1512-2012, oroimen historikoaren liburua salgai

10 euroren truke, irakurri ahal izan dut Konkistak, 500 urte deritzon liburu eder eta mamitsua. Maketazio ezinhobea lortu dute Beramendik, Zilbetik eta Buñuelek. Oso itxura polita du, zinez. Euskaraz eta gaztelaniaz dago idatzita, erabat berdinak diren parteak dituelarik. Hagitz atsegin izan ditut alboetan dauden pasarteak, Nafarroa Osoaren historiarako inportanteak direnak. Bat aipatzearren, hona hemen espainiarrek idatzitakoa urte haietan behin nafar euskaldunak garaitutakoan:

“Iruindar asko hil egin zituzten, ihesari ematen zioten bitartean eta euren ondasun guztiak konfiskatu eta beamondarren artean banatu ziren, gobernatzaileen oniritziarekin”
Armada espainiarrak Noaingo batailaren ondoren Iruñean sartu zenean egin zuenaren berri ematen duen txostenean agertutakoa

Hitzaurrea Pedro Esarte Muniain elizondotarrarena da eta pasarte batean honako hau diosku.

Mendeetan barna salatu izan da 1512tik aurrera Nafarroan gertatutakoa konkista eta menperatze prozesua izan zela, eta azken garaiotan ezagutu eta ezagutarazi izan diren datu berriek asmo hori indartu egin dute. Hartara, gertatutakoa ospatzeko abian jarri den batzorde ofizialak berak ere “konkista” hitza erabili du ezinbestez.

Historikoak diren hainbat datu aurkituko ditu irakurleak 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenak eginiko liburu apart honetan. Paper ona eta 92 orrialde hizkuntza bakoitzean herritarroi eskolan kontatu ez diguten historia berreskuratzeko. Garaibay arrasatearrak, García de Cortazar sasi-historialari espainiarrak, espainiar nazionalistek, foruzale, karlista eta abertzale askok ahaztu duten historia berriz ere bueltatzen da herritar askoren bihotzetan geratzeko, Arturo Campion, Iturralde, Miguel de Orreaga, Anakleto Ortueta eta hainbat nafar intelektualen baitan egon zen bezalaxe.

Nafarroako konkistaren oroimenezko liburua

Irudia | Nafarroako konkistaren oroimenezko liburua | 1512-2012 batzordea | Creative Commons By SA

Berriemaile eta irakasle-ikaslea. Laikoa, aurrerakoia, nafarra... Osasuna dut futbol talde nahiena.