Hamaika bildu dira

5.000 pertsona bildu dira Iruñeko karriketan “Nafarroatik Euskal Herrira, hamaika bil gaitezen” lelopean.  Abertzaleen batasuna helburu, 17:30ak pasa direlarik atera dira manifestariak Golem zinemetatik. Lasai eta erritmo onean egin da independentziaren aldeko martxa eta Gaztelu enparantzan burutu  da hondarreko komunikatuaren irakurketarekin. “Hamaika bil gaitezen” herri ekimeneko bozeramaile Joxe Manuel Alemanek argi utzi zuen Berriari eskeinitako elkarrizketan haien helburua alderdien batasun politikoa eskatzea dela. “Batasunerako deia egiten dugu, abertzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren dinamika hori indartzeko. Baina hori bereziki alderdiek egin behar dute”. Garak azaltzen duenez, herri ekimen honek nafar jendartea piztea baizik ez duela helburu independentziaren aldeko indarrak batze aldera.

MTY2NA==

Haizeak ikurrinak eta Nafarroako kateak astintzen zituelarik, independentziaren aldeko oihuek Baionako etorbidea zeharkatu dute, Gaztelu enparantzara heldu direlarik. Bertan egindako irakurketan abertzale eta progresisten indarrak batzera deitu dute, independentzia erdiesteko helburuarekin. Herri ekimenaren aburuz, batasun horri esker irekitzen ahalko dira “askatasunaren ateak”. “Euskal Herria biziko bada, euskara herritar guztion hizkuntza izango bada, erabakitzeko eskubidea onartuko bazaigu, sektore abertzale ezberdinetako herritarrok eginen dugun lan komunagatik izango da. Auzolanean eraiki dezagun etorkizuna”. Irrintzi batek eta eusko gudariak kantuak eman diote amaiera manifestazioari.

 

Aldarri eguna

Iruñean manifestazio eguna izan da gaur. “Hamaika bil gaitezen” herri ekimenak deitutakoaz gain, CCOO eta UGT erretiro adina atzeratzearen aurka atera dira karrikara. Bestalde, Derecho a Vivir, Hazte Oir, Plataforma la Vida Importa eta Médicos por la Vida taldeek deiturik ehundaka pertsona bildu dira Sarasate pasealekuan abortoaren legea errefusatzeko. Azkeneko honek manifestazio abertzalearekin egin du topo eta aldarriak trukatu dituzte haien artean. Batzuek “bizitzarako eskubidea!” oihukatzen zutelarik besteek “Opus Dei kanpora!” eta “Independentzia!” oihuekin erantzun diete. Sarasaten bildutako lagunak Espainiako poliziak eskoltatu ditu bigarren manifestazioa paretik igaro denean. Dena-dela, ez da tentsio unerik bizi eta “Hamaika bil gaitezen” manifestazioa Gaztelu enparantzara iritsi da 18:45ak aldera.

Irudia | Hamaika bil gaitezen | Nafarroan | Creative Commons By SA

BARDO GORRI NAFARRA