Sarako Idazleen Biltzarra eginen da Pazko astelehenez

Harrieta171. Wikimediacommons
Harrieta171. Wikimediacommons

Durangoko argitaletxeen stand mamitxu, jende uholde eta marketing-etik urrun, idazleak protagonista dituen ekitaldi xumea da Sarako Idazleen Biltzarra. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarrekin antolatua, Euskal Herri osoko hainbat idazle eta liburu izanen dira protagonista apirilaren 13an, Sarako kiroldegian.

150 lan aurkeztuko dira Biltzarrean, eta horien artean liburu berririk ez da faltako: Xarles Videgain Euskaltzainak Laminosine- 80 ipuin labur liburu berria aurkeztuko du, eta Xabier Soubeletek Izotzetik izanara eta Bizil eta oldar liburuak.

Euskaltzaindiak leku berezia izanen du aurtengo ekitaldian. Hiru liburu aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak: Zaldubiren Artzain Beltxaren neurtitzak; Txomin Peillenen Bizitzaren Hiztegiaz; eta Jean Louis Davanten Zuberoako Literatura. Antologia laburra. Horrezaz gain, Aurelia Arkotxak Euskaltzaindiako sarrera hitzaldia biltzen duen separata aurkeztuko dute, eta Andres Urrutia; Henri Duhau, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant eta Aurelia Arkotxa mintzatuko dira 11:30etan. Pirinioetako hizkuntzen erakusketa ere ikusgai egonen da.

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.