Euskararen unibertsoak pauso bat harago egin dezan jardunaldiak antolatu ditu Kontseiluak

Lehen egunean, azaroaren 24an, diagnostikoak hartuko du protagonismoa. Horretarako, Kontseiluak egin duen hizkuntza-politiken azterketa aurkeztuko da.

Ondoren, euskalgintza osatzen duten zenbait sektoreren barne diagnostikoa egingo da eta azkenik, aldaketa sozialaren inguruko gogoetari leku egingo zaio. Bigarren egunean berriz, aurrera begira jarri eta norabidearen inguruko hausnarketak hartuko du lekukoa.

Komunikazioaren inguruan, aktibismoaren inguruan eta arnas gune euskaldunen inguruan arituko dira hizlariak. Kontseiluko kide eta berau osatzen duten ordezkariekin batera, hainbat lagun gonbidatu ditu Kontseiluak; Besteak beste, EHUko irakasle Zesar Martinezek aldaketa sozialaren inguruan hartuko du hitza. Innobasque-ko Pilar Kaltzadak, komunikazio estrategien inguruko hitzaldia emango du.

Bestetik, Martí Gasull, Plataforma per la llengua-ko kideak hizkuntzaren aktibismoaren inguruan hitz egingo du. Jardunaldien leloak euskararen unibertsoari erreferentzia egitea ez da kasualitatea. Kontseiluaren sorrerak berak, Euskararen unibertsoa izeneko jardunaldiak izan zituen abiapuntu. Orduko hartan, euskalgintzan aritzen ziren lagunek kezka handia zuten euskararen normalizazioaren inguruan eta euskalgintza bera egituratzearen beharraren inguruan. Jardunaldi horien ondorioz sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, 1998. urtean. Bestetik, planetariumean egitea ere ez da kasualitatea izan.

Izan ere, euskararen unibertso osoari begira jartzeko asmoa du Kontseiluak eta horretarako ez dago planetarium bat baino leku aproposagorik? Bestetik, pauso bat harago leloa erabili du Kontseiluak eta orain ere horri erreferentzia egin dio. Izan ere, Kontseiluaren ustez euskararen normalizazioan urte hauetan guztietan lan handia egin da. Hala ere, beste urrats bat egiteko beharra badago; pauso bat harago egiteko beharra, hain zuzen ere.  

Jardunaldietara euskalgintzan lanean ari diren lagunak gonbidatu nahi ditu bereziki Kontseiluak. Izena emateko bi bide egongo dira: Kontseiluaren web gunea: www.kontseilua.org eta telefono zenbaki hau: +34 943591200. Izena emateko epea azaroaren 19ra bitarte egongo da zabalik.   Bestalde, teknologia berriei esker, nahi duenak zuzenean jarraitzeko aukera ere izango du. Honi buruzko azalpenak datozen egunotan emango ditu Kontseiluak.

Jardunaldien irudia

Irudia | Jardunaldien irudia | kontseilua | Creative Commons By SA

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.