Eremu “ez euskaldun”-eko irakaskuntza eta ETB: UPN-PSOE koalizioaren erakusgarri

index“Ez inposatu, ez galarazi” omen zen Nafarroako PSOEren filosofia euskararen inguruan. Letra xehean dago deabrua. Erran nahi zutena hauxe zen: “Ez inposatu euskara, ez galarazi gaztelania”; edo beste modu batean erranda, “inposatu gaztelania, galarazi euskara”.

EREMU “EZ EUSKALDUNEKO” IRAKASKUNTZA ETA ETB: UPN-PSOE KOALIZIOAREN ERAKUSGARRI.

Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako Gobernua eta hura osatzen duten alderdiak (UPN eta PSOE) salatu nahi ditu, euskararen aurka daramaten gurutzadagatik.

“Eremu ez euskaldunean” euskarazko irakaskuntza publikoa onartzea, “eremu mistoan” onartuta dagoen moduan, UPN eta PSOE alderdiek galarazi dute Nafarroako Parlamentuan (PPren laguntzarekin).

“Ez inposatu, ez galarazi” omen zen Nafarroako PSOEren filosofia euskararen inguruan. Letra xehean dago deabrua. Erran nahi zutena hauxe zen: “Ez inposatu euskara, ez galarazi gaztelania”; edo beste modu batean erranda, “inposatu gaztelania, galarazi euskara”.

PSOEren erabakiarekin berriro kolpe latza jaso dugu euskaldunok eta euskaltzaleok. Bidegabeko egoera luzatu eginen da, auskalo noiz arte.

Bestaldetik, ETB modu digitalean ikusteko Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko afera albistea dugu.

Lehen, akordioa ez zen posible, EAJren Jaurlaritza nazionalistak Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzen ez omen zuelako. Patxi Lopez iritsi zen Eusko Jaurlaritzara. Hala ere, akordioa ez da posible izan dirua (milioi bat euro) Eusko Jaurlaritzak jarri behar omen zuelako (eta ez zuen nahi).

Azkenean, EAk paratutako hedagailu alegalari esker jakin dugu, 40.000 euro nahiko direla. Nafarroako Gobernuaren erreakzioa azkarra izan da: Hedagailua pirata omen da eta lehenbailehen kentzeko eskatu dio Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzari. Honek berehalaxe erantzun du ofizioz horretarako ekimena hasia duela (hasteko legalitateari buruzko txostenak eskatuz, zerbait egin baino lehen).

Arazoa garbi geratu da: Ez dute nahi euskarazko telebista den ETB Nafarroan ikusterik nahi. Besterik ez da arazoa.

PSOEk osatzen du Nafarroako Gobernua, UPNrekin batera. Desadostasunik azaldu ez duenez, gai honetan Nafarroako Gobernuaren ardura bere egin du.

Hau guztia UPN eta PSOE alderdiek Nafarroako Gobernua osatzeko akordioaren ondorioa pentsa dezake norbaitek. Oker dabil. Euskararen eta euskaldunon aurka ekitea ez da ondorioa, baizik eta Gobernu hori osatzeko arrazoia. Horretarako sortu zuten. Horretarako baztertu nahi zituzten euskal nazionalistak.

Badakite oraingo belaunaldia eta etorkizuneko belaunaldia kolpatu behar dituztela. Horrexegatik ez dute euskarazko marrazki bizidunak eskaintzen dituen ETB3 katerik. Horrexegatik, Nafarroako eremu zabalean irakaskuntza publikotik euskarazko irakaskuntza galarazten dute.

Euskararen inguruan, UPNren aurrean, ñabardura guztiak edo itxura guztiak desagertu dira PSOEren aldetik. PSOEren presentziarekin, UPNren politika zerbait leuntzerik ez dago. PSOEk guztiz irentsi du UPNren izaera euskarafobikoa, % 100ean.

Latza da errealitatea. Jakinaren gainean egon gaitezen, bederen.

Iruñean, 2012ko urtarrilaren 19an.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA. Identifikazio Fiskalerako Kodea: G31836323.
Ordezkaria: FRANCISCO JAVIER CASTRO GONZALEZ.

Zer duzu buruan “Eremu “ez euskaldun”-eko irakaskuntza eta ETB: UPN-PSOE koalizioaren erakusgarri”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak