Izarbeibarko Mankomunitateak eta Atarrabiako Udalak dagoeneko badute Euskararen Ordenantza.

Administrazioan Euskaraz taldeak Izarbeibarko Mankomunitateko eta Atarrabiako Udaleko Euskararen Ordenantzak agurtu nahi ditu. Ongi etorriak izan daitezela!


IZARBEIBARKO MANKOMUNITATEAK ETA ATARRABIAKO UDALAK DAGOENEKO BADUTE EUSKARAREN ORDENANTZA.

 

Administrazioan Euskaraz taldeak Izarbeibarko Mankomunitateko eta Atarrabiako Udaleko Euskararen Ordenantzak agurtu nahi ditu. Ongi etorriak izan daitezela!

Artaxoa, Artazu, Berbintzana, Zirauki, Larraga, Mañeru, Mendigorria, Miranda Arga, Obanos, Gares, Jaitz, Gesalaz ibarra, Girgillaoko Etxarren eta Girgillao udalerriek osatzen dute Izarbeibarko Mankomunitatea.

Uraren eta hiri hondakin solidoen inguruko zerbitzuak ematen ditu. Egoitza Garesen dauka (Nafarroako eremu mistoan), baina herri gehienak eremu “ez euskaldun”-ekoak dira.

Beraz, Euskararen Ordenantza indarrean jartzeak bere garrantzia badu eta eremuen araberako bereizketa gainditzen du. 2011ko irailaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Euskarak eta gaztelerak tratamendu grafiko berdina izanen dute, euskarri berean. Hori da elebitasuna ezartzeko hartutako irizpidea. Profil euskalduna izanen duten lanpostuak zehaztuko ditu, jendearekin harreman gehiago izateagatik edo administrazio prozedura normalduen katearen barnean duten lekuagatik. Gainontzeko lanpostuetan euskaraz jakitea merezimendua izanen da. Tamalez, ez dute gutxieneko portzentaiarik zehaztu, azken boladan onartutako Ordenantza batzutan behar bezala ez jarritako ildoari segika.

Aldiz, oso argi utzi dute Ordenantza aplikatuko dela hirugarrenek emandako zerbitzuetan.

Izarbeibarko Mankomunitateko Euskararen Ordenantzak kutsu euskaltzale duten eremu mistoko Ordenantzen arrastoan dago. Beraz, zorionak ematen dizkiegu hura bultzatu eta onartu dutenei.

Atarrabiako Udaleko Ordenantzaren kasua ezberdina da. Modu ausartagoan arautzen du euskararen erabilera eta zehatzagoan ere bai, inertzia erdaltzale guztiak astintzeko.

Euskara udalerriko hizkuntza ofiziala bihurtzen du. Hirugarrenek emandako zerbitzuetan aplikagarria da Ordenantza. Lanpostu guztiek izanen dute euskararen jakite maila ezarrita, derrigorrezkoa edota merezimenduzkoa. E eta D mailetan merezimendu hori izanen da % 10ekoa eta % 15ekoa, hurrenez hurren. Euskararen sustapenak IX. Kapitulua hartzen badu ere, 64 artikuluei sustapen indartsuaren lurrina darie. 2011ko urriaren 25ean argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

2010ean 10.568 biztanle zituen herriak euskararen mundura zabaldu bere burua, arau bidez. Ongi betor Ordenantza hori, beraz!

Iruñean, 2011ko abenduaren 12an.

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA. Identifikazio Fiskalerako Kodea: G31836323.

Ordezkaria: ANGEL MARIA LAKUNTZA AZTIRIA.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azkenak

Ikusienak

Eztabaidak