Gpuntua: Lehen Fasea bukatu da

ESK634632 bertsolari sailkatu dira irailean jokatuko diren final-zortzirenetarako.

 

Urretxu-Zumarragan jokatu diren bi saioekin bukatu da Gpuntuko Lehen Fasea. 20 saio jokatu dira denera maiatzaren 8an hasi eta ekainaren 5a bitarte, 10 herritan: Orion, Mutrikun, Alegian, Soraluzen, Lezon, Amezketan, Usurbilen, Gabirian, Aretxabaletan eta Urretxu-Zumarragan. 60 bertsolarik kantatu dute fase honetan, bi saiotan bakoitzak, eta puntuazio altuena lortu duten 32 pasa dira irailean hasiko den final-zortzirenetara.

Antolakuntza Taldeak Lehen faseak “aho zapore gozoa” utzi diela nabarmendu du: “Jende dezente batu da saioetara, batezbeste 100 lagunetik gora saio bakoitzean, eta aurreikuspen guztiak bete dira”, argitu du Oroitz Azurmendi koordinatzaileak. Fase guztian zehar bazkariak izan dira herri bakoitzean, eta “giro ederra” izan dute bertsolari, bertsozale, antolatzaile eta parte-hartzaileek. Bertsolariek ere maila ona eman dute kantuan: “Gazte ugarik kantatu dute aurreneko aldiz Txapelketan, eta maila bikaina eman dute”, azaldu du Azurmendik. Honen harira, Gipuzkoako Bertso Eskola sarearen indarra goraipatu nahi izan dute antolakuntzatik, “bertsolari gazteen maila da horren isla”.