Zeintzuk dira planetako toki erradiaktiboenak?

ZaborrontziakIstripu nuklearrek eta energia nuklearraren gaineko auziak egunkarietako azalak bete dituzte Fukushimako istripua gertatu zenetik, duela sei hilabete. Azkena, Frantziako hego-mendebaldean gertatukoa izan da. Nuklearren gaiari jarraituz, azter ditzagun zeintzuk diren momentu honetan planetako toki erradiaktiboenak, brainz.org webgunearen arabera.

1. Fukushima (Japonia)

Lurrikararen ondorioz sortutako tsunamiak sei erreaktoreen fusioa eragin zuen eta materia erradiaktiboa isuri zuen ingurura eta itsasora. Materia erradiaktiboa aurkitu dute zentral nuklearretik 300 kilometrotara. Istripuaren ondorio guztiak oraindik ezezagunak dira.

2. Txernobil (Ukrainia)

Historiako istripu nuklear larrienaren lekuko. Isuritako erradiazioa Nagasaki eta Hiroshimako bonba nuklearrek askatutakoa baino 100 aldiz handiagoa izan zen. 6 milioi pertsona egon ziren erradiazioarekin kontaktuan eta 4.000 eta 90.000 inguru hil ziren. 25 urte pasa dira ordutik, baina kutsadura oraindik oso handia da.

3. Mailuu-Suu (Kirgizistan)

Mailuu-Suu-n uranio meategiak izan ziren; hori dela eta, 36 uranio-hondakin zabortegi daude. Hori gutxi balitz bezala, zonaldean aktibitate sismiko handia dago, eta horrek natura-hondamendi  larri bat sor lezake.

4. Poligonoa (Kazakhstan)

Sobietarrek arma nuklearrak frogatzeko erabilitako tokia izan zen. SESBak han lehertu zuten lehen bonba nuklearra eta munduko leherketa nuklear gehien izan dituen tokia da: 456 leherketa 1949 eta 1989 bitartean. Zientzialarien arabera, 200.000 lagunen osasuna kaltetua izan da erradiazioarengatik.

5. Siberia (Errusia)

Siberia Errusiak berrogei urtetan zehar sortutako hondakin nuklearrak gordetzen dituzten instalakuntza kimikoen egoitza da. Hondakin likidoak putzu ireki erraldoietan gordetzen dira eta mantentze eskasa duten edukiontzietan 125.000 tona hondakin solido inguru gordetzen dituzte. Euriak eta haizeak kutsadura inguruko tokietan zabaldu dute.

6. Sellafield (Erresuma Batua)

Erresuma Batuko ekialdeko kostan, bonba nuklearren produkziorako plutonio instalakuntzak zeuden. Izandako ehunka istripuen ondorioz, instalazioko eraikinen bi herenak zabor nuklear gisa sailkatuta daude. Kutsatutako 8 milioi litro hondakin isurtzen ditu egunero itsasora; horrek Irlandako itsasoa munduko erradiaktiboena du.

7. Mayak (Errusia)

Errusiako ipar-mendebaldean dagoen Mayak industria-gunean instalazio nuklear bat egon da urtetan zehar. 1957an munduko istripu larrienetako bat izan zuen eta 100 hondakin erradiaktibo tona baino gehiago askatu ziren leherketa batean. Istripua 1980 arte sekretupean gordeta izan zuten. Adituen arabera, Karchay munduko zonalderik erradiaktiboena izan daiteke. 400.000 pertsona inguru izan dira erradiazioarekin kontaktuan.

8. Somaliako kosta

Somaliako urak eta lurrak hondakin nuklearrez eta metal toxikoz betetako upelak ezkutatzeko erabili izan direlako susmoak daude. Herrialdea dagoeneko zaborrontzi anarkiko bat da, eta horrek ondorio oso larriak ekar litzaizkioke Somaliako populazio pobreari.

9. Mediterraneoa

Urtetan zehar ‘Ndrangheta erakunde kriminalak Mediterraneo itsasoa zaborrontzi bezala erabiltzen aritu dela esan ohi da. Italiako Legambiente GKEak susmatzen du 1994tik hondakin erradiaktiboz kargatutako 40 ontzi inguru Mediterraneoan desagertu direla.

10. Hanford (AEB)

Hanford Site, Washingtonen, AEBetako bonba atomikoaren proiektuaren zati bat izan zen. Plutonioa manufakturatzen zuen lehen bonba nuklearra osatzeko. Gerra Hotzarekin batera, produkzioak gora egin zuen eta Estatu Batuetako 60.000 arma nuklearretako gehienak hornitzen zituen. Egun, herrialdeko hondakin nuklearren bi herenak hartzen ditu. AEBetako gunerik kutsatuena da.