Frantziako berri

cc-by-freeparking (eraldatua)
cc-by-freeparking (eraldatua)

Ukaezina da Europe Ecologieren arrakasta. Indar berri bat, pertsonalitate ezberdinez osatutakoa (Cohn Bendit, Jose Bove, Eva Joly…) geratu da Partidu Sozialistaren altura berean, eta Parisaldean (Ile de France) sozialisten aurretik. Inork gutxik uste zuen halako emaitzarik lortuko zuenik.

Egia da programa irmoenetakoa erakutsi duela aukera honek, hala ekologia kontuetan, nola ekonomikoetan edo herri eta kultura txiken defentsan, Europa berri baten beharra aldarrikatuz. Abertzaleen Batasuna eta EA eurekin zihoazen Iparraldean. Baina buruzagi bakoitza mundu zehatz bati mintzatzen zitzaion eta ez zen uste guztiek bat egingo zutenik bozkatzeko orduan. Bai, ordea.

Bart hitz egin zuten politikari guztiek gorakada honetaz, eta batek baino gehiagok aipatu zuen HOME filma eman izanaren eragina. Le Pen ultraeskuindarrak, esaterako, film honek ikuslearengan planetaren jasangarritasunarekiko beldurra sortu duela aipatzen zuen, eta bozka asko eraman dizkiola Europe Ecologieri.

Baina zer egin ondare honekin guztiarekin? Ez da lehen aldia Cohn Benditek (Dani Gorriak) frantziarrak ondoren daramatzana, gero antolatu ezin eta bide bazterrean uzteko. 1999ko Europako Hauteskundeak, adibide. Zergatik izango da oraingoan desberdin? Ekologistek ez dute alderdi bat osatzen eta zaila dute egituratzen.

Izanak izan, Sarkozyren eskuina atera da irabazle, teorian  faktura ordaindu behar zuen tenorean. Bozken %28 atera du, bere lekuan tinko dagoela erakutsiz. Eta ez da aski  frantziarren %72 kontra dituela esatea, indar guztiek baileukakete kontra hori baino kopuru handiagorik.

Galtzaileak, argiki, Partidu Sozialista eta Bayrouren Modemeko zentristak izan dira. Bai Martine Aubryk, eta bai Bayrou berak, etsipenez onartu zituzten emaitzak bart. Ikasgaia atera behar dela esan zuten biek ala biek.

Baina zein ikasgai? Partidu sozialistatik ezkerreragoko aukerak —troskistak, antikapitalistak, komunistak…—, hamaika zatitxotan ageri dira, nor bere ñabarduran errotuta. Betiko kopuruetan mugitzen dira eta betiko ordezkaritzen parekoak baizik ez dituzte atera. Zaila dirudi horrela Sarkozyri aurre egiteak.

Europe Ecologieren arrakasta eta Partidu Sozialistaren porrota  izan litezke abiapuntu bat Frantziako ezkerra —agian zentristak barne— berrantolatu eta eskuinaren aurkako aukera bat eraikitzen hasteko, baina zaila dirudi. Eta zurtz segitu beharko dute pixkatean, orain ere zurtz diren milioika herritar frantziarrek: ez diote bozka Sarkpozyri eman nahi, baina ez daukate nori emanik.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)