Nikaragua, Kuba, El Salvador, Palestina, Irak, Chiapas, Sahara, Bolivia, Kolonbia, Seattle, Praga, Kurdistan, Genova, Euskal Herria… Hamaika borroka, borroka bakarra, Gora herriak!!

Bilboko KI30! prentsaurrekoa
Bilboko KI30! prentsaurrekoa

Orain dela 30 urte, Iraultza Sandinistak piztu zuen itxaropenaren babesean, Euskal Herrian herrialde ezberdinetan zebiltzan tokian tokiko taldeak bildu ziren, Komite Internazionalistak erakundea sortzeko.

Ordutik, herri honen ehunka lagun kolektibo honen partea izan dira eta, besteak beste, askatasuna lortzeko nikaraguar miliziekin batera borrokatu dute, Kubaren aurkako blokeo kriminala salatu dute, euren bizitzaz estatuaren paramilitarismoak mehatxatutako kolonbiar militanteen bizitza babestu dute, lurreko kolorearen emakume eta gizonekin berba egin dute komunitate zapatistetan, mendebaldeko demokraziaren bonba hiltzaileak konpartitu dituzte Irakeko herriarekin, Gazan sionismoak zerupean eraikitako kartzelan atxilotuak izan dira, baita Pragako kartzeletan politika ekonomiko hiltzailearen bitartez mundua zuzendu nahi dutenak salatzeagatik, Venezuelako herriarekin XXI. mendeko sozialismoari buruz hausnarketa egin dute, edo euskal preso politikoen giza eskubideen urraketa sistematikoa protestatzeko barau egin dute gosezko grebetan…Inperialismo zaharra zein berriari aurre egin dioten lagunekin ametsak, pozak eta tristurak konpartitzen gure izaera eraiki dugu, hau da, edonon eta edonori egindako bidegabekeria gureak bezala sentitzen ditugun pertsonak gara. Horrexegatik, elkarrekin bizi dugun guztia ospatzeaz gain, beharrezkoa den eraldaketa politiko eta sozialarekin gure konpromisoa berriztatzen dugu gaur; eraldaketa behetik gora eraikita, sistema neoliberalak zapaltzen dituen lagunekin egindakoa.

Datozen 30 urteetan prozesu zaharrak zein berriak, aspaldiko eta eraberritutako borrokak izango dira gure ibilbideak, gure herri eta hirietako kaleetatik edo erresistentzia antolatzen den oihaneko bide lokaztu batetik, beti ere gure alboan bidaiatzen dutenekin sareak eraikitzen. Jakin badakigu nor garen: erakunde txikia, herrialde txiki batean. Gainera, internazionalismoa feminismo, antimilitarismo edo eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokarekin betidanik parekatu dugu. Berez, ekimen kolektibo sareak sustatzea eta lan egitea gure nortasunaren berezitasun garrantzitsuenetarikoa izan da. Beti lagunduta sentitu gara, horregatik, gertu izan diren guztiei ere, 30 urte borroka ospatzera gonbidatu nahi diegu.

Gertakari asko pasatu dira munduan azken 30 urte hauetan eta horrenbeste pasatuko dira hurrengo 30 urtetan; horietako batzuk bihotzean daramatzagu jada, horren alde borrokatzea baino ez zaigu falta.

Iragana buruan, geroa eskuan

Komite Internazionalistak

Elkartasun politikorako euskal erakunde internazionalista