Ttipi-Ttapatik, Xabier Silveirari erantzuna etorri zaio

(Hemen argitaratzearen arrazoia, eta ez Lukas Mateok Silveirari buruz idatzitakoaren iruzkinetan, arrazoi batengatik da, uste baitugu urrun xamar dagoela albiste hura azalean,  eta, gure ustez, gaiak merezi du ageri xamarrean.

Azken finean, Ttipi-ttaparen auzia ezeze, euskarazko argitaralpen eta hedabide askoren gaia da honakoa. Lehenago ere, Silveirarekin zerikusirik ez badu ere, hauts handiak harrotu zituen Zuzeun, Imanol Epelderen sarrera batek, HITZAri buruzkoa, ordukoan).

MTY4Ng==

Guztiaren eta denen beharra dugu ttipi-ttapan, bai noski!

Ba bai… Batzuk diruaren beharra dugu bizirauteko (ez aberasteko). Halakoxe mixerableak gara. Ezkontza gehigarrien beharra dugu, moda gehigarriena, kirol, besta, feria eta eguberrietako gehigarriena, eskualdeko Telefono Gidarena. Iruñeko jauntxoek banatutako diru apurren beharra genuen Ttipi-ttapa telebistan hameka urtez ahalik eta lan txukunena egiteko. Jakina, langile gehienek bezala, merezi baino soldata ttikiagoren eta lan-ordu gehiagoren truke. Nahi baino errepikapen gehiago eman behar izaten genituen, baliabideek ez zutelako gehiagorako ematen.

Baina baten batek soluzio magikoa topatu du: telebista duinago baten alde borrokatu beharrean, edo hori soberaxko eskatzea bada, telebista katez aldatu edo itzali beharrean (aspergarria behar du izan publizitatea bertzerik ez duen kate batean hogei errepikapen ikusten egotea), Jauntxoei eskerrak eman Ttipi-Ttapa Telebista dirulaguntza ukatuz itxiarazi zutelako eta langileak, esplotaziotik askatuz, langabezira bidali zituztelako. Zein euskara aholkulari bikaina galdu duen Sanz jaunak! Eta aldizkariaz ere zer erran. 30 urte dituen aldizkarian agertzen diren berriak ez omen dira publizitatearen apaingarri bertzerik. Eta berriemaileak? Beharrik bakarren batek begiak ireki dizkien! Borondatetsuak bai, baina tonto hutsak! Hamabostero berriak bilatzen jauntxo bat aberasteko eta albisteak publizitate azpian, hor nonbait, ezin bilatuz ibiltzeko erabiliak. Horien beharra ere badugu. Baita hamabortzero publizitatea sartzea erabakitzen duten denda, ostatu, jatetxe, autonomo eta gainerakoena ere. Horien propaganda behar dugu, ez bakarren batek bertze tokitan (debalde?) egiten digunarena.

Izan ere, beharrik debalde den ttipi-ttapa, bertzenaz de qué? Bortzirietan eta bertze zenbait herritan debalde hartzearen arrazoia Mankomunitate eta Herriko Etxeeen dirulaguntza da eta horien beharra ere badugu. Baina udalek osorik ordaintzen ez duten herrietako harpidedunak edo eskualdetik kanpokoak, gezurra badirudi ere, urteko saria ordaintzeko prest daude publizitatea bertzerik ez duen aldizkaria etxean hartzeko. 6.000 harpidedun ergel. Eta horien beharra ere badugu. Inori ez baitzaio ttipi-ttapa harrarazten. Izen-abizenak, helbidea eta telefonoa emanez (ordaindu behar dutenek bankuko datuak ere) deitu edo idatzi behar da eta eskatu. Hainbertze publizitaterekin aspertu eta hartu nahi ez duenak erraza du, baja eman eta kitto! Baina denen beharra dugu, bizirauteko eta, gure apaltasunean eta ttikitasunean, ahalik eta aldizkari txukunena eskaintzeko. Eta iruditzen zaigu euskarari mesede egiten diola ttipi-ttapak ere. Ezinbertzekoa ez da inor, baina  hainbat etxetan hamabortzero sartzen den euskarazko idatzi bakarra ttipi-ttapa da. Eta horri eutsi nahi diogu, euskararen alde, bai noski, euskararen alde.

Aitor Arotzena

Ttipi-ttapa hamabostekariko zuzendaria eta telebistako langile ohia 

Irudia | Joan-etorriko bidaian | Deskclado | Creative Commons By SA

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Ttipi-Ttapatik, Xabier Silveirari erantzuna etorri zaio”-ri buruz

  • Erantzun dotore eta duina. Merezi zuen baino dotore eta duinagoa.

  • Perileku, zure idatzitik kendu egin ditugu isekak. ZuZeun ez dira eta irainak onartzen. Areago iruzkina benetako izen abizenez ez datorrenean.