Hemeretzigarren jardunaldiko apunteak

1) Irabazi beharrekoa. Irabazi beharreko partida irabazi zuen Osasunak. Azkenaren aurka, kanpoan jokatu arren, irabazi egin behar baita. Arazorik pasatu nahi ez bada behintzat. Xerez talde ahula da, Osasuna baino ahulagoa behintzat. 38 jardunaldiko liga batean, hobeak eta txarragoak zein diren markatu beharra dago. Behin markatuta, txarragoei derrigor irabazi beharra dago, hobeen aurka zailagoa baita. Camachoren mutilek euren helburua lortu zuten. Gorritxoek egindako jokua? Hori beste kontu bat da.

2) Maila bereko bi talde. Deportivo eta Athletic antzeko taldeak dira sailkapenak erakusten duenez. Partida berdindua espero zen, eta futbolean beste aldagarri batzuek ere garrantzia dutela ikusi genuen A Coruñan. Lehen zati serioa egin zuten zuri-gorriek (lehen zatian ez du golik jasotzen). Bigarren zatian hiru jaso zituen eta bakarra egin zuen. Ez zuen partida txarra jokatu ordea. Kalitatea bezain aldagarri garrantzitsua da zortea. Eta Athletic falta izan zuena izan zuen Deportivok.

3) Lehen buelta galdu gabe. Bartzelonak sei titulu irabazi dituela behin eta berriz azpimarratu den arren, ez du meritu txikiagoa lehen itzuli oso bat partidarik galdu gabe amaitzeak. Bartzelona, jokoan izan ditzakeen gora-behera gora-behera, talde erregularra da. Kopatik kanporatuta geratu ostean gainera, partida gutxiago ditu eta onenekin ari da. Real Madrilek 5 puntu jan behar dizkio liga irabazteko eta Madrilek irabazteko Bartzelonak galdu behar ditu lehenik.

4) Igotzen direnak. Bigarren mailatik lehenera igotzea oso zaila da. Baina ez ote da zailagoa lehen mailan mantentzea? Iaz igo ziren hiru taldeak daude jaisteko postuetan. Koska handia dago, kalitatean ez ezik jokatzeko moduan Bigarren Mailatik Lehenera. Reala igotzen bada, kontuan hartu beharko luke hori.

5) Kirol prentsa eta Cristiano Ronaldo. Astelehena izaki, kirol prentsa irakurtzeko eguna da gaurkoa. Estatistikak begiratzen hasi baino lehen, Madrilgo kirol prentsak Cristiano Ronaldoren jarreraz esango duena irakurtzeko desiratzen nago. Ronaldok bezala beste norbaitek hautsi izan balio sudurra Malagako jokalariari… beste zakur batzuk egingo lukete zaunka.

Osasuna Xerezen aurka

Irudia | Osasuna Xerezen aurka | Ezezaguna | LGPL