Joan Sebastian Elkanoren Itsasontzia berriz bidaiari

Elkanoren untziaren erreplika - Nao Victoria
Elkanoren untziaren erreplika - Nao Victoria

Getariar batek eman zion lehen aldiz munduari bira. 1519.urteko abuztuaren 10ean Sevillatik atera zen, Fernando de Magallanesek zuzendutako, bost barkuko espedizio bat. Hauek espezien irletara zihoazen, baina Filipinetako indigenekin izandako borroka batean, hil egin zen kapitaina. Magallanes gabe tripulazioak ez zuen zuzendaririk, eta Elkano getariarrak hartu behar izan zuen taldearen batuta. Ozeano Pazifikotik nola itzuli ez zekitela-eta, Afrika inguratuz portugaldarren uretatik joatea erabaki zuten. 1522.urteko irailaren 6an iritsi zen San Lucar de Barramedara, ordurarte pentsaezina zena lortuaz: Munduari bira ematea hain zuzen.

Zenbat istorio bizi izan ote zituzten halako bidaia luzean? Nola bidaiatzen zuten galeoietan? Nortzuk bidaiatu zuten Elkanorekin? Hamaika galdera sortzen dira… pelikula bat filmatzeko ere emango zuten erantzunak ezkutatzen dituzten galderak.

Bada abuztuaren 7an Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzea berpiztuko dute Getarian. Hau ez da berria, lau urtero egin ohi da, baina aurtengoa bi urtez aurreratu dute, herriak 800.urteurrena betetzen duelako. Udalak bazekien 2009.urtea, urte berezia izango zela, eta horretxegatik, Sevillako Nao elkartearekin kontaktuan jarri ziren Nao Victoria erreplika portura ekartzeko. “Helburu bakarra ez da Elkano eta itsas-gizonak omentzea, Euskal Herriari erakutsi nahi diogu gizon honek egin zuen guztia”, adierazi zuen ekitaldiaren aurkezpenean Andoni Aristi Getariako alkateak. Abuztuaren 6an iritsiko da barkua Getariara eta 9ra arte geratuko da portuan; ondoren, Hondarribira, Mutrikura, Lekeitiora, Bermeora, Santurtzira eta azkenik Bilbora joango da. Bere egonaldiarekin bat erakusketa bat izango da lekuan-lekuan eta honen bitartez bidaiaren nondik norakoak ezagutaraziko dituzte.

Alkatearen esanetan, beti bezala hiru zatitan banatuko da lehorreratze ekitaldia. Lehenik, Itsasontzia portura iritsiko da eta Elkano elizara igoko da bere itsas-gizonekin amabirjinari eskerrak ematera. Ondoren, bertatik bost kontinenteak ordezkatzen dituzten neskekin erregearengana joango da bere eskerra jasotzera. Azkenik, honek Primus circumdedisti (lehena zara niri bira egiten) hitzak esango dizkio esker honez, egin duenaz kontura dadin.

Itsas-gizonei omenaldia

Getariako plazan, itsas-gizon guztien izenak agertzen diren plaka bat dago. Honen egoera txarra ikusita, Udalak berritze prozesua egingo duela iragarri du, eta desenbarko egunerako prest eduki nahi dute. Horrela, bertan agertzen diren gizonen herriekin kontaktatu, eta elkarlana sendotu nahi da. Horretarako Abuztuaren 7an leku askotako alkateak joango dira lehorreratze ekitaldira, haien herritarrek zer nolako balentria egin zuten gogoratu eta omentzera.

Ekaitza bainuontzi batean