Tokiko hedabideek TOKIKOM aurkeztu dute

TOPAGUNEAn federatutako tokiko hedabideek TOKIKOM aurkeztu dute, tokiko hedabideen marka bateratua. TOKIKOMek tokiko hedabideen sektoreak duen indarra azpimarratzea eta barne kohesioa areagotzea du helburu nagusitzat.

OTIx

Arduraduek azaldu dutenez, “dauden leku guztietan, tokiko aldizkariak liderrak dira hedabideen alorrean. Baina hala ere, txikiak direlako pertzeptzioa gailendu egiten da gehienetan. Tokikotasuna tamaina txikiarekin lotzen da sarritan, batez ere, iragarle handien eta bestelako eragile publiko eta pribatuen aldetik, eta ez dugun irismen handiarekin, edo irakurleen atxikimenduarekin”. Hori ekiditeko, TOKIKOM sortzea erabaki dute, tokiko aldizkarien talde izaera azpimarratzera datorren marka bateratua.

Baina TOKIKOM ez da asmo deklarazio hutsa, eta bere lehen fruitua Durangoko Azokan aurkeztutako www.tokikom.com tokiko aldizkarien agregatzailea da. Webgune berriak TOKIKOMeko aldizkarien edizio digitaletako titularrak jaso eta batera aurkezten ditu automatikoki, Euskal Herriko tokiko errealitatearen orainkari moduko bat eratuz. Titular batean klik eginez gero, jatorrizko webgunera eramango gaitu, informazio osoa lehen eskutik jaso dezagun. Horrez gain, eskualdekako aukeraketa ere egin dezakegu, leku jakin bateko albisteak irakurri edo bertako aldizkaria zein den jakin nahi izanez gero. Webgunea aldizkarien eskaparatea ere bada nolabait, eta bertan aurki daiteke hala TOKIKOMen beraren nola aldizkari bakoitzaren inguruko informazio zehatza, kontaktatzeko modua eta abar. Agregatzailea sortzeko lan teknikoa CodeSyntaxek egin du, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz finantzatu da.

Irudia | Tokiko hedabideen eta Topagunearen ordezkariak, TOKIKOM aurkezten | TOPAGUNEA | Creative Commons By SA