Madrilen ere Egunkaria Libre nahi dugu!

Gai horri buruzko alderdi asko jorratu ziren, oso interesgarriak denak, baina nik bi gauza azpimarratu nahi ditut: Euskaldun guztiontzat irakurtzea “erosoa” izango zen egunkari bat egitea zela Martxeloren “obsesioa” eta Egunkariako auzipetuei Madrilen erakutsitako “maitasuna”.

Gehiengoak ez dakien gutxi gehitu daiteke lehenengo puntuari buruz. Ekitaldian parte hartu zutenek ondo laburtu ziguten han bildutako berrogehi bat lagunei zer gertatu den azken zazpi urte hauetan.

Denok dakigu Egunkaria ixteko arrazoirik ez zegoela. Baina erabaki hori lazgarriagoa iruditu zitzaidan Martxelok egunkariaren filosofia azaldu zuenean: plurala, modernoa, aurrerakoia, nazionala (ez nazionalista) eta profesionala (zehatza baina militantea), besteak beste. Eta ezintasunaz negar egin nuen “euskaraz irakurtzeko ahalegina egiten zuten guztientzat erosoa izango zen egunkari bat egitea” zela bere “obsesioa” argitu zuenean.

Ironia askorekin, eta han bildutakoen irrien arten, azaldu zuen Martxelok egun haietan bizitakoa. “Operazio polizial bat dagoenean, guardia zibilek etxeetatik kaxa pila ateratzen dituztenean, ez pentsa beti lehergailuak daramatzatenik”, argitu zuen. Bere etxetik “ezker abertzaleko militante ezaguna” den Pilar Urbanoren liburu bat edo Tolosako babarrunaren elkarteak emandako medailoi bat eraman zituzten, adibidez. “Itzuli ez didaten gauza bakarra Ayrton Sennaren autografoa da”, salatu zuen.

Solasaldia bukatu zenean, Madrilgo Egunkariaren aldeko plataformak larunbat honetan Solen ospatu behar zen manifestazioa debekatu zutela salatu zuen. Argi geratu zen, berriro, Madrilen ere Egunkaria Libre nahi dugula.

Irudia | | Eneko / 20minutos.es | Creative Commons By SA

Donostiarra. Mundua aldatzeko asmoarekin egin nintzela kazetari esaten dudanen, barre egiten dute. Berdin dit.

Zer duzu buruan “Madrilen ere Egunkaria Libre nahi dugu!”-ri buruz