Pentsaezina egiten zait beste edozein buruzagi politikoren elkarrizketari egunkari batean igandeko titularra ematea eta bestean zutabe erdira mugatzea.
  • Penagarria iruditzen zait ETAren biktimen oroimenaren aldarria daraman hedabideak Gipuzkoan angula bilketari garrantzi gehiago ematea.

Badakizue arrazoia zein den; soziologia politiko hutsa:

  • El Diario Vascoren erosleen profilean asko ei dira ETAren mehatxupean bizi direnekiko sentiberatasunik gabeak.
  • El Correoren erosleen artean asko dira Ezker Abertzaleari ezinikusia diotenak.

Hori kontuan hartu eta voilà: erosten duzun egunkaria maitatzeko arrazoiak eman eta kontrakoak kendu egiten dizkizute.

Ama ere salduko lukete Vocenton ale batzuk saltzearen truke.

 

6 pentsamendu “Vocentoren igandeko azalak”-ri buruz

  • Oso analisia polita

  • Kontuan hartu behar da, baita ere, Gipuzkoan Deia egunkariak oso ale gutxi saltzen zituela; eta beraz, ez duela Bizkaian duen indarra. “Noticias de Gipuzkoa” egunkaria sortu zuten, Deiak har zitzazkeen irakurle potentzialak bereganatu asmoz.
    Gipuzkoan Diariovascok sekulako indarra du eta esparru politiko oso desberdinetatik begiratzen duten irakurleak ditu. Oso ohikoa da entzutea “Diariovasco” eskelengatik eta Realaren albisteengatik irakurtzen dela.
    Duela urte gutxi, Gipuzkoako kazetaritza estatistikak arraro bezain txundigarriak ziren:
    – Telebistan ETB2ko Teleberria zen albistegirik ikusiena.
    – Irratian SER irrati katea entzuten zen gehienbat.
    – Kazetaritza idatzian “Diariovasco” irakurtzen zen.

    Askok inertziaz irakurtzen dute Diariovasco. Izan eskelak, izan futbola. Eta inertzia horrekin jarraitzeko, ezinbestekoa da editorialaren bidea zertxobait aldatu eta desbideratzea.

  • Besteak beste, DV paregabeari zor zaizkio gaztelania “euskaltasunez perlatzearen” balentria zenbait, badakizu, gaztelaniaz aritutakoan, “los aitas” esatea eta hori guztia.
    El Diario Paston bi publiko nagusi dituzte, hipotesi handiegia egitea ez bada:
    1- Euskaraz irakurtzeko adinako esfortzua egin nahi ez duen jatorri euskalduneko irakurlea ( eta nolabaiteko euskaltasuna gorde nahi duena). “De aquí de toda la vida” horietakoa, alegia.
    2- DV irakurtzearekin vasquista edo bere inguruan “integratua” sentitzen den jatorri erdalduneko irakurlea.

  • Txintxo: arrazoi. Detodalavida-koa den egunkarian modan daude “muchos muxus” bezalako perlak (esan besos, ostiya!); gurera, gabonetan “el olentzero” etortzen da; eta duela urte gutxitik hona, tinpanoa zulatzen didan “Donosti eguna” esamoldea behin eta berriz errepikatzen dute.

  • Jainko maitea, ze komisario konplexu ikaragarria duzuen batzuk! “Muchos muxus” entzuteak tinpanoa zulatzen badizu, sikolojikoki ahul, oso ahul zauden seinale, eta noski, besteok ordaindu beharko genuke zure paranoia; zuk nahi duzun moduan hitz egin beharko genuke, zuk nahi moduan titularrak idatzi, zure egunean eguneko paranoiaren arabera, paranoia guztiak bezala zurea ere aldakorra izango baita, seguruenik, euskal ilargiarekin batera, Ken Zazpiren kantu jatorrean bezala.

    Utzi jendeari euskarazko hitzak erdarazko esaldietan esaten, ostia ya, ez baitizu inongo kalterik ekartzen, ez bada euskaraz jakiteagatik sentitzen duzun superioridade-inferioridade paranoia astintzen dizula. Gainera, asko gehiago ardurako beharko zintuzke erdarazko hitz, esamolde zein esaldi osoak euskarazko -ustez eta euskarazko- elkarrizketetan sartzen dituzten euskaldunen -ustez eta euskaldunen- joera ezin zabalduagoak.

    Baina, aukeran, utzi pakean bigarren multzokoak ere, arren; gure hitz bakoitza diktatu nahi zenuke, ez al zara konturatzen zure paranoiaz?

  • Txintxo, nolabait ados nago zuk esandakoarekin, baina uste dut DV-ren irakurle potentzialen esparrua are zabalagoa dela. Jatorri euskaldunik gabe eta sentimendu baskista edo integratzailerik gabe ere, askok normaltasunez irakurtzen dute DV, “EL periódico”. Besteek zer irakurtzen dute, bada? ABC, El Mundo…? Horiek ez dira apenas ikusten kalean.