Zenbat da jende asko eta asko?

cc-by-sa: hec. Zuk ba al dakizu zenbat den asko?
cc-by-sa: hec. Zuk ba al dakizu zenbat den asko?

Bada dioenik gaur bide berri baten hasiera jarri dela abertzaleen artean: batu eta elkarrekin joan beharra hurrengo hauteskudeetan.

Bistan da hori errazagoa dela esaten egiten baino, baina esanguratsua behintzat izan da Egibar eta Ortuzar jeltzaleak manifestazioan ikustea, gainerako aukera abertzaleetakoekin. Berria da hori, denekin ezkondu zalea izan arren, EAJ ez baita berak kontrolatzen ez dituen mugimenduetan egon zalea. Ez Nazio Eztabaidagune eta ez bestelakorik, berak gobernatuko ez duenik. Eta gaur hantxe izan dira, besteekin batera. Bai, berria da hori.

LAB eta ELA ere elkartu egin dira aspaldiko partez, Aralar eta Batasunako jendea orpoz orpo joan da Donostiako kaleetan, elkarren artean mokoka ibili gabe, EAkoak ere hortxe zeuden… Inork ez du ozenki esan baina elkartu beharraren aldarria nabaritzen zen. Elkartu, bai, baina nola? Hortxe dute luzimendurako aukera gure politikariek. Hobe dute bai gaurdanik hastea.

Bestalde, jende asko iruditu zaigu geuri. Euskaldunon Egunkariaren manifestazioan bezalatsu edo gehiago. Manifestazio burua Urumea ibaira iritsita zegoen eta isatsa orduantxe irteten Antiguako tuneletik. Ez gara ausartzen esatera zenbat jende den hori. Ausartzen al zara zeu? Zenbat jende izan da zure ustez manifestapenean?

Informazio gehiago: Berria, EITB. com,

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Zenbat da jende asko eta asko?”-ri buruz

  • Ausartuko naiz. Burua Boulevardera iritsi denean atzealdea oraindik La Perlan zegoela dio Berriak (edo agian Garak, ez dakit). Beno, Google Earthekin neurketa bat eginda 1,8 kilometro dira hori. Eta zabaleran ba aldakorra da: Urumeako pasealekuan 8 metro, Buen Pastorrean 10 bai eta Boulevardean ez dakit, 15 bat. Demagun 12 metro direla.

    1.800 x 12 = 21.600 metro.

    Demagun 2 pertsona zeudela metro karratuko, nahiz eta gehiago zirela uste dudan, batez ere Bouldevardean eta bihurguneetan.

    21.600 x 2 = 43.200 pertsona.

    Izan daiteke, agian gehiago, agian gutxiago. Baina nire ustez 40.000-50.000 tartean egongo da zifra.

  • Lukas Mateo 2009-10-18 10:35

    Beste neurri seguru bat dakigu geuk: Burua Urumea ibaira iritsitakoan ari zen isatsa irteten Antiguako tuneletik. Horiek ere 1’7km ematen digute Google Earthen. Aldagai hori segurua da. Beste biak zehaztu behar: bidearen zabaleraren bataz bestekoa eta metroko zenbat jende. Ez dirudi gaizki dagoenik zure kontaketak, baina manifestazioan bertan egonda, zifra txikia egiten da 45.000 lagunekoa. Halako bi ere baginela zirudien eta!