Hackerrak Fox Newsen Twitterrean sartu dira eta Obamaren hilketaren albiste faltsua zabaldu dute

Estatubatuar gehienak oraindik lo zeudela, Fox Newsek egundoko berria eman zuen atzo 2:00ak aldera (bertako ordua) Twitterren @foxnewspolitcs kontuaren bidez: “Obama presidentea bi tiroz hil dute”. Uztailaren 4a, Amerikako Estatu Batuen independentzia eguna eta dudarik gabe herrialdeko jairik handiena zeharo zapuzteko moduko berri erraldoia. Baina lasai, Barack Obamak bizi-bizirik jarraitzen du eta.

Fox Newsek botatako beste tweet baten arabera, pistoladun ezezagun batek hil omen du Obama Iowako jatetxe batean, kanpaina egiten ari zela. Minutu gutxitan,Twitterreko 100 erabiltzaile baino gehiagok zabaldu dute berria eta bi orduz egon da airean inongo iturririk aipatu gabe eta inork ezeztatu edo baieztatu gabe.

“Barack Obama presidentea zendu da. RIP”

@foxnewspolitcs kontua ostiral arratsaldetik geldirik zegoen, baina uztailaren 4ko 2:00ak aldera Obamaren zori txarraren berri ematen zuen tweeta agertu zen, eta horren ondoren, beste bost:

  • @Barack Obama zendu da. Presidentea hil egin da. Uztailaren 4 triste bat, alegia. Obama presidentea hil da.
  • @BarackObama zendu da. Duela ia 45 minutu, pelbis behealdean eta lepoan tirokatu du ezezagun batek. Odolustua.
  • @BarackObama bi aldiz tirokatu dute Ross jatetxean, Iwoan, kanpainan zela. RIP Obama, doluminak familiari.
  • #ObamaDead, uztailaren 4 tristea da. RT presidente ohiaren familiari babesa emateko. RIP. Hiltzailea aurkitu egingo dute.
  • AZKEN ORDUKO BERRIA: @BarackObama presidentea erail dute bi tiroz. Zauri larriak. Uztailaren 4 tristea da Amerikarentzat. RIP.
  • @JoeBiden-i AEBetako presidente berri gisa zorterik onena opa diogu. Egun ero hauetan, badago argia tunelaren amaieran.

Fox Newsen Twitterreko kontuetako bat, pirata batzuen erasoa jasan du, Rupert Murdochen telebista enpresa ere hackerren esku erori da. Tweetek ez zuten iturririk aipatzen eta haien erredakzioa Fox Newsen ohiko estilotik urrun zeuden. Dena dela, kontua berreskuratzean, barkamena eskatu dute eragozpenengatik eta hackerren biktima izan direla aitortu dute.

Jasotzen dugun informazio guztia itsu-itsuan sinetsi behar al dugu?

Hackerrak ordenagailuetara sartzen hasi ziren informazioa lapurtzeko, gero web handien zerbitzarietara bezeroen datuak eskuratzeko eta orain, internautak aztoratzen saiatzen dira informazio faltsua zabalduz kaosa sortzeko.  Blogak, Twitter, Facebook… Sarean topa dezakegun informazioa amaigabea da eta egiek eta gezurrek espazio berean bizi dira. Oro har, sen onak zer sinetsi eta zer ez sinetsi esaten digu. Baina ez gaude prestatuta identitate ordezkapenak identifikatzeko, oso agerikoak ez badira behintzat. Beraz, zein jarrera hartu informazioaren aurrean? Guztiarekiko jarrera kritiko eta eszeptikoa? Konformista eta sineskorra? Non da erdiko puntua? Nola aurki dezakegu? Nola landu dezakegu intuizioa? Nola erreakzionatuko zenuke bihar Zuzeun Patxi Lopez sagardotegi bazkari batean pozonduta hil egin dela kontatuko bagenizue?