Domekan, sukaldera

 

POTXA GARBIAK

Bertako potxa egokienak, ez dira San Fermin aldera arte etorriko, baina izoztu bikain askoak ere aurki daitezke gaur egunean. Ez dugu markarik eman nahi, baina begira ezazu eta erraz aurkituko.

800 g potxa zuri, aletuak
tomate heldu bat
piper berde bat
tipulin bat, bitan egina
2 koilarakada handi oliba olio birjina estra
Ura
Gatza

Ongi garbitu ondoren, eltze batean ipiniko ditugu potxak. Ur hotzez estaliko ditugu ondoren, bi hatz gainetik. Olio gordina erantsiko dugu ondoren eta haren ondoan gatza, ximiko bat, tipulina bitan egina, piper berde garbia eta hazirik gabea eta tomatea, osoak biak ere. Estali eta su eztian jarriko dugu eltzea.
Garrantzitsua da borborka hasi arteraino gutxienez 25 minutu igaro izatea; halatan, irakinaldia hasi eta ezti-ezti eutsi ahal izango zaio berotasun horri beste 25/35 minutuan.
Azalean eratuko diren aparrak eta lohiak kenduko ditugu aldiro-aldiro bitsadera batez. Garrantzitsua da irakinaldian gorabeherarik ez izatea aleak ezti eta berdin egos daitezen, lehertu eta larrutu egin ez daitezen.
Denbora-tarte horren ondoan, barazkiak (tipulina, piperra eta tomatea) eltzetik atera eta irabiagailuaren ontzian irauliko ditugu, egosariko salda apur batekin. Indar gorenean eragingo diogu irabiagailuari. Iragazki batetik pasatuta erantsiko diogu salda hori dagoeneko egosirik dauzkagun potxei. Su eztian edukiko dugu guztia beste 15 minutuan, itxuraz lodi dadin. Gatza neurtu eta zerbitzatu.

(Errezeta gehiago ere badituzu hemen)

Datorren domekarako zein errezeta nahi duzun esaten badiguzu iruzkinetan, saiatuko gara.

Domekan, sukaldera

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)