Gotzainen adierazpena gerran fusilatutako abadeei buruz

Euskal apaizak, Carmonako kartzelan, Julian Besteiro tartean dela
Euskal apaizak, Carmonako kartzelan, Julian Besteiro tartean dela

XX. mendean Espainian izandako 498 martiriren beatifikazioa egin zen, 2007ko urriaren 28an,  Erroman. Haietako batzuk jatorriz gure elizbarrutietan sortuak ziren. Egokiera hartaz baliaturik –baita lehenago eta geroztik ere–, gogorarazi izan digute, 1936. eta 1937.urteetan hamalau apaiz –hauek ere gure elizbarrutietakoak– hil zituztela gerra irabazi zutenek. Apaiz haiei ez zitzaien egin zegokien hileta-elizkizunik, eta kasu gehienetan ez zen haien heriotza erregistratu ere Elizbarrutiko Aldizkari Nagusian. Bilbo, Donostia eta Gasteizko Gotzainok arretaz entzun dugu zuzendu diguten eskaria, onartu ditugu arrazoiak eta bidezkotzat jo dugu egiteke dagoen eginkizun hau betetzea.

Guk, geure elizbarrutietako kristau-elkarteekin batera, “oroimenaren garbiketaren”  ekintza burutu nahi dugu. Joan Paulo II.ak gure garairako emandako argibideei jarraituz egin nahi dugu hori, hau da, “etorkizunerako bidean geure urratsak” sendotuz, “geure burua apalago eginez eta Ebanjelioarekiko geure atxikipenean arreta handiagoa jarriz” .

Gertaerak

Zazpi hamarkada baino gehiago joan dira Gerra Zibilak ekarritako bizikidetzaren haustura tragiko hartatik. Eragin mingarriak izan zituen gertaera hark, artean bakarra zen Gasteizko elizbarrutian. Mateo Mujika jauna –gaur, haren oroipena ohoratuz, Jaunaren aurrean gogoan duguna– zen garai hartan elizbarruti honetako Gotzaina. Oso nahasia zelako, lana eta nekea erruz ekarri zion egoera zail batean egokitu zitzaion Gasteizko elizbarrutia gotzain bezala zerbitzatzea, hildako, desagertu, espetxeratu eta deserriratu asko eta asko eragin baitzuen gatazka hark. Eliz elkartea bera ez zen sufrimendutik libratu, ezta urrik eman ere: laiko, erlijioso-erlijiosa eta apaiz ugari hil zuten; beste askok zigorrak eta konponbiderik gabeko galerak jasan zituzten. Hirurogeita hamar apaiz eta erlijioso baino gehiago hil zituzten Gasteizko elizbarrutian, alde baten zein bestearen kontrolpean zeuden lurraldeetan.

Ehunka lagun exekutatu zuten, gorrotoaren eta mendekuen biktima. Denen oroipena eginez, adierazpen honek hau du helburu: garaileek hilak eta isilpera baztertuak izan ziren apaiz haiek bereziki gogora ekartzea. Honako hauek dira zehazki : Martin Lekuona Etxabeguren, Gerbasio Albizu Bidaur, Jose Adarraga Larburu, Jose Ariztimuño Olaso, Jose Sagarna Uriarte, Alejandro Mendikute Lizeaga, Jose Otano Migelez C.M.F., Jose Joakin Arin Oiartzabal, Leonardo Guridi Arrazola, Jose Markiegi Olazabal, Jose Ignazio Peñagarikano Solozabal, Zelestino Onaindia Zuloaga, Jose Iturrikastillo Aranzabal eta Roman de San Jose Urtiaga Elezburu O.C.D.

Hauek ez zuten izan hileta-ospakizun jendaurrekorik. Elizbarrutiko Aldizkari Nagusian eta hildako apaizen erregistroan lehenengo bien izenak bakarrik datoz, eta biak Mateo Mujika gotzain jaunak Elizbarrutitik derrigorrez alde egin aurretik hildakoak ziren. Dagozkien parrokietako liburuetan ere ez dago hauen heriotzaren arrastorik.

Kontuan izatekoak

Aipatutako gertaerek zer pentsatua ematen digute geuri eta gure elizbarrutietako elkarteei.

Egia zerbitzatu nahi dugu, hori baita justizia, bakea eta adiskidetzea eraikitzeko oinarri funtsezkoetako bat. Ez ditugu zauriak berriro ireki nahi; alderantziz, zauriak sendatzen edo leuntzen lagundu nahi dugu. Ahaztuak edo baztertuak izan direnei duintasuna aitortzen eta beren etxeko eta sendikoen mina arintzen lagundu nahi dugu.

Barkamena eskatzera eta barkamena eskaintzera dei egin nahi dugu. Ez da inola ere gure asmoa geure burua besteen epaile jartzekoa; alderantziz, iraganeko nahiz oraingo geure mugak aitortu nahi ditugu Jainkoaren aurrean. “Kristoren Gorputz mistikoan batzuk eta besteok batzen gaituen loturagatik badakigu, geure aurrekoen hutsegite eta erruen zama daramagula, nahiz eta erantzukizun pertsonalik izan ez eta Jainkoaren epaia saihestu ez, bera baita bihotzak ezagutzen dituen bakarra” . Barkamena eskatzean, Elizak, lehenik eta behin, biziaren eta bakearen iturri den Jainkoari zuzentzen dio bere eskaria. Berari eskatzen diogu “geure arteko desadostasun politikoak eta sozialak konpontzeko bide bezala indarkeria eta heriotza erabiltzeari beti uko egiten jakiteko beharrezko dugun argia eta indarra” . Berak barka ditzala gure hobenak eta erakuts diezagula geure hobendunei barkatzen.

Ekintzak

Oroimenaren garbiketa  honen ageriko adierazpen bezala, honako ekimen hauek burutzea erabaki dugu:

1.    Hileta-elizkizun bateratua ospatzea, haiek beren garaian izan ez zuten aipamen eta aitormen berezia eginez. Uztailaren 11ko larunbatean egingo dugu ospakizuna, gu geu Gotzain guztiok buru garela, Gasteizko Katedral Berrian, eguerdiko hamabietan. Jainkoaren herri osoa dago ospakizun honetara gonbidatua eta, bereziki, gure elizbarrutietako biktimen eta apaiz haien senitartekoak.

2.    Elizbarruti bakoitzeko Aldizkari Nagusian berri hau argitaratzea, baztertuak izan ziren haien bizitzako eta heriotzako datuak jasoz.

3.    Haien izenak Elizbarrutietako hildako apaizen erregistroetan eta dagozkien parroki-liburuetan sartzea.

Oroimena garbituz; egia zerbitzatuz; barkamena eskatuz, eskainiz eta onartuz begiratu nahi diogu iraganari, orainaldi eta etorkizun berriak nola eraiki ikas dezagun.

2009ko ekainaren 30a

*Rikardo Blazquez, Bilboko Gotzaina
*Joan Maria Uriarte, Donostiako Gotzaina
*Migel Asurmendi, Gasteizko Gotzaina
*Mario Iceta, Bilboko Gotzain Laguntzailea

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Gotzainen adierazpena gerran fusilatutako abadeei buruz”-ri buruz