Enpresa, sarea eta hizkuntzak

fraufridaAbian da enpresen sareko hizkuntzei buruzko hausnarketa. Oraingo honetan EMUNeko lantalde batek heldu badio ere gaiari, ez da lehenengo aldia sarean horri buruz hitz egiten dela.  Joseba Kamiok  komunikazio korporatiboaren hizkuntza politikari buruz idatzi zuen eta Eusko Jaurlaritzak ere  argitaratu zuen  Eusko Jaurlaritzaren gizarte-sareetako erabileren eta estiloaren gida.

Administrazio publikorako sare sozialetako hizkuntza irizpideak zehaztuta daude, baina enpresa pribatuetan zer? Hori da ikerketa honen helburua, enpresa pribatuek sarean izan beharko lituzketen hizkuntza irizpideen gaineko hausnarketa egitea.

Joxe Rojas izan da ibilbide honi hasiera eman diona eta ondorengo gaiaren inguruan luze eta argi idatzi du: kontu bakarra ala bi kontu?. Honen harira ere Euskadiko Kutxako Ander Toñak, euren esperientzia kontatu digu. Lehenengo gai honek, sarean oihartzuna izan du, hainbat iruzkin jaso baitira sarean, Sustatun eta Twitterren esaterako.

Josu Bergarak ere, Nola marka halako hizkuntza erabilera artikulua idatzi du. Bertan, sare sozialetan erabili beharreko hizkuntza erregistroari buruz hitz egiten du. Aste honetan bertan, Deskontu.com-eko Txomin Jauregik kontatutakoak argitaratuko ditugu Lantalanen.

Aurrerago, beste aditu batzuen iritzi eta enpresen esperientzien berri emango dugu. Uste dugu gaia interesekoa izango dela, eta are interesgarriagoa izatea lortuko dugu zuen esperientzien berri ere izaten dugun heinean. Beraz, zuen parte-hartzea ere ongi etorria izango da.