Eklipseek zientzia estaltzen dutenean

Eguzki eklipsearen ibilbidearen animazioa, NASAk egina.
Eguzki eklipsearen ibilbidearen animazioa, NASAk egina

Lehenengo eklipsearen inguruan informatu beharrean Txinara bisitan joandako zientzia-turista baten inguruan hitz egin digute, bere hotelean A gripea agertu baita eta ezin izan baitu eklipsea ikusi. Beste artikulu bat eskaini ahal zaio A gripearen inguruan sortzen ari diren paranoiari, hau ere larria baita. Errealitatea da ETBrentzat garrantzitsuagoa dela A gripea ez duen batek eklipsea galdu izana eklipsea bera baino.

Bigarren informazioak berriro esan du beste komunikabide askotan ikusitakoa: horrelako gertakaririk ez dela egongo mende osoan. Hortik hasiko gara. Uztailaren 22ko eklipsea ez da mendeko bakarra izango. Are eta gehiago, hurrengo urtean beste eklipse oso bat izango da, 2010eko uztailaren 11an hain zuzen ere, Ozeano Barearen gainean. 2012ko azaroaren 13an ere beste gertakizun bat egongo da, baita 2013ko azaroaren 3an, 2014ko apirilaren 29an… hau da, urtero eklipse oso bat gertatzen da, gutxi gora behera. Baina eklipse partzialak eta anularrak kontuan hartzen baditugu urtero bat baino gehiago izaten da mundu osoan zehar. Ingelerazko Wikipedian zerrenda txukun bat dago guztiekin: http://en.wikipedia.org/wiki/List_of_solar_eclipses_in_the_21st_century.

Agian esan nahi dutena da ez dela horrelako eklipse luzerik egongo 2132. urterarte, eta hori egia da. Baina ez dute hori esan. Hala ere hurrengo eguzki-eklipseak 5 minutu eta 20 segundu iraungo ditu, hau da, oraingoak baino minutu bat gutxiago. Baliteke ikuspuntu zientifiko batetik interesgarria izatea beste minutu bat gehitzea, baina ikusle normalarentzat gora-behera hauek ez dute eklipse hau bereziki garrantzitsu egiten.

Hirugarren akats erraldoia denetan handiena da: eklipse hau izan da historia osoko eklipserik luzeena. Eta pozik geratu dira hori esan ostean. Pentsa daiteke Historia ez dutela hartu zentzu literalean, baizik eta erregistro astronomikoa dagoenetik esan nahi zutela. Zein izan da eklipserik luzeena, baina? Eklipserik luzeenak 7 minutu eta 31 segundu iraun ditzake, teorian behintzat. Oraingoak 6 minutu eta 39 segundu iraun ditu, hau da, nahiko luzea izan da. Agian irakurleren batek ondo gogoratzen du 1955ko ekainaren 20a. Egun horretan eklipse oso batek 7 minutu eta 8 segundu iraun zituen, hau da, oraingoa baino askoz luzeagoa izan zen. 54 urte igaro dira, baliteke EiTBko inork ez gogoratzea, baina hortik gezurra esatera berri bat betetzearren distantzia handia dago.

2008ko abuztuaren 1eko eklipsea.
2008ko abuztuaren 1eko eklipsea.

Minutu eta erdian bi hanka-sartze eta alarma soziala sortzeko berri bat egin dituzte EiTBn. Kazetaritza copypastean oinarritzen den bitartean horrelakoak ikusten jarraituko dugu, tamalez.

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...